Etxea eta lana lortzea da Nafarroako LGTBI migratzaileen zailtasun nagusia

Bazterkeria eta indarkeria jasaten dituzte, Fenix elkarteak egindako azterketa baten arabera.

Fenix elkartearen azterketaren aurkezpena, gaur, Nafarroako Parlamentuan. MIGUEL OSES
Fenix elkartearen azterketaren aurkezpena, gaur, Nafarroako Parlamentuan. MIGUEL OSES
jakes goikoetxea
2024ko abenduaren 17a
18:15
Entzun

Nafarroako LGTBI kolektiboko migratzaileek eta errefuxiatuek bazterkeriarik jasan al dute azken urtean? Hamarretik lauk ez (%43,7); hamarretik hiruk, etxea lortzeko (%33,3); hamarretik hiruk, lan munduan (%30,4); eta ia hamarretik bik, toki publikoetan (%16,3).

Hirutik batek hitzezko indarkeria jasan du (%31,9), eta hamarretik batek, fisikoa (%11,1), beren sexu orientazioagatik edo genero nortasunagatik. Eta hirutik batek sexu orientazioaren kontrako jazarpenagatik ihes egin zuen sorterritik. Seitik batek genero nortasunaren kontrako jazarpenagatik.

Bazterketa bikoitza jasaten dute: alde batetik, sexu orientazioagatik edo genero nortasunagatik; bestetik, migratzaileak izateagatik. «Horrek iradokitzen du ezen, legez babestuta egonda ere, LGTBI migratzaileek oztopo handiei aurre egin behar dietela eguneroko bizitzan», ondorioztatu du Fenix elkarteak. Iruñeko migratzaileei, errefuxiatuei eta LGTBI pertsonei laguntzeko elkartea da Fenix.

Inkesta batean oinarrituta

Nafarroako LGTBI kolektiboko migratzaileen eta errefuxiatuen eskubide urratzeak aztertu ditu. Horretarako, inkesta batean eta elkarrizketetan oinarritu dira. 135 lagunek erantzun dute, eta erantzun duten gehienak 18-40 urte artekoak (%79) izan dira, nagusiki gizonak (%52,6). Sexu orientazioari dagokionez, gayak %45,2 dira, bisexualak %22,2 eta lesbianak %17.

LGTBI migratzaileen zaurgarritasunari aurre egiteko arreta berezia eta neurri zehatzak eskatu ditu Fenixek, LGTBI migratzaileen babesa eta inklusioa bultzatzeko. Arazo horiek ikusarazi behar direla uste du, horrek estigmak eta aurreiritziak hausten laguntzen duelako eta «funtsezko urratsa delako errespetua eta eskubide berdintasuna bermatzeko».

Etxea eta lana lortzea da zailena. Ia erdiek (%48,1) esan dute oso zaila izan dela etxea lortzea, eta %17k, zaila. Lana lortzeko zailtasunak ere antzekoak izan dira: %43,7k erantzun dute oso zaila izan dela, eta %14,1ek, zaila.

Eragina buru osasunean

Lanean jasandako bazterkeriari lotutako lekukotza bat: «Lanean sentitu naiz okerren. Iruñera iritsi nintzenetik lanean hasi nintzen leku berean jarraitzen dut, enpresa horri esker lortu bainituen lan kontratua eta bisa. Horregatik jasaten ditut hainbeste tratu txar; ordaindu, ez baitidate hainbeste ordaintzen». Horrek guztiak migratzaileen buru osasunean dituen ondorio kaltegarriak nabarmendu ditu Fenix elkarteak. Hirutik bik esan dute beraien buru osasunean eragina izan dutela zerbitzuak eskuratu ahal izateko prozesuek. Lautik batek bere buruaz beste egitea pentsatu du azken urtebetean.

Informazioa lortzea da beste zailtasunetako bat: ia erdiek esan dute prozesu burokratiko luzeei aurre egin behar izan dietela migratzaile izateagatik, eta beste hainbestek erantzun dute zerbitzuei eta eskubideei buruzko informazioa falta izan zaiela.

Egoera horretan, hirutik bik LGTBI elkarteren baten laguntza eta babesa jaso dute; hirutik batek ez. Gehienek aisialdi jardueretarako, baina baita babes soziala eta komunitarioa ere.

Hutsunea

Migrazioei eta migratzaileei buruzko datuak badaude, baina, Fenix elkarteak berak azaldu duenez, hutsune nabarmena dago LGTBI kolektiboko migratzaileei eta errefuxiatuei buruz. Informaziorik ez dagoenez, «zaildu egiten du haien giza eskubideen urratzeak identifikatzea eta aztertzea».

Gaur aurkeztutako azterketa abiapuntu bat da, bultzada bat, azterketa zehatzagoa egiteko eta datuak lortzeko tresnak ezartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.