Etxebizitza Legeak jabeen etekinak «bermatuko» dituela salatu dute

Hegoaldeko Etxebizitza Sindikatuen Sarea sortu dute arlo horretako zenbait sindikatuk eta eragilek. Etxebizitza Legea kritikatu dute

Sarea aurkezteko Gasteizen egindako agerraldia, atzo. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea sortu dute zenbait etxebizitza sindikatuk eta eragilek; hain zuzen, AZETek, Batu Elkarlaguntza Sareak, Saretxek, Harituk, Galdakaoko Elkarlaguntza Sareak eta Auzoan Bizik. Atzo egin zuten sarearen aurkezpena Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan, eta Espainiako Diputatuen Kongresuan onartu berri duten Etxebizitza Legea kritikatu dute. Sareak salatu du Espainiako Gobernua osatzen duten alderdiek —PSOEk eta Unidas Podemosek—, EH Bilduk eta ERC Esquerra Republicanak Kongresuan onartutako lege proiektuak «helburu argia» duela: «Langile klasea pobretzen jarraitzea, klase jabedunaren etekinak bermatuko dituen bitartean».

Adierazi dutenez, Etxebizitza Legea udal eta foru hauteskundeen testuinguruan ulertu behar da, eta nabarmendu dute ez duela etxebizitza eskubidea bermatuko: «Etxebizitzak eskubide bilakatzeko merkantzia izateari utzi beharko lioke, baita jabetza pribatu kapitalista desagertu ere; mahai gainean dagoen erreforma elektoralista xume honetatik urruti, alegia». Aurreikuspenak beteko balira, maiatzaren 28ko hauteskundeak baino lehenago sartuko da indarrean Etxebizitza Legea.

Arau horrek «aldeko ezaugarri batzuk» dituela ere aitortu dute. Legeak aurreikusten du jabeak ordaindu beharko dituela etxe agentzien gastuak alokairuen kasuan, eta ez maizterrak. Horrek «klase desjabetuaren zati baten etxebizitzarako sarbidea» hobetuko lukeela esan dute.

EAJk, beto proposamena

Etxebizitza Legea Kongresuan onartu dute ja, baina Senatuaren onespena behar du indarrean sartzeko. Datorren astean igaroko da lege proiektua goi ganberatik, eta erraz lortu dezake onespena, boto nahikoa eskuratuko lukeelako Kongresuan baietz bozkatu zuten alderdien babesa jasoz gero. Hala ere, EAJk lege proiektuaren beto proposamen bat erregistratu du Senatuan, salatuz autonomia erkidegoen eskumenak «inbaditzen» dituela.

Kongresuan ere osoko zuzenketa aurkeztu zuen lege proiektuaren aurka, eta ez zuen arrakastarik izan, behe ganberaren gehiengoak alde bozkatu baitzuen. Eusko Jaurlaritzak etxebizitzaren arloan duen autonomia «mugatzen» duela uste du EAJk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.