Euskal Herriko etxebizitza sindikatu guztiek deituta, etxebizitza eskubidearen aldeko mobilizazioa egingo dute abenduaren 14an, Bilbon. Protestaren berri emateko, sindikatuek agerraldia egin dute gaur, eta adierazi dute «etxebizitzaren negozioaren eta politikarien eta instituzioen fartsaren aurka» aterako direla kalera, eta «doako eta kalitatezko etxebizitzaren alde». Herritar orori egin diote parte hartzeko deialdia.
«Langile klase osoa pobretzen ari da, eta etxebizitza da pobretze horren kausa handienetakoa», ohartarazi dute, eta erantsi etxebizitzaren arazoa beti egon dela sistema kapitalistan, baina orain areagotzen ari dela. Interes turistikoa duten eremuetan, gainera, okerragoa da egoera, «hala nola Donostian eta Ipar Euskal Herriko kostaldean, eta hirigune handietan».
Sindikatuek kritikatu dutenez, batzuentzat etxebizitza eguneroko arazoa da, eta beste batzuentzat, berriz, negoziorako aukera bat da: «Putre funtsek, inbertsore handiek, bankuek, erakunde publikoek eta hain handia ez den jaberen batek ere, etxebizitzaren merkatutik gero eta etekin handiagoa ateratzen dute». Etxebizitzaren merkantilizazio horrek «modu bortitzean» eragiten die «migratzaileei, emakumeei eta genero disidenteei».
Etxebizitzaren arazoa areagotzearekin batera, «kezka soziala» ere areagotu da. Hori dela eta, «alderdi guztietako politikariak» mugitu dira. Halere, sindikatuen iritziz, hartutako neurriak «hobekuntza faltsuak» besterik ez dira izan: «Eskuinetik ezkerrera, denek ideia bera partekatzen baitute: etxebizitzaren arazoa konpontzeko, negozioa sustatu behar da». Etxebizitzaren arazoa eskaintza faltarekin lotzea akatsa dela uste du sindikatuak, kontua «sarbide arazoa» baita. «Etxebizitza eskuragarririk ez badago, ez da existitzen ez direlako, baizik eta interes espekulatiboak elikatzen dituztelako», nabarmendu dute. Hortaz, ez dituzte onartu eskaintza hori merkaturatzen dutenei mesede egiten dieten hobekuntzak. «Ez dugu onartzen politikarien eta enpresarien arteko akordioak langileontzako mesedeak balira bezala aurkeztea».
Erabaki beharra
Erabaki beharra dagoela esan du sindikatuak: «Negozioaren alde edo etxebizitza eskubidearen alde». Izan ere, argi utzi dute ez dagoela espekulatzaileen eta langile klasearen interesak bateratu ditzakeen etxebizitza politikarik.
Etxebizitza arazo «larria» arintzeko, presazko neurriak exijitu dituzte. «Adibidez, jabeei diru laguntzak eman beharrean, prezio guztien merkatze orokorra aplikatu dadila». Neurri horiek ezartzeko, gainera, dirua «espekulatzaileen poltsikotik» atera dadila eskatu dute. Presazko neurri horiek garrantzitsuak diren arren, beharrezkotzat jo dute etxebizitza duin bat izateko aukeraren alde borrokatzea ere, etxebizitza eskubide unibertsal bilakatu dadin. Horretarako, ezinbestekoak dira egiturazko aldaketak: «Etxebizitzak merkantzia izaten jarraitzen duen bitartean, ez da eskubidea izango».