Etxebizitza eskuratzea arazo garrantzitsuena bihurtu da lehen aldiz, Deustobarometroaren arabera

Herritarren %41ek kezka nagusien artean kokatu dute Deustuko Unibertsitatearen galdeketan. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren %31k uste dute inoiz ere ezingo dutela etxe bat erosi, eta %28k, berriz, hamar urte baino gehiago beharko dituztela.

Etxebizitza eskubidearen alde Bilbon egindako martxa, aurreko astean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Etxebizitza eskubidearen alde Bilbon egindako manifestazioa, joan den astean. ARITZ LOIOLA / FOKU
xabier martin
2024ko abenduaren 19a
13:30
Entzun

Deustobarometroak berretsi du eztabaida politikoaren ardatzean dagoen gai hori arazorik kezkagarriena bihurtu dela herritarren artean ere: etxebizitza. Deustuko Unibertsitateak aldiro egiten duen galdeketa zabal horren arabera, etxebizitza eskuratzea arazo garrantzitsuena bihurtu da lehen aldiz Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren artean. Lurralde horietako elkarrizketatuen %41ek kezka nagusien artean jarri dute etxebizitzaren auzia; aurtengo ekaineko inkestan, berriz, %20k baizik ez zuten jarri etxebizitza arazo larrien artean. Baina, orain, ia heren batek (%31) uste du inoiz ere ezingo duela etxe bat erosi, eta %28k, berriz, uste dute hamar urte baino gehiago beharko dituztela horretarako.

Etxebizitzaren arazoan barneratuta, galdeketaren emaitzek diote hamarretik bederatzik (%91) nahiago dutela jabetza alokairua baino. Izan ere, gehienek uste dute etxebizitza dela inbertsiorik onena. Halaber, %76k muga bat ezarriko lukete inork bi etxebizitza baino gehiago jabetzan izan ez ditzan.

Etxebizitzarekin batera, osasunaren arazoa ere bada oraindik herritarren kezka nagusia. Beraz, pentsatzekoa da etxebizitzak eta osasunak, biek edukiko dutela eztabaida politikoan tokirik handiena aurrerantzean ere, herritarren kezkak aintzat hartuta.

Burujabetza eta memoria

Estatutua berritzeko legealdia urratsak egiten hasi den honetan, Deustobarometroak lurralde ereduari buruz ere galdetu du. Galdetuen %36,6k erantzun dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoak autonomia handiagoa edukitzea nahiko luketela, eta %13k independentziaren aldeko hautua egin dute. %34k gaur egungo autonomia maila bera nahi dute etorkizunerako, eta ia %4k esan dute autonomia hori apaldu egin beharko litzatekeela. Gehiengo zabal batek nahiko luke, beraz, urrats gehiago egin burujabetzaren bidean.

Euskal Herriaren independentziaren inguruko erreferendum bat egitearen inguruan ere galdetu dute Deustobarometroan. Bada, ezezkoaren alde egin dute %44k, eta baiezkoaren alde %38,5ek. %17k, ordea, erantzun gabe utzi dute galdera hori.

Iragan hurbileko memoria nola landu, horri buruz ere eman dute herritarrek euren iritzia. Inkestaren arabera, herritarren gehiengoak (%42,2) uste du ez dela ahaztu behar, eta elkarrizketa abiatu behar dela, «gertatutakoaren ikuspegi desberdinak jasotzen dituena». %26,4k, berriz, uste dute atzean utzi behar dela, «zaurietan sakondu gabe, eta geroari begiratuz». %15ek uste dute ez dela atzean utzi behar iragan hurbila, eta «kontakizun partekatua» adostu behar dela gertatutakoa azaltzeko.

Buruzagi politikoak

Zerotik hamarrerako eskala batean nota jarri diete buruzagi politikoei Deustobarometroan, eta ez dago azterketa gainditzen duen inor, baina notarik onena Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariarentzat eta Pello Otxandiano EH Bilduko Eusko Legebiltzarreko bozeramailearentzat dira: 4,1 eta 4, hurrenez hurren. Hortik behera geratu da PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Andueza (3,7), eta Javier de Andres PPren EAEko presidenteari 2,4ko nota baino ez diote eman. Bada buruzagi politiko bat Espainian Pradalesen marka hobetzen duena Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren artean: Pedro Sanchez (4,2). Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroak ere nota ona atera du konparazioz: 3,9.

Eusko Jaurlaritzak norabidea aldatu behar duen galdetuta, berriz, gehiengo zabal batek uste du baietz: ia %50ek diote dezente aldatu behar duela, eta %23,2k, asko. Eta gobernu horren lehentasunak osasuna (%62) eta etxebizitza (%35) izan behar direla erantzun dute gehienek. Migrazioaren auzia da gobernuak jorratu beharko lukeen lehen gaia %21entzat.

Deigarria da, ordea, Jaurlaritza berria politika berria egiten hasi ote den galdetuta jasotako emaitza: %64k uste dute gobernu berriak «gutxi» aldatu dituela azken urteotako politikak, edo «ia ezer ez».

Deustobarometroaren inkesta online egiten da, 1.000 lagunen lagin adierazgarrian —sexuaren, adinaren eta klase sozialaren arabera—. Sei hilean behin egiten da, eta galdera bloke finko bat eta bloke aldakorra edo koiunturala izaten ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.