Etxebizitza Legea behin betiko onartu arte itxarongo du Jaurlaritzak

Etxebizitza Legeak eskumenak errespetatzen ditu, Itxasoren arabera. ELAren ustez, EAJ etxebizitza «negozio bat» izatearen alde dago

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramailea, atzo, Gasteizen. IREKIA.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak ez du iritzirik eman nahi izan Espainiako Gobernua osatzen duten alderdiek—PSOEk eta Unidas Podemosek—, ERC Esquerra Republicanak eta EH Bilduk berriki adostu duten Etxebizitza Legeaz. Denbora eskatu zuen atzo Bingen Zupiriak, Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak: «Gobernu moduan itxaron egin behar dugu Espainiako Parlamentuan behin betiko onartu arte. Haren edukiak ezagutuko diren momentuan erabakiko dugu zer egin behar den. Behin betiko onartu gabeko lege bati ezin zaio helegiterik jarri».

Eusko Jaurlaritza EAJk etaPSE-EEk osatzen dute, eta ez dute iritzi bera lege horren inguruan. EAJk aurka bozkatuko du: salatu du «nahaspila juridiko bat» sortuko duela, eta Eusko Jaurlaritzaren eskumenei eragin diezaiekeela. PSE-EE, berriz, gustura dago maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeak baino lehenago Espainiako Diputatuen Kongresuan behin betiko onartzea aurreikusita dagoen legearekin. Ontzat jo zuen, herenegun, Iñaki Arriolak, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolakuntza, Etxebizitza eta Garraio sailburuak.

Madrilen adostu duten Etxebizitza Legearen bidez, tentsio handiko eremuetako jabeek %2 igo ahalko dute alokairua 2023an, eta %3 2024an. Jabe handien definizioa ere zabaldu dute: hamar higiezin edo gehiago dauzkatenak hartzen dira jabe handitzat orain, baina lege berriarekin, bost higiezinetan jarri ahalko da langa.

Itxaroteko eskatzeaz gain, Zupiriak esan zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak eta CGPJ Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak adierazi izan dutela etxebizitza politika «autonomia erkidegoen eskumen esklusiboa» dela.

«Legezko aterki bat»

Denis Itxasok, Espainiako Gobernuak Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban duen ordezkariak, ordea, atzo nabarmendu zuen adostu duten Etxebizitza Legeak autonomia erkidegoen eskumenak errespetatzen dituela, eta «legezko aterki bat» emango diela erkidegoei «izaera sozialeko politikak sustatzeko». Arnaldo Otegik, EH Bilduko koordinatzaile nagusiak, herenegun esan zuen lege horrek «segurtasun juridikoa» emango duela «beste mota bateko» etxebizitza politika egiteko.

ELA sindikatuaren arabera, Etxebizitza Legea ez da «nahikoa», eta ez du eraginik izango alokairuen prezioak txikitzean. Adierazi du «kezkagarria» dela EH Bilduk lege hori adostu izana, «adostutakoaren mugaren jakitun izanik eta Hego Euskal Herrian izango duen eragina eskasa izango dela jakitun». EAJren jokabidea ere kritikatu du ohar baten bidez: «EAJ ez da ausartzen esatera etxebizitza eskubide bat baino gehiago negozio bat izatearen alde dagoela».

Adierazi du alokairuen prezioen igoerak murriztea «positiboa» dela, baina erantsi du Etxebizitza Legeak ez duela arazoa konponduko: «Arazoa da alokairuen prezioak neurriz kanpoko abiapuntua dutela. Igoera mugatzeak ez ditu konponduko alokairuen gehiegizko prezioak: ez dira izozten, eta ez dira gutxituko».

LAB sindikatuak esan du etxebizitza duina eta kalitatezkoa eskuratzeko aukera unibertsala bermatzea «nahitaezkoa» dela langileen oinarrizko bizi baldintzak duintzeko. Hori defendatzeko, mahai inguru bat egingo dute gaur, eta elkarretaratze bat hilaren 27an; Iruñean egingo dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.