Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk uste dute gaur egun «izugarri larriagotu» dela etxebizitzaren arazo kronikoa. Hala, etxebizitzaren eskubide unibertsalaren aldeko manifestaziora deituko dute, Iruñean, azaroaren 28rako. Errekoletoen plazatik abiatuko da protesta, 19:00etan.
Irakurketa bateratua egin dute. Bi eragileon arabera, langileriaren pobretze orokortuaren eragile nagusietako bat da etxebizitza. «Gehiengoarentzat arazo larria da, baina gutxi batzuei aberastasuna pilatzeko balio die». Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren eta Harituren ustez, «eskubidea izan ordez, negoziorako balio du, eta batzuen etekina lehenesten da».
Ikusi gehiago
Urriaren amaieran, Nafarroako Parlamentuan tentsio handiko eremuak izendatzeko legea aldatu zuten, eta, berriki, Nafarroako Gobernuak zerga neurrietan alokairua sustatzeko %50eko kenkariak proposatu ditu jabeentzako. Bi eragileon ustez, «alderdi politiko guztien proposamenak antzekoak dira, eta etxebitzaren negozioa sustatzea dute helburu. Premiazko neurriak hartu behar badira, negozioaren kontura har daitezela», salatu dute.
Etxebizitzaren arazo larria salatuko dute Iruñeko kaleetan azaroaren 28an. Horrela, abenduaren 14n Bilbon egingo den manifestazio nazionala «hauspotu» nahi dute.