«Etxebizitzaren arazoa areagotzen ari da Euskal Herrian, baita horrek eragindako ezinegon soziala eta kaleetako mobilizazioak ere», adierazi du Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Arazoa gero eta agerikoagoa bada ere egoerak bere horretan jarraitzen duela salatu dute, eta esan «epe labur edo ertainean» ez dela aldaketa handirik egongo. Hori dela eta, higiezinen negozioaren aurkako eta etxebizitza eskubidearen aldeko mobilizazioa egitea erabaki dute: apirilaren 5ean kalera aterako dira, Donostian.
Etxebizitza Sindikatuak uste du irtenbideak ez direla enpresarien eta politikarien eskutik iritsiko. Izan ere, ezkerreko zein eskuineko politikarien jarduna kritikatu dute. Adierazi dutenez, haserrea «era oportunistan baliatu dute euren burua aurkari elektoralengatik desberdintzeko». Horrez gain, «neurri sozial gisa» aurkeztu dituzte «enpresarien eta etxejabeen mesederako hartutako neurriak». «Besteak beste, %100eko salbuespen fiskalak onartu dituzte jabeentzako». Ezkerreko alderdiei espresuki leporatu diete «propaganda» egitea: «Langile klasearen zenbait eskari kontuan hartzen dituztela dioten arren, higiezinen merkatuaren irabaziak areagotzeko politikak aplikatzen dituzte».
Sindikatuak nabarmendu du «kalean jardun» behar dela hobekuntza eraginkorrak lortzeko eta langile klasearen bizi baldintzen alde egiteko, «borrokaz eta antolakuntzaz». Langile antolakuntzak «independentea» izan behar duela esan dute, ez duela «etxebizitzaren arazotik etekina ateratzen duten enpresarien» mende egon behar, ezta «arazo hori kudeatzeaz arduratzen diren politikarien» mende ere. Horregatik erabaki dute kalera ateratzea, iazko abenduan gainerako etxebizitza sindikatuekin egin zuten bezala. Besteak beste, aldarrikatuko dute prezio guztiak jaitsi behar direla, eta jabe handien etxebizitzak desjabetu behar direla.
«Aldarrikatu nahi dugu beste gizarte eredu bat eraikitzea dela bide bakarra etxebizitzaren arazoa behin betiko desagerrarazteko, etxebizitza merkantzia bat izan ez dadin eta baliabideak behar sozialen arabera planifikatu daitezen», adierazi du sindikatuak. Erantsi du hori dela estatu sozialistaren proiektua: «Etxebizitza doakoa, unibertsala eta kalitatezkoa izango den estatua».