Etxebizitza

Etxebizitza lege berriaren aplikazioa moteldu egingo dute EAJk eta PSEk

EH Bilduk mozio bat eraman du ganberara, besteak beste alokairuen prezioen sistema bat ezartzeko eta tentsio handiko eremuak izendatzeko, baina EAJk eta PSE-EEk aurrera atera dute beren osoko zuzenketa, «Euskadin Espainiako lege berria aplikatzeko dokumentu bat» egin dadin ezeren aurretik.

Unai Fernandez de Betoño EH BIlduko legebiltzarkidea, gaur, Legeiltzarrean. EUSKO LEGEBILTZARRA
xabier martin
2023ko maiatzaren 4a
12:08
Entzun

Hauteskunde kanpainaren hotsa gero eta ozenagoa den egun hauetan, PSE-EEk ez du EAJ bakarrik utzi nahi izan Eusko Legebiltzarrean, Madrilen onartu berri den Etxebizitza Legea «lehenbailehen» aplikatzeko oposizioaren ekinaldi baten harira. Jaurlaritzan bazkide duen alderdiarekin batera osoko zuzenketa bat onartu du PSEk, ezerezean uzteko EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk adostutako agiria. Jeltzaleek eta sozialistek adostu dute Espainiako Etxebizitza Legearen inguruko azterketa bat eskatzea Jaurlaritzako Etxebizitza Sailari, «Euskadiko Etxebizitza Legeari neurri osagarriak sartzeak ekar dezakeen alderdi guztietan». Labur esanda: atzeratu egingo dira epemuga jakinik gabe Madrilen onartutako lege berriak ematen dituen tresnen aplikazioa, tartean eremu tentsionatuen izendapena, nahiz eta lege hori PSOEk berak onartu duen, hain zuzen EH Bilduren eta Podemosen aldeko botoekin.

Beraz, ikusteko dago lege horrek zenbateko eragina izango duen Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, EAJk sendo jarraitzen baitu eskumenen urraketaren tesian. Irune Berasaluze jeltzaleak adierazi du «Euskadiren eskumenen alde» ari direla; azaldu du azken 40 urteetan etxebizitza politika oso bat garatu duela Jaurlaritzak, eta beste erkidegoek «kopiatu» egin dutela hori. Datu batzuk eman ditu: alokairu sozialeko 26.000 etxebizitzako parkea kudeatzen du EAEko administrazioak, «eta beste mila etxebizitza» egiten ari da Jaurlaritza. Gogora ekarri ditu DSBE laguntzak eta 25-29 urte artekoek alokairurako jaso ditzaketenak, aldarrikatzeko «aurreratuagoa» dela Lakuaren etxebizitza politika Espaniako Estatuko beste edozein administrazioren aldean. «Sanchez etxebizitza politikak lerrokatzeaz aritu da, eta, bide batez, birzentralizatuere egin daitezke: ez gaude prest horretarako».

Abertzale izateari utzi

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk nahi zuten «alokairu prezioak kontrolatzeko sistema bat abian jartzea, beharrezkoak diren aldaketak aztertuz eta prestatuz». Lege berriak eskaintzen dituen neurri berriak «lehenbailehen» aplikatzea da adostu duten agiriaren helburua, bereziki «erreferentziazko prezio-indizeen sistema bat ezartzeko, eta eremu tentsionatuak izendatzeko». Horrez gain, babes publikoko etxebizitzen «erdiak gutxienez alokairu sozialera» bideratzeko eskaera da, eta «pizgarri eta zigor fiskalen bidez alokairuen prezioak sustatzeko zerga erreformarako» proposamena.

Baina agiri hori atzera bota du EAJren eta PSE-EEren gehiengoak, oraingoan PPren botoak ere gehituta. EH Bilduko legebiltzarkide Unai Fernandez de Betoñok gogoratu du %7 arteko igoerak egon direla oso tarte laburrean alokairuetan, euskal hiri eta herri batzuetan, «funts putreek lur hartu» dutela jadanik Euskal Herrian, eta «%33 arteko igoeraz» hitz egiten hasiak direla. «Zein da zuen proposamena horrelako egoera bati erantzuteko?», galdetu die EAJko legebiltzarkideei. Madrilen onartutako legearen aplikazioa «hurrengo legegintzaldi batera» atzeratu nahi izatea leporatu die: «Ematen du edozer egiten ari zaretela alokairuei mugarik ez jartzeko».

Akusazio horri erantzunez, Berasaluze jeltzaleak urrunago eraman du koalizioari eskumenen defentsaren harira egindako kritika. «Dena suntsitu behar zela esaten zenuten lehen, eta, Madrilera joan, eta denari baietz esaten hasi zarete». EH Bilduk «abertzale izateari utzi ote dion zalantza» ere helarazi du jeltzaleak. Eta garbi utzi du nola jokatuko duen EAJk lege berriaren aplikazioan: «Aurrena, txostena, eta gero ikusiko da neurri batzuk aplikagarriak diren ala ez».

Fernandez de Betoñok erantzun du koalizioa ez dagoela presttresna berrien aplikazioa atzeratzeko, «larrialdi bat baitago jende askorentzat etxebizitzaren arloan». Gaineratu du «oso garbi» dagoela koalizioak euskal eskumenak defendatzen dituela.

UPNren betoa Senatuan

PSE-EEko Maria Jesus San Josek Espainiako Etxebizitza Legaren bertuteak azaltzen eman du denbora gehien, eta ez du argi azaldu EAJrekin adostutako osoko zuzenketaren aldeko PSEren jarrera, baina ohartarazi du tentsio handiko eremuak izendatzea ez dela «automatikoa» izango, «sergurtasun juridikoa» behar delako hori egin aurretik.

Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkide Iñigo Martinez Zatonek galdetu die PSE-EEko legebiltzarkideei «zeren zain» ote dauden legea aplikatzen hasteko: «Onartezina da orain ikerketak eskatzen hastea inolako epemugarik jarri gabe. Herritarrei duintasuna eman behar zaie lehenbailehen etxebizitzari dagokionez».

Bestalde, UPNk beto bat erregistratu du Espainiako Senatuan, Espainiako Etxebizitza Legearen aurka, «Nafarroarenak diren eskumenak urratu dituelako Sanchezen gobernuak, eta hauteskundeei begira egin duelako».

Donostian, berriz, legealdiko azken udalbatzarrean, Kaleratzeak Stop, Alokairu Bentaberri eta Azorako Maizterrak eragileen proposamena aurkeztu dute EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak, eta Etxebizitza Legea ontzat jo dute EAJ eta PP ez beste alderdi guztiek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.