Etxebizitza Legea

Etxebizitza Legea onartu dute Kongresuan, EH Bilduk babestuta eta EAJren ezezkoarekin

EAJk adierazi du lege proiektua «eskumenen inbasio bat» dela, eta ez du baztertu helegite bat aurkezteko aukera. EH Bilduk esan du «pauso motz bat» dela, baina «beharrezkoa» etxebizitzarako eskubidea aitortzeko.

Aitor Esteban EAJren bozeramaile parlamentarioa, gaur, Espainiako Kongresuan. JAVIER LIZON / EFE
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko apirilaren 27a
14:44
Entzun

Espainiako Diputatuen Kongresuaren gehiengoak onartu egin du Espainiako Gobernuaren Etxebizitza Lege proiektua. EH Bilduren eta ERC Esquerra Republicanaren aldeko botoak behar izan dituzte Espainiako Gobernua osatzen duten alderdiek —PSOEk eta Unidas Podemosek— lege proiektua Kongresuan onartu eta Senatura pasatzeko. Izan ere, EH Bilduk eta ERCk aurkeztutako hainbat zuzenketa barneratuta onartu dute lege proiektua. EAJk, berriz, lege proiektuaren aurka bozkatu du, «eskumenen inbasio bat» dela iritzita. Senatuan lege proiektua onartuko balute —aurreikuspen guztien arabera, bai—, maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeak baino lehenago sartuko da indarrean Etxebizitza Legea; hilabete barru, alegia.

Lege proiektuaren helburua «etxebizitza duin eta egoki baterako sarbidea izateko eskubidea bermatzea» da, baita autonomia erkidegoetako etxebizitza politikei «arau esparru koherente, egonkor eta seguru bat» ematea ere. Baldintza jakin batzuk betetzen dituzten lekuak tentsio handiko eremu izendatzeko aukera eskaintzen du legeak. Eremu horietan, jabeek %2 garestitu ahalko dute alokairua 2023an, eta %3 2024an. Eremu horietan, gainera, bost higiezin dituztenak jabe handitzat jotzeko aukera egongo da. Beste neurri bat da jabeek ordaindu beharko dituztela etxe agentzien gastuak —alokairuen kasuan—, ez maizterrek.

Oskar Matute EH Bilduko diputatuak nabarmendu du koalizio abertzalearen eta ERCren aldeko botoak ezinbestekoak izan direla Etxebizitza Lege proiektua onartzeko: «Azkenean aitortuko da etxebizitzarako eskubidea, eta alokairuen merkatua arautuko da haien prezioen igoera mugatuz». Hala ere, aitortu du ez dela nahikoa: «Egin nahiko genukeenerako pauso motz bat da, baina beharrezko pausoa da, horren alternatiba merkatuak desarautzea baita».

Berme juridikoa

Matutek esan du Madrilen onartu duten Etxebizitza Legeak «errespetatzen» dituela autonomia erkidegoek eta udalek etxebizitzaren arloan dituzten eskumenak. «Ez da testu zentralizatzaile bat: berme juridikoa ematen du», azaldu du Matutek, eta gogorarazi du «borondate politikoa» behar dela etxebizitza politika egiteko. Adierazi du ez dituela eskumenak inbaditzen, eta «atzean» eztabaida ideologiko bat dagoela: «Etxebizitza eskubide moduan ulertzea, edo negozio moduan; etxebizitzarako eskubidea arautzea, edo ez; herritarrek etxebizitza duin bat izatea, edo merkatuak erabaki dezala nola bizi behar duten».

EAJk lege proiektuaren aurka bozkatu du. Aitor Esteban bozeramaileak esan du lege proiektuak autogobernua «auzitan» jartzen duela «era nabarmenean». Espainiako Konstituzio Auzitegian helegite bat jartzeko aukeraz galdetuta, Estebanek ez du aukera baztertu, baina «zuhurtzia» eskatu du: «Eusko Jaurlaritzak erabaki beharko luke, behin legea onartuta dagoenean. Konstituzio Auzitegiaren jurisprudentzia ikusita, eta ez badu aldatzen, [Etxebizitza Legeak] zartada bat jasotzeko itxura du». Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburua, Iñaki Arriola, PSE-EEkoa da, eta Etxebizitza Legearen alde dago.

EAJk dio lege hori «birzentralizazioaren eta eskumenen inbasioaren adibide paradigmatiko bat» dela. Haren arabera, Etxebizitza Legearen helburua autonomia erkidegoek etxebizitza politika egiteko duten gaitasuna «oztopatzea» da: «Lege honek bere eskumenen muga gainditzen du, eta autonomia erkidegoetakoak inbaditzen ditu. Aterki juridiko bat espero genuen, baina lege honek ez digu ematen». Gaineratu du Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban «orain arte» etxebizitza politikako erabakiak «libreki» hartu dituztela, eta gaur onartutako legeak hori arriskuan jar dezakeela: «Horrelako lege bat existitu izan balitz, ezingo genituen orain arteko neurri asko hartu».

