Etxebizitza laguntzetan «murrizketa uholdea» egin izana leporatu diote Eusko Jaurlaritzari Argilan ESK-k, Berri Otxoak eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, Eusko Legebiltzarreko atarian gaur goizean egin duten agerraldian. Murrizketa horietako asko «isilean» egiten ari direla salatu dute, eta nabarmendu dute sindikatuek horren berri eman zutela aspaldi. Gainera, adierazi dute bizikidetza unitate prekarizatuenei eta pobretuenei eragiten dietela kalte gehien alderdi politikoek onartutako erreformek.
Bizikidetza unitateak kaltetzen dituzten «funtsezko» bi erreforma azpimarratu dituzte. Batetik, Inklusiorako eta Diru sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren Lege berria, joan den martxoaren 29an indarrean sartu zena. Legeak «bizilekuaren» kontzeptua birdefinitzen du, eta, horren arabera, ez dute bizilekutzat hartuko etxebizitza baten titulurik gabeko erabilera. Hala, titulurik ez duten etxebizitzetako bizilagunek —alokairu kontratua edo jabetza titulua, esaterako— ezin izango dute DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta jaso.
Bestetik, hizpide izan dute Etxebizitzaren Prestazio Ekonomikoa (EPE) laguntza berria ere; 2023ko urrian onartu zuten behin betiko, eta aurtengo apirilean jarriko dute indarrean. Sindikatuen esanetan, laguntza berri hori ez zaie lehendik zeudenei gehitu; ordezkatu egingo ditu. Hots, desagertu egingo dira DSBEarekin batera eska zitezkeen Etxebizitzarako Prestazio Osagarria (EPO) eta alokairuko Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL). Gainera, EPE laguntza jasotzeko, irizpide «saihetsezina» izango da hiru urtez etenik gabe Etxebiden izena emanda egotea.
Erakundeok diote neurri berri horiek aplikatuz gero milaka pertsona etxebizitza laguntzak lortzeko aukerarik gabe geratuko direla. Eta, zehazki, uste dute sektore prekarizatuenei eta pobretuenei egingo dietela kalte gehien: «Kaltetuenak izango dira azpierrentamenduetan bizi direnak, alokairu erregularreko kontraturik ez dutenak eta etxebizitza hutsak okupatzen bizi direnak. Hau da, migratzaileak, hilaren amaierara iristeko zailtasun gehien duten familiak, enplegu prekarioak dituztenak, gazte langileak, guraso bakarreko familiak...».
Alderdi guztiak erantzule
Sindikatuek salatu dute instituzioek gastu publikoa murriztea bilatu dutela sektore prekarizatuenei laguntzak kenduta, eta alderdi politiko «guztiak» izan direla horren erantzule. «EAJren, PSE-EEren eta Elkarrekin Podemosen aldeko botoekin onartu dira erreforma horiek, baita EH Bilduren abstentzio konplizearekin ere».
Bestalde, EH Bilduri eta EAJri leporatu diete Etxebizitza Legeak aurreikusitako murrizketak onartzea, eta, bien bitartean, kanpaina egitea etxebizitza arloan hobekuntzak egin dituztela esanez. «Hobekuntza horiek ez dute aurrekontu publikoa handitzea ekarri, eta sektore pobretuenei egindako murrizketen kontura egin dira», kritikatu dute.
Ezarritako murrizketa eta neurri berriak salatzeko, otsailaren 24rako manifestaziora deitu dituzte kolektibo sozialak, kolektibo politikoak eta herritar guztiak. Bilboko Moiua plazatik aterako da manifestazioa, 12:00etan, «murrizketen, kriminalizazioaren eta pobretzearen aurka eta pertsona guztientzako bizi baldintza duinen alde».