Etxebizitza alorreko planak betetzeko «zailtasunak» dituztela aitortu du Arriolak

2010-2013 planaren helburuak kolokan daude aurrekontu faltagatik, batez ere alokairuari dagozkionak

Erredakzioa
Gasteiz
2011ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Babes ofizialeko etxebizitzen eraikuntzarako Eusko Jaurlaritzak zehaztutako helburuak ezbaian daude. 2010-2013ko eperako Etxebizitzako eta Hiria Biziberritzeko Plan Zuzentzailearen helburuak betetzea «zaila» izango dela aitortu du Iñaki Arriola Etxebizitza sailburuak. Gaineratu du zailtasunek eragin berezia dutela alokairuko babes ofizialeko etxebizitza egitasmoetan eta hori guztia aurrekontu arazoen ondorioz gertatzen ari dela.

2010-2013ko eperako planaren arabera, babestutako 20.000 etxebizitza eraikiko dira; horietatik 11.900 salduko dira, eta gainontzeko 8.900 etxebizitzak alokatuko dira. Eusko Jaurlaritzak egitasmo hori aurrera eramateko 1.389 milioi euroko aurrekontua duela gogorarazi du Arriolak Eusko Legebiltzarrean, etxebizitza politikak hizpide izan dituen osoko bilkuran.

Agerian utzi du aurrekontu hori ez dela nahikoa aipaturiko egitasmo guztiak egiteko, eta nabarmendu du sektore pribatuko laguntza jaso ezean plan batzuk ezingo direla behar bezala gauzatu. Arrazoi horrexegatik, sektore pribatuko dirua ez lortzeagatik, alokairuko 1.600 etxebizitza egin gabe gelditu ziren 2010an, Arriolaren arabera.

Aurrekontuetako diru laguntzez gain, dirua beste bide batzuen bitartez lortzen saiatzen ari da Jaurlaritza, Arriolak aurreratu duenez. Alde batetik, babes ofizialeko 11.859 etxebizitzen onuradunei etxebizitza horien lurra saltzen hasi zen aurreko urtean; horren bidez 24 milioi euro inguru lortzea espero zuen Etxebizitza Sailak. Horrez gain, kanpoko funtsetatik, inbertsio funtsetatik eta Europako programetatik dirua eskuratzen saiatzen ari dela aurreratu du sailburuak.

Halaber, Europako Inbertsio Bankuarekin elkarrizketak izan dituztela jakinarazi du. Elkarrizketa horiek plan zuzentzailearen helburuak bete ahal izateko babesa lortzea dute helburu, «zorpetze onartezinean» erori gabe.

Alokairuan, etxeen erdiak

Eusko Jaurlaritzaren planaren arabera eraikitzen diren babes ofizialeko etxebizitza berrien %42k alokairukoak izan behar dute, baina Eusko Legebiltzarrak etxebizitzen erdiak alokairura bideratzeko eskatu dio Jaurlaritzari. Horrez gain, hipotekari aurre egiterik ez duen pertsona batek etxea ematean banketxearekin duen zorra bertan behera geldi dadin «beharrezko aldaketak» egiteko ere eskatu du.

Halaber, hutsik dauden etxebizitzak merkaturatzeko proposamen bat onartu du Eusko Legebiltzarrak. Modu horretan, 2013ra arte gaur egun EAEn hutsik dauden 74.000 etxebizitzetatik 15.000 merkaturatzeko eskatu dute, kanon delakoa ezarriz.

Jaurlaritzak etxebizitza arloan etorkizuneko dinamika ezartzeari «muzin» egin diola kritikatu du Dani Maeztu Aralarreko legebiltzarkideak. Krisi egoeran politika publikoen alde egin beharrean orain arte etxebizitzen espekulazioarekin aberastu direnen alde egin dela azaldu du. Horrez gain, alokairuaren alde behar beste lan egin ez izana leporatu dio Juanjo Agirrezabala EAko legebiltzarkideak Eusko Jaurlaritzari.

Eskaerari aurre egiteko, alokairuko etxebizitza parke bat egiteko beharra nabarmendu du Mikel Arana Ezker Batuko legebiltzarkideak. Plan zuzentzaileak ez duela ezertarako balio kritikatu du Juan Antonio Arieta-Araunabeina EAJko legebiltzarkideak, horren filosofia egungo etxebizitza krisia eragin duena delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.