«Mugarri bat»

Espainiako Gobernuko Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako ministroak —PSOEkoak—, Raquel Sanchezek, eskerrak eman dizkie EH Bilduri eta ERCri legea babesteagatik, eta adierazi du Etxebizitza Legeak modua emango duela etxebizitza politika ongizate estatuaren «bosgarren zutabea» izan dadin, «hezkuntzarekin, osasunarekin, pentsioekin eta lanarekin batera». Esan du «mugarri bat» dela «demokraziaren» historian, «etxebizitza duin bat izateko eskubide konstituzionala garatzen duelako». Nabarmendu du «lege solidoa» dela juridikoki, eta ez doala inoren aurka: «Maizterrak eta jabeak babesten ditu, erosleak eta saltzaileak, baita zaurgarriak ere».

Unidas Podemoseko idazkari nagusi eta Espainiako Gobernuko Eskubide Sozialen eta 2030erako Agendaren ministroak, Ione Belarrak, beste modu batean ikusi du legea: «Bankuek, putreek eta inbertsio funtsek galdu dute, eta jendeak irabazi du: maizterrek, eta hipoteka bat dutenek». Nabarmendu du Unidas Podemosek «bere eskuetan dagoen guztia» egingo duela etxebizitzarako eskubidea bermatzeko.

ERCren aldeko botoa ere ezinbestekoa izan da Etxebizitza Legea onartzeko, eta Pilar Vallugera diputatuak garrantzia eman die Espainiako Gobernuarekin egin dituzten negoziazioei: «Negoziazio bizia izan da, eta zaila izan da akordio honetara iristea. 405 egun igaro ditugu negoziatzen, artikuluz artikulu. Bat ere ez da geratu lege proiektuan zegoen bezala. Hasierako lege proiektuak ez du zerikusirik azkenean atera denarekin».

PPk, berriz, Etxebizitza Legearen aurka bozkatu du. Ana Maria Zurita diputatuak salatu du lege horrek jabetza pribaturako eskubidea «urratzen» duela, eta segurtasun juridiko falta eragingo duela.

Arau esparru «koherentea»

Espainiako Gobernuak EH Bilduren eta ERCren babesarekin egindako lege proiektuaren helburua «etxebizitza duin eta egoki baterako sarbidea izateko eskubidea bermatzea» da. Autonomia erkidegoetako etxebizitza politikei «arau esparru koherente, egonkor eta seguru bat» emango die legeak, lege proiektuaren beraren arabera. Legearen berritasun bat tentsio handiko eremuak ezartzeko aukera izango da. Bi baldintza egongo dira tentsio handiko eremuak ezartzeko; bata zein bestea betetzen bada, nahikoa izango da leku jakin batzuk horrela izendatzeko. Batetik, hipoteken edo alokairuen kostua —gehi gastuak— familien batez besteko errentaren %30 baino handiagoa izatea; eta, bestetik, etxebizitzaren salmenta edo alokairu prezioa gutxienez KPIa baino hiru puntu gehiago igo izana tentsio handiko eremu izendatu aurreko bost urteetan.

Alokairuen prezioen kontrola da beste nobedade bat. Tentsio handiko eremuetako jabeek %2 igo ahalko dute alokairua 2023an, eta %3 2024an. 2025eko indizea erabakitzeko dago oraindik, baina KPIaren azpitik egon beharko du.

Bestalde, erkidegoek jabe handien definizioa aldatu ahalko dute. Orain, hamar higiezin edo gehiago dauzkatenak hartzen dira jabe handitzat, baina, lege berriarekin, bost higiezinetan jarri ahalko da langa tentsio handiko eremuetan. Derrigortuta egongo dira administrazio publikoekin elkarlanean aritzera, legeak dioenez.

Legeak aurreikusten du jabeak ordaindu beharko dituela etxe agentzien gastuak alokairuei dagokienez, eta ez maizterrak. Nahiz eta kontratua eta maizterra berria izan, jabeek ezingo dute alokairua indizearen gainetik igo tentsio handiko eremuetan. Maizterrek dokumentazioa eskatu ahalko diote jabeari, egiaztatzeko ez dela ari iruzurrik egiten. Gainera, etxegabetzearen egun eta ordu zehatzaren berri izan beharko dute kaltetuek legez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.