Etxean oinarrizko zaintza jasotzea, garestiegi

Zerga bidez diru gehiago jasotzeko asmoz, etxez etxeko laguntza zerbitzuaren berrordainketa kalkulatzeko modua aldatu du Bilboko Udalak, eta tasak igo dizkie erabiltzaile askori. Ereduari buruzko gogoeta ireki du horrek.

ETXEZ ETXEKO LAGUNTZA ZERBITZUA
Etxez etxeko laguntzaileek etxe batean baino gehiagotan egin ohi dute lan. BERRIA DISEINU TALDEA
Maite Asensio Lozano.
2024ko otsailaren 11
05:00
Entzun

«Zerbitzutik bota gaituzte. Utzi behar izan dugu, ez dagoelako hori ordaintzerik». Bilboko Udalak urtarrilean igorritako gutuna eskuan duela mintzo da Javi, haren emazteak —datu gehiago ez emateko eskatu dute— erabiltzen duen etxez etxeko laguntza zerbitzuaren garestitzeaz: hirukoiztu egin diete tasa. Tetraplegia du emakumeak, nekez hitz egin dezake, eta senarrak zaintzen du. Astean bost egunez, egunean bi orduz, laguntzaile bat joan zaie etxera azken urteetan, baina eten behar izan dute jardun hori: abendura arte, hilean 410 euro ordaintzen zuten, baina urtarrilean 1.337 euro eskatu zizkieten. Hileko 44 ordurengatik. Zerbitzu publiko batean. «Igoera guztiz neurrigabea da».

Urtarrilean Bilboko etxez etxeko laguntza zerbitzua utzi zuten 240 erabiltzaileetako bat dira. Prezio igoerak eragin du krisia: aurtengo ordenantza fiskalean, zerbitzua erabiltzen duten herritarrek ordaindu beharreko tasa kalkulatzeko modua aldatu du udalak, eta, tasak lau urtez izoztuta eduki ostean, erabiltzaile askori nabarmen igo zaie prezioa. Haiek pagatu behar baitute parte bat. «Zerbitzu hau eskubide subjektibo bat da, beharrezkoa familia askorentzat, baina berrordainketa bidezkoa. Ezin dugu esan unibertsala denik», azaldu du Xabier Jimenezek, Elkarrekin Bilbaoko zinegotziak. «Arazoa da Gizarte Zerbitzuen EAEko Legeak ez duela zehazten zenbatekoa izan behar den, beraz, udalen mende geratzen da: zerbitzu unibertsalagoa ala esklusiboagoa eman nahi duten, horren arabera ezartzen dute».

Zifrak

3.414

Erabiltzaileak. Udalaren datuen arabera, Bilbon 3.414 lagunek erabiltzen zuten etxez etxeko laguntza zerbitzua iazko abenduan. Zerbitzurik ohikoena astean hamalau orduko laguntza jasotzea zen (%45), eta gero, hamalau eta 22 ordu artean (%37). Ia erdiek arreta «mistoa» jasotzen zuten: zaintza eta garbiketa lanak aldi berean.

%78

Emakumeak. Bilbon, zerbitzua erabiltzen duten gehienak emakumeak dira: abendu amaieran, 2.622 (%78). Erabiltzaileen %74k 80 urte baino gehiago dituzte, eta %69 bakarrik bizi dira.

Bilbon, kalkulu berriaren aldaketa nagusia da erabiltzaileen ondasunek pisu handiagoa dutela: aurreko ereduan, batik bat errenta hartzen zuten kontuan, eta orain, aurrezkiak, bigarren etxebizitzak eta bestelako ondasunak sartu dituzte ekuazioan. Gizarte Ekintzako zinegotzi Juan Ibarretxek joan den asteko batzordean azaldu zuenez —ez die BERRIAren galderei erantzun—, ordenantza berriak «unibertsaltasun eta progresibitate printzipioak sustatzen» ditu: «Ekarpena gaitasun ekonomikoaren araberakoa da: gutxien duenak laguntza handiagoa jasoko du udaletik. Inork ez du ordainduko bere gaitasunaren %20aren gainetik dagoen kuotarik». 

Jimenezek, ordea, auzitan jarri du sistema berria progresiboagoa denik: «Lehen hamabost tarte zeuden kalkulua egiteko, eta orain bederatzi daude. Zehaztasuna galdu da: zuriaren eta beltzaren artean, gris eskala murriztu da». Eta ez da sistema egokia ondasunen irizpidea txertatzeko: «Demagun etxe bat duzula izeko batek utzia, hamar lehengusurekin batera. Etxe hori kontuan hartzen dute ondasun gisa, saltzea eta diru bihurtzea erraza balitz bezala. Ondasunaren kalkulua oso konplexua da, eta gainera, erabiltzaileek beste gastu asko dituzte zaintzarekin lotuta; kasu zehatzetara joanda, ñabardura larregi daude halako formula sinple baterako».

