Jean Noel Etxeberri Txetx eta Beatrice Molle errugabetu ditzatela eskatzeko agerraldia egin dute Luhusoko Errekartea baserrian berrehun pertsona inguruk. Apirilaren 2an eta 3an epaituko dituzte, 2016ko abenduan ETAren armak eduki eta garraiatzea leporatuta. Orduan hartutako «arriskua» eta erakutsitako «determinazioa» goraipatu dituzte, eta adierazi dute «ezinbesteko» ekinaldi hark «Aieteko bide orria betetzeko modua» eman zuela. Apirilaren 3an elkarretaratzeak eginen dituzte zazpi hiriburuetan, Errugabetzea, Euskal Herrian aro berri bat behin betiko irekitzeko lelopean.
Auzi egunetan elkarretaratzeak antolatuko dituzte Euskal Herriko zazpi hiriburuetan @berriapic.twitter.com/7EcahOSbTI
— Ekhi Erremundegi (@EkhiErremundegi) March 16, 2024
Gaur-gaurkoz, 5.000 herritarrek izenpetu dute bi auzipetuen errugabetzea eskatzeko agiria. Horien artean dira nazioarteko hainbat pertsona ezagun, hala nola Frantziako Gobernuko zortzi ministro ohi eta Frantziako 35 parlamentari. Halaber, Luhusoko agerraldian parte hartu dute Iñaki Etxaniz, Vincent Bru, Frederique Espagnac eta Max Brisson Ipar Euskal Herriko parlamentariek, Mertxe Aizpurua EH Bilduko diputatuak, Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak, Euskal Herriko eragile politiko, sozial eta sindikal anitzetako ordezkariek, hainbat erakundetako hautetsiek eta herritar andanak. Anaiz Funosas Bake Bideko presidenteak, Jean François Mignard LDH Frantziako Giza Eskubideen Ligako kideak eta Jean Daniel Elixiri bakegileak hartu dute hitza denen izenean. Txalo zaparrada bat eskaini diete auzipetutako bi bakegileei.
Ikusi gehiago
Luhusoko operazioaren testuingurua oroitarazi dute, 2011n ETAk jarduera armatuaren bukaera iragarri ondotik izandako urrats nagusiak aletuta: Osloko elkarrizketa saiakera, 2014ko Baionako Adierazpena, eta 2015ean hura ahots bakarrarekin Parisera eraman izana. Baina esplikatu dute egoera blokeatua zegoela. «Estatuen iniziatiba eta ausardia politikorik ezean, armagabetze negoziatu eta segurtatu baterako baldintzarik ez zegoen, eta bake prozesua trabatua zen».
Hala, Luhusokoa «erabakigarria» izan zela adierazi dute. «Anitzek espero zutenari eta ageriko behar bati erantzuten zion. Umiliaziorik eta mendeku izpiriturik gabeko bake iraunkorra eraikitzea zuen helburu». Bi auzipetuei «babesa» adierazi eta «eskerrak» eman dizkiete, baita orduko ekinaldian parte hartu zuten eta geroztik zendu diren Mixel Berhokoirigoin, Mixel Bergouignan eta Michel Tubianari ere. «Zuek harturiko arriskuak eta zuen determinazioak eraman gaitu, gu guztiok, armagabetzetik harago funtsezko urratsak egitera. Ezin beharrezkoagoa zen ekimen hark Aieteko bide orria betetzeko modua eman zuen».
Aro berri bat
Sostengutik harago, engaiamendu baten «izaera zilegia» azpimarratu nahi izan dute bakegileak errugabetzea eskatzeko agerraldian; «haiek harturiko arriskuaren eta urraturiko bidearen aitortza». Argi adierazi dute: Etxeberrik eta Mollek eta, haien gisara, «Euskal Herriarentzat beste etorkizun bat eraikitzen segitzen dutenek» ez dute lekurik akusatuen aulkian.
Luhusokoen kontrako auzia «mugarri» bat izanen dela adierazi dute, «Euskal Herrian eztabaida demokratikoa eta elkarrizketarako esparrua mantentzeko» egiten duten «etengabeko ahaleginean». Eta iragarri dute auziaren ondotik gatazka armatuaren ondorioen konponbide integralari loturiko «perspektiba berriak» irekiko dituztela. «Herritarren engaiamenduaren eta inteligentzia kolektiboaren bidez, geroari so ezarriko gara».