Etxeberri eta Molle absolbitzeko eskatu dute Euskal Herriko hiriburuetan

Frantziaren eta Espainiaren immobilismoari aurre egiteko ekintzatzat jo dute Luhusoko ekinaldia.

Bilbon egindako elkarretaratzea, gaur eguerdian. BERRIA
Bilbon egindako elkarretaratzea, gaur eguerdian. BERRIA
2024ko apirilaren 3a
15:26
Entzun

Euskal Herriko hiriburuetan elkarretaratzeak egin dituzte Beatrice Molle eta Jean Noel Etxeberri Txetx bakegileei elkartasuna adierazteko, atzo eta gaur Parisen haien aurka martxan den epaiketaren harira. Gogora ekarri dute 2016ko abenduan Luhuson (Lapurdi) ETAren armagabetzeari bide eman zion ekinaldiak zer-nolako babesa izan zuen, eta absoluzioa eskatu dute bi kideentzat: «Absoluzio hori Euskal Herriko gatazka armatuaren ondorioei heltzeko determinazioaren eta gure historian kapitulu berri bat irekitzeko borondatearen zantzu argia izango litzateke».

Mobilizazioetan parte hartu dute, besteak beste, LAB eta ELA sindikatuetako ordezkariek, EH Bilduko kideek, Sare Herritarreko ordezkariek, Konponbide osoa orain.Bake Artisauak aske lelopean. Testu bateratu batean, Luhusoko ekintzan parte hartu zutenen jarduna goraipatu dute eragile horiek, argudiatuta «indarkeriarik gabeko konpromisoagatik aintzatetsitako aktibistak» direla: «ETAren armagabetze seguru eta ordenatuari bide emateko Paris eta Madrilen ekimenik eza konpentsatzera etorri ziren». Izan ere, gogoratu dute ETAk 2011n eman ziola amaiera borroka armatuari, baina Espainiak eta Frantziak «errepresioari, presoen sakabanaketari eta salbuespen politikei» eutsi zietela.

Ekintza hura 2017ko apirilaren 8an egindako armagabetze ekintzaren aurrekaritzat jo dute, eta, era berean, azaldu dute haren ostean ekin ziotela Parisen eta Bakegileen arteko «lan gune ofizialari», presoen egoera bideratzeko helburuarekin.

Eragileen esanetan, oraindik lan egin beharra dago «bake osoa eta iraunkorra» eskuratzeko. Halere, azaldu dute horrek emango duela modua «biktimak behar bezala aitortzeko, memoria egiteko, betebeharra betetzeko eta oraindik kartzelan edo erbestean daudenen egoerari heltzeko». Horiek hala, euskal presoei ezarritako salbuespenezko espetxe politikak amaitu daitezela ere eskatu dute: «Eskubideak errespetatzea oinarri duen etxeratze prozesu bat eraiki behar dela diogu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.