«Erakunde publiko batek emandako zerbitzu bat zergatik da garestiagoa enpresa batek emandakoa baino? Nor ari da etekina ateratzen?».

GUILLERMOErabiltzailea

Dirua, bizitzeko

Javiren eta emaztearen egoera da horren adibide. Nola azaldu kuota 410 eurotik 1.337ra igo izana? «Emazteak istripu bat izan zuen duela hogei urte, 28 urterekin; elbarri geratu zen, eta kalte ordain bat eman zioten». Diru hori hartu diete kontuan kalkulua egitean. Emakumeak haserrea adierazi du udalera igorritako gutun batean: «Kalte ordain hori bizitzeko behar dut: arnasa hartzen, jaten, komunera joaten… gastatzen dut. Gainontzekoek doan egiten dituzten gauza horietarako nik pagatzen dut, norbaiten laguntza behar dudalako! Eta urteak pasatu ahala, laguntza gehiago behar dut. Nik ez daukat luxuzko bizimodurik».

Kalte ordainaren diruarekin bizi da Javi bera ere: «Istripuaren ostean, lana utzi nuen: kanpoan nengoen orduetan beste zaintzaile bat ordaintzea ez zen errentagarria». Etxez etxeko laguntzailea zen haren atseden denbora bakarra: «Ohetik altxatzen zuen, dutxatzen zuen, gosaria ematen zion… Eta bitartean ni etxetik atera nintekeen erosketak egitera». Babes txiki hori «premiazkoa» zen haientzat, baina utzi behar izan dute; enpresa pribatuetan bilatzen ari dira: «Ordu berdinengatik 600 euro inguru eskatzen dute».

«Erakunde publiko batek emandako zerbitzu bat zergatik da garestiago enpresa batek emandakoa baino? Nor ari da etekina ateratzen?», galdetu du Gillermok —abizenik ez du eman nahi—. Zerbitzua utzi du hark ere: 90 urte ditu amak, eta astean hiru orduz joaten zitzaion laguntzaile bat, batez ere etxea garbitzera. Hilabetean 180 euro pagatzen zituen lehen, eta 400dik gorako kuota ezarri zioten urtarrilean. «Amak pentsio normal bat dauka, 1.300 eurokoa, eta dirua aurreztuta, adineko askok bezala. Progresibitateaz hitz egin daiteke, baina ez da bidezkoa zaku berean sartzea bizi osoko aurrezkiak dauzkan pertsona bat eta milioi askoko bat».

Arautu gabe

Bilboko polemikaren harira, «bitxikeria» asko azaleratu dira, Maria del Rio EH Bilduko zinegotziaren iritziz: «Etxez etxeko laguntza zerbitzua ez dago araututa Bilbon; ez dago horri buruzko ordenantzarik. Badago zerbitzuen karta labur bat, eta gainerakoa barne jarraibideen bidez arautzen da». Ondo ezagutzen du eremua, Politika Sozialen arloan zuzendari izan baitzen Gipuzkoako Diputazioan: «Gizarte Zerbitzuen EAEko Legeak 2008an eman zien udalei zerbitzuaren eskumena. Jaurlaritzak garatu behar zuen oinarrizko araudia, baita berrordainketari buruzkoa ere, baina ez du egin. Eta udal bakoitzak egiten du ahal edo nahi duena».

«Diru gehiago duzu eta erabakitzen duzu berrordainketa igotzea? Udalak argi utzi du zein den bere filosofia zaintzari dagokionez».

MARIA DEL RIO EH Bilduko zinegotzia

Berrordainketaren normalizazioari ere erreparatu dio Del Riok: «Prezioa bada zerbitzuaren ezaugarri bat. Alegia, zerbitzua ez da doakoa: prezioak baldintzatzen du sarbidea. Eta ematen du udalarentzat ez dutela zerikusirik». Gainera, prezioa lotuta dago zerbitzuak udalarentzat daukan kostuarekin: «Zergatik? Udalak dio lotuta egon behar direla, egia zientifiko bat balitz bezala, baina ez du zertan: kostua igotzeak ez du esan nahi prezioa igo behar denik».

