Etxebizitza eskubide bat dela eta gazteei bereziki ukatzen zaiela ardatz hartuta, «okupazio bolada» berri baterako deia egin du Gazte Emantzipaziorako Sareak (GES). Gasteizen azkenaldian izaten ari diren hirigintza gatazka zenbaiten haritik sortu da taldea; izan ere, alde batetik, uztailaren 3an epaituko dituzte alde zaharreko Txikita 14, Pintore 20 eta Aiztogile kaleko 92 blokeetako etxebizitzak okupatu zituzten gazteak; bestetik, Errekaleor auzo autogestionatua eraisteko planen aurkako mugimenduak protestara deitu du larunbat honetarako.
Alde zaharreko etxe horien jabea, Errekaleorrekoa bezalaxe, 21 Zabalgunea udalaren hirigintza enpresa da. Duela sei urte gazteentzako alokairu sozialean emango zituela iragarri zuen, baina ordutik etxebizitza gehienak hutsik egon direla salatu du GESek. Horregatik erabaki zuten hainbat ekintzailek etxeotan bizitzen jartzea. «Jakin ezazue zenbait gazte jada etxe horiek autogestionatzen ari direla, eta, hortaz, orain etxe horiek badirela sozialak», ohartarazi dute: «Okupazioaren bidez berreskuratuko dugu gurea den eskubidea». Gasteizko hirigunea «erosahalmen handiena duten pertsonen esku» dagoela nabarmendu dute, eta gazteak periferiara joaten ari direla ezin dutelako hirian etxebizitzarik ordaindu. «Enpleguaren ezegonkortasuna eta prekaritatea, zabor kontratuak, lanaldi partzialak... Egoera horretan oso zaila egiten zaigu baldintza duinetan emantzipatzea». Okupazio mugimenduarekin bat egitera deitu dute «gazte oro», eta hura defendatzera «gainerako gasteiztarrak».
Etxebizitza eskubide gisa aldarrikatzeko elkarte bat aurkeztu dute Gasteizen
Alde zaharreko hiru etxe okupatzeagatik, hainbat gazte epaituko dituzte uztailean. «Okupazio boladaren hasiera besterik ez da», iragarri dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu