Etxeberria sendia babestu du desagertzeen NBEko taldeak

Naparrari buruzko dokumentuak desklasifikatzearen alde agertu da Luciano A. Hazan lantaldeko burua

Eneko Etxeberria, herenegun, NBErekin telematikoki bilduta. BERRIA.
2022ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
IRUÑEA. Familiak horretarako ekinbide judizialik abiatuko balu, bortxazko desagertzeen NBEko lantaldea Naparrari buruzko dokumentuak desklasifikatzearen alde agertuko litzateke, eta babesa emanen lioke sendiari horretarako. Hori adierazi zion herenegun Luciano A. Hazan lantaldeko buruak Eneko Etxeberriari taldeak harekin egindako bileran.

Duela bi urte baino gehiago bildu ziren azkenekoz, 2020ko otsailaren 12an, Genevan; eta ortzegunean elkartu ziren berriro Etxeberria eta bortxazko desagertzeen NBEko lantaldea, bideokonferentziaz. Jose Miguel Etxeberria Naparra-ren anaia da Eneko Etxeberria, haren anaiaren desagertzea argitzearen alde ezagun egin den aurpegia. Izan ere, 42 urte geroago, argitu gabe dago oraindik Naparraren desagertzea: 1980ko ekainaren 11n izan zuten azkenekoz haren berri.

Bortxazko desagertzeen NBEko lantaldea Genevan bilduta dago egunotan, taldearen 126. bileran, eta horren karietara hartu zuen hitza herenegun Eneko Etxeberriak. Lantalde horrek jarraipena egiten dio Naparraren kasuari —2014an NBEk bortxaz desagertutako pertsona izendatu zuen Jose Miguel Etxeberria—.

Lituaniako Henrikas Mickevicius, Italiako Gabriella Citroni, Thailandiako Angkhana Neelapaijit, Ginea Bissauko Aua Balde eta Argentinako Luciano A. Hazan bera dira lantaldeko kideak. Etxeberriak Naparra kasuari buruz dauden azken xehetasunen berri eman zien, eta haiek elkartasuna adierazi zieten senideei: berretsi zuten interesez erreparatzen diotela kasuaren bilakaerari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.