Etxebizitza

Etxebizitza eskubide subjektiboa garatzeko dekretua onartu du Jaurlaritzak

Eskatzaileek bete beharreko bi baldintza aldatu dituzte: etxebizitzaren eskatzaileen erregistroko antzinatasuna eta gehienezko diru sarreren zenbatekoak

Borinbizkarra auzoko etxebizitza batzuk. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU
Isabel Jaurena.
2023ko urriaren 10a
14:00
Entzun

Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzako, Etxebizitzako eta Garraioetako sailburuak gobernu kontseiluaren osteko agerraldian adierazi du etxebizitza eskubide subjektiboa garatzen duen dekretua onartu duela Jaurlaritzak. «Dekretuak etxebizitzarako eskubide subjektiboa aitortzeko eskakizun, baldintza eta prozedurak arautzen ditu, eta aukera ematen du alokairuko etxebizitza sozial batera jotzeko, edo merkatu librean alokairu baten ordainketa erraztuko duen prestazio ekonomiko bat jasotzeko», erran du Arriolak.

Zehazki, dekretuak 2015ean onartutako Etxe Eskubidearen Legean jasotzen den etxe eskubide subjektiboa garatzen du. Geroztik, eskubidea aitortzeko zenbait baldintza bete behar dira: etxe egonkorrik edo egokirik ez izatea −bizigarritasuna, tamaina, ahalmen ekonomikoa edo arrazoi juridikoak direla medio−, lau urtez etxe eskatzaileen erregistroan izena emanda egotea, eta bizikidetza unitate bakoitzeko urteko diru sarrerak kopuru jakin bat baino txikiagoak izatea: kide bateko bizikidetza unitateek 9.000 euroren diru sarrerak izan zitzaketen gehienez; bi kidekoek, 12.000 eurokoak; eta hiru kidekoek, 15.000 eurokoak.

Baldintza horietako batzuk aldatu ditu dekretuak. Orain, adibidez, nahikoa izanen da etxebizitza eskatzaileen erregistroan hiru urtez izena emanda egotea. Diru sarreren kopuruak ere aldatu dira: eskubidea aitortzeko, kide bateko bizikidetza unitateek 13.000 euro irabazi ahalko dituzte urtean gehienez; bi kidekoek, 17.000 euro; eta hiru kidekoek, 19.000 euro. Aldaketa horiekin etxe eskubide subjektiboa 10.000 eskatzailetara zabaldu ahalko dutela aitortu du Arriolak. Aldaketa horiek «berehala» eginen direla dio, dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denean.

Herritar gehiagorengana iristea zen, bada, etxe eskubide subjektiboak zituen erronka nagusietako bat. Izan ere, Etxebizitza Legea indarrean denetik, hainbat adituk nabarmendu dute beharrezkoa zela dekretua, eskubidearen mugak agerikoak zirelako. Adibidez, 2015etik aurtengo apirliera bitarte 15.000 herritar inguruk eskatu dute eskubide hori aitortzeko, baina horietako 7.900 ingururi baizik ez zaie aitortu. Gainera, horietako 2.400 inguruk soilik dute alokairu sozialeko etxe bat, eta bertze 2.000 inguruk alokairua oraintzeko laguntzak jasotzen dituzte.

Ikusi gehiago:Eskubide baten mugak

Bateratuta

Dekretuaren bidez, gainera, EAE Euskal Autonomia Erkidegoan dauden etxebizitzaren arloko bi laguntza nagusiak bateratuko dituzte: etxebizitzarako laguntza osagarria, Lanbidek kudeatzen duena; eta etxebizitzarrako laguntza ekonomikoa, Jaurlaritzaren etxebizitza arloak kudeatzen duena. Etxebizitza eskubide subjektiboa aitortu zaien horiei ematen zaie bigarrena, baina alokairu sozialeko etxerik eman ez zaienei −zerbitzu publikoek etxe nahikorik ez dutelako, normalean−. Merkatu libreko etxe baten alokairuaren ordainketa errazteko balio du laguntzak.

Dekretuan trantsizio plan bat dago, zeinetan ezartzen den etxebizitzarako laguntza osagarria jasotzen duten horiek etxebizitzarako laguntza ekonomikoa kobratzen hasten ahalko direla, lehenbiziko laguntza iraungitzen denean. Izan ere, Lanbidek kudeatutako laguntza hori bi urtez kobratu daiteke, baina bertzeari eusten zaio eskubide subjektiboaren aitortza izan bitartean. Hala, laguntza osagarria iraungintzen zaien horiek prestazio ekonomikoa kobratuko dute urte batez, eta tartean eskubide subjektiboa aitortzeko eskatu beharko dute. Laguntza batetik bertzerako aldaketa horiek 2024ko apirilaren 2tik aurrera jarriko dira indarrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.