Etxebizitza legea oraindik ez da ezarri, kaleratzeen aurkako taldearen arabera

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan alokairuak garesti daudenez, tentsio handiko eremutzat jotzea proposatu du taldeak Eusko Legebiltzarrean

Etxe bat salgai Donostian, 2018ko irudi batean. JON URBE/ FOKU.
joxerra senar
2021eko urriaren 9a
00:00
Entzun
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 2015etik dago etxebizitza legea indarrean, baina Salvador Gonzalez Kaleratzeak Stop plataformako kideak atzo Eusko Legebiltzarrean salatu zuen sei urteren ondoren ez dagoela hura aplikatzeko borondaterik: «Itxaropena bagenuen lege horretan, baina etsiak jo gaitu. Sei urte dira onartu zela, eta legea ez da aplikatu. Abian jartzea galarazi egiten da».

Berez, lege hori garatuko duten bi dekretu egin dira sei urteotan. Azkena Eusko Jaurlaritzak ekainean onartutako etxe hutsen gaineko dekretua da: bi urtez erabili gabeko etxeei metro koadroko hamar euroko tasa bat jartzea ezartzen du testuak, baina definizio horretatik kanpo geratzen dira bigarren etxebizitzak eta lan zein osasun arrazoiengatik tokiz aldatzera behartutako pertsonen etxeak. Jaurlaritzak udalen esku utzi du bai etxe hutsen zerrenda egitea, bai etxe hutsen gaineko kanon hori biltzea.

Horregatik, Gonzalezen arabera, etxe jabeen interesak «gehiegi» aintzat hartu ditu gobernuak, salbuespen multzo handi bat ezarri duelako eta denbora beharko duelako: «Uste genuen berehala aitortuko zirela etxe huts guztiak, baina beste bi urte itxaron beharko da, eta gero jabeen argudioak entzungo dituzte etxea hutsik dagoela deklaratu arte». Haren irudiko, jabeei «berme asko» ematen zaie, eta udalen esku uzten da tasa hori aplikatu edo ez erabakitzea: «Orduan, zergatik egin dugu lege bat? Udal batek ez ezartzeko eta halere arazorik ez edukitzeko aukera izan dezan?».

Gonzalezen ustez, alokairuak emango dio «irtenbidea» etxebizitzaren arazoari: etxe salerosketen aldeko apustua egin beharrean, horrek izan beharko luke politika publikoen ardatz nagusia. Izan ere, plataformaren irudiko, alokairuak oso garesti daude oraintxe, «batik bat hiriburuetan». Donostian, kasurako, batez besteko errenta 1.200 euro dela kritikatu du: «Ez dago hori jasango duen familiarik».

Horregatik, Gonzalezek exijitu du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa osoa alokairu prezioen tentsio handiko eremutzat jotzea. Espainiako etorkizuneko etxebizitza legeak proposatzen du hiri, auzo edo herriak tentsio handiko eremutzat jo ditzakeela erkidegoetako gobernu batek, baldin eta alokairuaren batez besteko errenta KPIa baino bost puntu gorago igotzen bada, eta batez besteko errentaren %30 baino handiagoa bada.

Gonzalezek ohartarazi du pandemia garaian alokairuak bost puntu igo direla Bilbon, Gasteizen eta Donostian; Euskal Herritik kanpo, beste hiri batzuetan jaitsi egin dira prezioak epe berean. Gonzalezen arabera, alokairu prezio horiekin familiek eta norbanakoek batez beste diru sarreren %40 bideratzen dute etxebizitzara, «eta hori, bestelako gastu arruntak aintzat hartu gabe».

Taldearen datuen arabera, azken hilabeteetan 416 etxegabetze izan dira: gehienak alokairuetan izan dira, baina hipotekei loturikoak handitzen ari dira, eta egoera «okertu» egingo da hipoteka maileguak arautzen dituen lege berriarekin.

Espainian, asteon PSOEk eta Unidas Podemosek etxebizitza legearen inguruko akordioa hitzartu dute, eta etxe kaleratzeen aurkako plataformak «positibotzat» jo du itunaren edukia, neurri batzuk ezartzen dituelako «estatu mailan lege batek alokairuaren prezioak» arautzeko. Oraindik ere bide luzea geratzen da akordio hori gauzatu arte, baina Gonzalezek Eusko Jaurlaritzari eskatu dio lege hori aintzat har dezala.

Hegoaldean, aurreratuago

Egitasmo horren xehetasunak jakitea falta bada ere, Nafarroako Gobernuko iturriek aurreratu dute ez dagoela berritasun handirik. Hego Euskal Herriko gobernuek badituzte eskumenak etxebizitza arloan, eta hainbat arlotan aurreratuago daude. Izan ere, Nafarroan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan etxebizitza legeak onartu dira, eta bakoitzak bere bidea egin du.

Adibidez, Unidas Podemosen eta PSOEren akordioak proposatzen du etxebizitza hutsen jabeei gainkarga bat jartzea ondasun higiezinen gaineko zergaren bidez, eta, horretarako, legeak zehazki definitu behar du etxe huts bat zer den. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 2015eko legeak egin du definizio hori, eta ekaineko dekretuak kanon bat jartzea ezarri du.Nafarroan, urtean sei hilabetez inor bizi ez den etxeak hutsik daudela zehazten da, eta, gainkargarik ezartzen ez bada ere, erregistro bat sortu dute.

Espainiako akordioak gazteentzako 250 euroko bonu sozial bat sortzeko asmoa du, baina Hego Euskal Herrian hori lehendik egiten dute, Emanzipa eta Gaztelagun egitasmoen bidez. Zerga kenkarien bidez, errentaren %50 itzultzen diete maizter gazteei, gehienez 250 euro ordainduta.

Datorren urtean, Nafarroako Gobernuak etxebizitza lege proiektua aurkeztuko du. Berritasun nagusia zera izango da, alokairuaren iraunkortasunaren indize bat ezartzea: etxebizitzaren ezaugarrien arabera, gehienezko alokairu errenta bat kalkulatuko du, eta, horren arabera, hainbat zerga kenkari ezarriko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.