Etxebarrieta: «EH Bildurena da aldaketaren boto papera»

EH Bildu Gureak enpresan egon da bisitan gaur; hura arduratuko da koalizioaren boto paperak inprimatu eta gutun azaletan sartzeaz.

Oihana Etxebarrieta EH Bilduko kanpainako bozeramailea. EH BILDU
Oihana Etxebarrieta EH Bilduko kanpainako bozeramailea. EH BILDU
xabier martin
2024ko apirilaren 3a
14:00
Entzun

EH Bilduk Gureak enpresa hautatu du bere boto paperak inprimatu eta gutun azaletan sartzeko, eta, gaur, koalizioaren ordezkaritza bat enpresa horretan izan da bisitan. «Beste enpresa batzuk hauta genitzakeen, baina Gureak-en alde egin dugu, gure begirada bestelakoa baita, politika ere beste era batera egiten baitugu», esan du Oihana Etxebarrieta kanpainako bozeramaileak.

Gureak gizarte ekonomiako enpresa taldeak desgaitasunen bat dutenentzako lan aukera egonkorrak sortu eta kudeatzen ditu. Bere ibilbide luzean, «gizarteratzeko eta laneratzeko enpresa eredu bat sortu du», Etxebarrietak azaldu duenez, eta eredu hori «erreferente bihurtu da Europan», haren arabera.

Gaur egun, Gureak 6.000 pertsona baino gehiagok osatzen dute, eta horietatik %84k desgaitasunen bat dute; erdiek baino gehiagok desgaitasun intelektuala eta gaixotasun mentalen bat dute.

Eraberritze politikoa

Datozen egunetan herritarren etxera iritsiko diren boto paperak ikusi ondoren, EH Bilduko eledunak azpimarratu du koalizioarena dela «aldaketaren boto papera»; haren ustez, «hemen eta orain» egin daiteke aldaketa hori: «Beharrezkoa da». Egunotan EH Bilduk herritarrei azaldu die zein diren haren proposamenak «Osakidetza berriro zutik jartzeko, etxebizitza eskuratzea eskubide bat izateko eta ez pribilegio bat, eta industria eta ekonomia suspertzeko», Etxebarrietak gogoratu duenez. «Horiek dira Eusko Jaurlaritzatik egin nahi ditugun politika publikoak».

«Politika publikoak jendearen arazoei lehentasuna emateko baliatuko dituzten gobernuak proposatzen ditugu, eta egunerokoa hobetzeko irtenbideak bilatuko dituztenak».

Oihana EtxebarrietaEH Bilduko Kanpainako bozeramailea

Koalizio abertzalearen bozeramaileak erantsi du «guztion artean» eraiki nahi dutela «herria, elkarlaneko gobernantza eredu batekin, inplikatutako alde guztiei entzun eta konponbidearen parte bat egingo diena». Ziurtatu du «herri honek eraberritze politikoa» behar duela, eta politika publiko horietan oinarritzen dela proposatzen duten aldaketa. «Politika publikoak jendearen arazoei lehentasuna emateko bilatuko dituzten gobernuak proposatzen ditugu, eta egunerokoa hobetzeko irtenbideak bilatuko dituztenak. Herri hau merezi duen lekura zuzendu behar da, eta hori EH Bilduk bakarrik egin dezake».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.