Etxebizitza Legea onartu dute Kongresuan, EAJren babesik gabe

Jeltzaleek adierazi dute legea «eskumenetan eginiko inbasio bat» dela, eta ez dute baztertu helegite bat aurkeztea. EH Bilduk nabarmendu du legeari esker alokairuen merkatua arautu ahalko dela

Aitor Esteban EAJren bozeramaile parlamentarioa, atzo, Espainiako Diputatuen Kongresuan. JAVIER LIZON / EFE.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Espainiako Diputatuen Kongresuaren gehiengoak onartu egin zuen atzo Etxebizitza Lege proiektua. EH Bilduren eta ERC Esquerra Republicanaren aldeko botoak behar izan zituzten Espainiako Gobernua osatzen duten alderdiek —PSOEk eta Unidas Podemosek— lege proiektua Kongresuan onartu eta Senatura pasatzeko. Izan ere, EH Bilduk eta ERCk aurkeztutako hainbat zuzenketa txertatuta onartu zuten lege proiektua. EAJk, berriz, arauaren aurka bozkatu zuen, «eskumenetan eginiko inbasio bat» dela iritzita. Senatuan lege proiektua onartuko balute —aurreikuspen guztietan hala espero dute—, maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeak baino lehenago sartuko da indarrean Etxebizitza Legea; hilabete barru, alegia.

Lege proiektuaren helburua da«etxebizitza duin eta egoki baterako sarbidea izateko eskubidea bermatzea», eta baldintza jakin batzuk betetzen dituzten lekuak tentsio handiko eremu izendatzeko aukera eskaintzen du. Legearen lorpen handienetako bat da eremu horietan alokairuen prezioen igoera mugatzea: jabeek %2 garestitu ahalko dute alokairua aurten, eta %3 2024an.

EAJk lege proiektuaren aurka bozkatu du. Aitor Esteban bozeramaileak esan du arauak autogobernua «auzitan» jartzen duela «era nabarmenean». Espainiako Auzitegi Konstituzionalean helegite bat jartzeko aukeraz galdetuta, Estebanek ez du aukera baztertu, baina «zuhurtzia» eskatu du: «Eusko Jaurlaritzak erabaki beharko luke, behin legea onartuta dagoenean. Konstituzio Auzitegiaren jurisprudentzia ikusita, eta ez badu aldatzen, [Etxebizitza Legeak] zartada bat jasotzeko itxura du». Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburua, Iñaki Arriola, PSE-EEkoa da, eta Etxebizitza Legearen alde dago. EAJren ustez, berriz, lege hori «birzentralizazioaren eta eskumenetan eginiko inbasioaren adibide paradigmatiko bat» da.

Oskar Matute EH Bilduko diputatuak nabarmendu du koalizio abertzalearen eta ERCren aldeko botoak ezinbestekoak izan direla Etxebizitza Lege proiektua onartzeko: «Azkenean, etxebizitzarako eskubidea aitortuko da, eta alokairuen merkatua arautuko da haien prezioen igoera mugatuz». Hala ere, aitortu du ez dela nahikoa: «Egin nahiko genukeenerako pauso motz bat da, baina beharrezko pausoa da, horren alternatiba merkatuak desarautzea baita». ERCk esan du negoziazioa zaila izan dela, baina emaitza goretsi du.

Era berean, Matutek adierazi du Etxebizitza Legeak «errespetatzen» dituela autonomia erkidegoek eta udalek etxebizitzaren arloan dituzten eskumenak: «Ez da testu zentralizatzaile bat: berme juridikoa ematen du».

Espainiako Gobernuko Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako ministroak —PSOEkoak—, Raquel Sanchezek, garrantzia eman dio legeari: «Mugarri bat da demokraziaren historian, etxebizitza duin bat izateko eskubide konstituzionala garatzen duelako».

Unidas Podemoseko idazkari nagusi eta Espainiako Gobernuko Eskubide Sozialen eta 2030erako Agendaren ministro Ione Belarrak ere txalotu du Etxebizitza Legea: «Bankuek, putreek eta inbertsio funtsek galdu dute, eta jendeak irabazi du: maizterrek, eta hipoteka bat dutenek».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.