Etxea, gutxieneko soldata propioa eta zaintza. Horiek dira, trantsizio ekosozialarekin eta fiskalitatearekin batera, EH Bilduk EAJri eta PSEri aurrekontuak babesteko egindako proposamen bateratuaren ardatz nagusiak. Pello Otxandiano EH Bilduko Eusko Legebiltzarreko bozeramailearen arabera, posible da gai horien inguruko itunak erdiestea, «herri berdinzaleago» baterako ezinbesteko oinarriak direlako. Eta elkarrizketarako deia egin die jeltzaleei eta sozialistei, «politika publikoen aldeko anbizioa» ere aurrekontuen bidez islatu dezaten. «Hiru herrialdeetatik elikatu dezagun norabide bakar bat; herri txiki bat gara, eta erronka sozialak oso handiak dira», azpimarratu du.
Joan den astean aurkeztu zien koalizio subiranistak EAJri eta PSE-EEri Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu publikoak batera negoziatzeko proposamena, eta gaur aletu du proposamen hori Otxandianok berak Eva Lopez de Arroiabe, Iker Casanova eta Maddalen Iriarte ezker subiranistaren Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eledunekin batera egindako agerraldian.
Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak errezeloz hartu bazuen ere, pozik azaldu da Otxandiano proposamenak izan duen harreragatik. Zehaztu du «elkarrizketarako aukera bat» zabaldu dela, eta aurreratu du, hain justu ere, bilerak eskatu dizkiela bi alderdiei, negoziazioei ekiteko. Erantzuna baiezkoa izango den itxaropena agertu du; izan ere, uste du «gaitasun sozial eta komunitarioak aktibatzeari begira» aurrerapauso bat emateko garaia dela.
Ildo horretan doaz EH Bilduren proposamenak. Hiru ardatz nagusi ditu, eta bi zehar lerro, Otxandianok zehaztu duenez. Etxebizitza da lehen ardatza. EH Bilduk uste du higiezinen merkatuaren «joko arauak aldatu» behar direla, herritar ororen etxebizitzarako sarbidea bermatu ahal izateko. Horretarako, espekulazioari eta «errenta interesei» mugak jartzea proposatu du Otxandianok, baita pisu turistikoak erregulatzea eta alokairurako etxebizitza parke publiko bat sustatzea ere: «Momentua da erabaki bat hartzeko».
Halaber, lanbide arteko gutxieneko soldata propio bat sortzea ere proposatu du EH Bilduk, gazteen eta emakumeen prekaritateari aurre egiten lagunduko lukeela iritzita. Otxandianok uste du Eusko Jaurlaritzak «akuilu lana» egin beharko lukeela eragileen eta alderdien artean akordio bat erdiesteko; izan ere, Gasteizko gobernuak eskumenik ez badu ere, EH Bilduren eledunak adierazi du posible dela.
Zaintza publiko-komunitario baterako urratsak egitea ere ezinbestekoa dela iritzi dio Otxandianok, eta nabarmendu du horretarako oinarrizkoa dela «egiturazko aldaketak» egitea: «Irabazi asmoa zerbitzuen prestaziotik atera behar da». Era berean, azpimarratu du «inflexio puntu bat» ezartzeko garaia dela trantsizio ekosozialari dagokionez ere; besteak beste, energia berriztagarrien hedapena «blokeo egoeran» dagoelako.
«Guk elkarrizketarako deia egin diegu, elkarrizketa horrek negoziazio fase bat ireki dezan. Bideak esango du»
PELLO OTXANDIANOEH Bilduko bozeramailea Eusko Legebiltzarrean
Premiazkotzat jo du, ordea, horien inguruko planifikazioa «komunitatearekin eta modu kolaboratiboan» egitea. Mugikortasun jasangarriaren aldeko apustua «biderkatzea» ere galdegin du Otxandianok. Baita osasuntsua eta zero kilometrokoa izango den elikadura sistema propio baten alde egitea ere.
Fiskalitatea ere negoziagai
Proposamen horiek marra gorriak diren galdetuta, Otxandianok adierazi du gaiak ez direla berriak; are gehiago, azpimarratu du lehendakariak berak ere bat egiten duela lehentasun horietan. Hala ere, zehaztu du horiek «nahikotasunez» aintzat hartzea negoziazioetan ebatzi beharko den zerbait dela: «Guk elkarrizketarako deia egin diegu, elkarrizketa horrek negoziazio fase bat ireki dezan. Bideak esango du».
Otxandianok nabarmendu duenez, aurrekontuen inguruko negoziazioa bezala, zerga erreformarena ere modu globalean egin behar da. Kritiko azaldu da aldundiekin, proposamenak urte amaieran aurkezteko konpromisoa atzeratzen ari direlako. Eta ohartarazi du EH Bilduk ez duela onartuko EAJk eta PSEk aurrez hitzartutako testurik.
Jeltzaleek eta sozialistek hiru aldundietan duten kudeaketarekin ere kritiko azaldu da EH Bildu. «Agortuta dagoen ereduan» sakondu nahi izatea egotzi die Iker Casanovak EAJri eta PSEri, eta politika publikoetan lema kolpea emateko eskatu die. Praxi txarraren adibide gisa jarri ditu, hain zuzen ere, Urdaibaiko Guggenheim museoa edo Bilboko itsasadarraren azpian eraiki nahi duten tunela.
Eva Lopez Arroiabek, berriz, Arabako aldundiari egotzi dio dagokion erantzukizuna bere gain ez hartzea, hala zahar etxeei nola Batzar Nagusietan bazkideak bilatzeari dagokienez. EH Bilduk akordiorako borondatea duela azpimarratu du, eta adibide gisa jarri du asteon Gasteizen udal tasen inguruan hiru alderdiek lortutako ituna.
Maddalen Iriartek, berriz, gogorarazi du Gipuzkoan ere, Araban bezala, aurrekontuak luzatuak daudela. Bada, gutxiengoan «gotortzea» egotzi dio aldundiari. Horren aurrean, EH Bilduk nabarmendu du «abangoardiako egonkortasunerako gaitasuna» erakutsi duela, gai izan delako Batzar Nagusietan zerga erreformari eta estatus politiko berriari buruz akordioak egiteko.