Are, Jimenezek uste du udalak zaintza zerbitzu bat erabili nahi duela zerga bidez dirua biltzeko: «Marta Ajuriak [Ogasun zinegotzia] udan iragarri zuen ordenantza fiskal berriekin 5,5 milioi euro gehiago jasoko zituela udalak, eta 1,36 milioi etxez etxeko laguntzatik dator; lau eurotik bat, erabiltzaileek jasango duten igoeratik». Del Riok gogora ekarri du Bilboko Udalak inoizko aurrekonturik handiena daukala aurten: «Erabaki zezaketen politika batzuen norabidea aldatzea, justu gizartea zaintzari buruz hausnartzen ari denean eta greba feminista orokor bat egin dugunean. Diru gehiago daukazu eta erabakitzen duzu berrordainketa igotzea? Udalak argi utzi du zein den bere filosofia zaintzari dagokionez».

«Hamazortzi milioi eurotik ia bost joaten dira pribatizazioak sortutako gainkostuetara. Eta 1,3 milioi irabazi nahi zuten zergetan. Beste eredu batean, zaintzaileen baldintzak hobetu eta prezioak jaitsi genitzakeen».

XABIER JIMENEZElkarrekin Bilbaoko zinegotzia

Ildo horretan, Ibarretxe zinegotziak beste herrietara begiratzea deitoratu ditu Jimenezek: «Zergatik konparatzen gara diru sarrera gutxiago duten udalekin? Galdera ez da besteek zer egiten duten, baizik Bilborako zer eredu nahi dugun. Kapazak gara zerbitzu hau finantzatzeko? Nik uste dut baietz». Are gehiago, eredua pribatizazioan oinarritzen bada: «Zerbitzuak badauka gainkostu bat pribatua izateagatik, batetik, BEZa pagatzen delako, eta bestetik, enpresek ez dutelako musu truk egiten, etekinak nahi dituzte. Kalkulatu dugunez, hamazortzi milioi euroetatik, ia bost joaten dira pribatizazioak sortutako gainkostuetara. Eta 1,3 milioi irabazi nahi zituzten zergetan. Beste eredu batean, zaintzaileen lan baldintzak hobetu eta prezioak jaitsi genitzake».

Eraikitzaileak zaintzan

Bilbon, gainera, zeresana eman du pribatizazioak, zaintza zerbitzu baten parte bat eraikuntza enpresa baten esku dagoelako: Sacyr. «Eraikuntzaren gorakadaren ostean, zaintzan ikusi zuten negozioa. Udal pila batean daude», esan du Bego izeneko langile batek —abizenik ez du eman nahi—. Egunero bost etxetara joaten da, bakoitzean ordubete inguruko laguntza ematera. Denbora motz geratzen zaio: «Arreta pertsonala ezin da ordu erdian egin». Jarduera batzuk ere mugatuta dauzkate: «Konpainia egitea beste programa batera atera zuten —Urrats Bat Gehiago—, merkeagoa zelako. Baina muga oso lausoa da, eta erabiltzaileek konpainia eskatzen dute; batzuetan esaten dute: ‘Ez garbitu, etorri hitz egitera’. Erosketak ere oso gutxitan egiten ditugu, eta ezin gara erabiltzaileekin kalera atera. Ikusten badugu ez duela janik eta zerbait behar duela, enpresari jakinarazi behar diogu». 

«Erosketak oso gutxitan egiten ditugu, eta ezin gara erabiltzaileekin atera. Ikusten badugu zerbait behar dutela, enpresari jakinarazi behar diogu».

BEGOEtxez etxeko laguntzailea

Gogora ekarri du etxez etxeko laguntzaileak greban izan direla orain gutxira arte, 2012tik soldata izoztua izan zutelako. Eta ez zaizkio kontuak ateratzen: «Udalak 33 euro pagatzen ditu orduko. Norbait ari da hor etekina ateratzen, eta ez dira ez erabiltzaileak ez langileak. Ezin al da zerbitzua zuzenean kudeatu?».

Beste aukera interesgarri bat ikusi du hor Del Riok: erabiltzaileen jarraipena egitea. «Langile bat astero badoa etxera, jakingo dugu erabiltzaileak nola dauden, zer premia duten, medikua joan behar zaien, edo etxeko zaintzaileak (askotan, emakume zaharrak) ondo dauden. Eta udal langileak balira, gizarte langileek egin ahalko lukete benetan gizarte langileen lana, eta ez administraziokoa». Prezio igoerak, ordea, alde egitera bultzatu ditu hainbat erabiltzaile, eta horren ondorioak kontrako norabidean doaz: «Badaude zaintza lortzeko beste moduak: etxeko zaintzailearen karga handitzea edo informalki kontratatzea, sektore feminizatu, prekarizatu eta arrazializatu batean. Hortaz, udala sistema horretan zelako inpaktua izaten ari den ere kontuan hartzekoa da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.