ETXEAN EZIN KONPONDU

16 urte igaro dira Lizarra-Garaziko adierazpenetik. «Batez ere, HBk eta EAJk lotutako akordio bat zen», esan izan du Otegik. EAJ-HBren (EH, Batasuna, Sortu) harreman zailetan parentesi bat izan zen hura. Bi alderdi abertzaleak orain berriro ari dira hizketan, baina aitortu dute elkarrekiko konfiantzarik ez dutela.

EAJ eta HBren 1992ko elkarrizketa sortako jendaurreko lehen bilera, Bilbon, ekainaren 5ean. Mahaian, ezkerrean, HBko Aoiz, Iruin eta Idigoras; eskuinean, EAJko Egibar, Ollora eta Agirre. XOUSE SIMAL.
enekoitz esnaola
2014ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Historikoa da euskal abertzaletasunaren bi esparruen arteko elkar ulertzerik eza. Franco Espainiako diktadorea 1975ean hil ondoren, esaterako, 1977an Angeluko (Lapurdi) Xibertan EAJko eta euskal ezker esparruko erakunde asko bildu ziren hartu beharreko norabideaz. Ez ziren ados jarri, eta 1979an islatu zen haustura: EAJk baiezkoa eman zion EAEko Estatutuari; HBk, aldiz, ezezkoa.

HB 1978an sortu zen, eta 1992ra arte EAJk eta biek ez zuten elkarrizketa ofizialik izan, 1986an eta 1990ean hartu-emanen bat izan arren. 1992an, HBren ekimenez hasi zituzten bilerak. Maiatzaren 20 eta 29an prestakuntzarako elkartu ziren, eta azkenekoan agiri bateratu bat egin zuten. «Harremanak finkatu» nahi zituztela zioten, eta «gatazkaren diagnostiko bateratua» egin nahi zutela. «Euskal Herriari subiranotasuna eman diezaioketen instrumentuak ezagutzea» eta «elkarrizketa eta negoziazio ereduak zehaztea» zuten xede, «gatazkaren indarkeriazko adierazpenak gainditzeko eta bakea eta normalkuntza politikoa lortzeko asmoarekin».

Bilboko hotel batean egin zuten jendaurreko lehen bilkura, ekainaren 5ean, goizeko hamarretatik aurrera. Hedabide ugari azaldu zen. HBtik Idigoras, Iñigo Iruin eta Floren Aoiz ziren. EAJtik, Joseba Egibar, Juan Maria Ollora eta Gorka Agirre. Lau orduko batzarra.

Ekainaren 12, 16, 23 eta 30ean, eta uztailaren 6, 16, 22 eta 29an ere bildu ziren bi alderdiak. Inoiz Xabier Arzalluz ere joan zen. Bederatzi bilera guztira —azkena, Abadiñon (Bizkaia)—. 70 orduko hizketaldia. Emaitza: adostasunik ez. Ollorak eta Aoizek BERRIAri aitortu diotenez, baldintzarik ez zegoen HB eta EAJren arteko akordio posible baterako.

Alderdien artean konfiantzarik ez zegoen; ez ziren «fio», Aoizen arabera. HBk bere agirietan lehen juntadizoko «detaile esanguratsu bat» dakar: «Bilera bukatzean adostu genuen haiek atera zitezela lehenengo eta erantzun zitzatela hedabideen galderak, eta bost bat minutura gu aterako ginela. Irten ginen gu, eta goizeko hamarretatik deituta zeukaten prentsaurreko bat ematen ari ziren [EAJkoak], eta ETB2 zuzenean ari zen...».

Bilerei izaera desberdina eman nahi zieten EAJk eta HBk, ekainaren 5 hartako hedabideetako adierazpenetan suma zitekeenez. Egibar: «Grafikoki esanda, ez dugu nahi Portugaleteko Itsas Eskolaren transferentzia ekarriko duen esparru juridiko berria ateratzea. Bileren helburuetako bat da biolentziarik ez erabiltzea helburu politikoak lortzeko tresna gisa». Aoiz: «Ezinbestekoa da Euskal Herriaren eta Espainiako Estatuaren arteko hitzarmena, lau herrialdeen batasuna eta autodeterminazio eskubidea onartzen dituena».

Ollorak uste du «metodologian» huts egin zutela. «Nagusiki, iraganaz aritu ginen. Horrela zaila da ados jartzea. Etorkizuna, aldiz, eraiki egin behar da, eta hor jarri behar dira indarrak. Lehen hartu-eman ofiziala genuen EAJk eta HBk; hasiberriak ginen, prestakuntzarik gabeak». Ados da Aoiz.

Gainera, Olloraren arabera, egoera politikoagatik «heldutasunik» ez zegoen kontaktuek fruitua emateko. Hor ere bat dator Aoiz: «Ez zegoen baldintzarik aurrerapausoak emateko». Gogorra eta gaitza baitzen egoera: 1988an, HBk salbu, Ajuria Eneko Ituna sortu zuten; 1989an euskal presoen sakabanaketari ekin zion Espainiako Gobernuak; ETAk urte haietan jende asko hiltzen zuen...

1992ko martxoan Frantziako Poliziak Bidarten (Lapurdi) ETAko zuzendaritza atxilotu izana ere oso inportantea izan zen. Aoizek dioenez, operazioak «astindua» eragin zuen ezker abertzalean. HBko orduko bozeramaileak esaten du eurentzat «estrategikoa» zela «konponbiderako elkarrizketa aldarrikatzea», eta horregatik egin ziela EAJri bilera eskaintza—1991ko Urrats Berri prozesuaren ondorioa zen—. 1992ko garai zehatz harengatik ere «HBrentzat oso garrantzitsua izan zen EAJrekin biltzea». Aoizek uste du jeltzaleek ezker abertzalean zer gertatzen ari zen jakitea bilatzen zutela, PSOEren balekoarekin. «PSOE Espainiako Gobernuan zen, eta Jaurlaritzan 1986tik EAJk eta PSEk idilio bat bizi zuten».

EAJ eta HBren arteko lehen bilera egin eta lau egunera, erakunde armatuak bederatzi militar zauritu zituen Madrilen. Ekainaren 12an, HBk galdera «argia» egin zion EAJri: «Atentatuek baldintzatzen al dituzte elkarrizketak?». Egibarrek-eta esaten zieten ETAk indarkeria utzi beharra zuela, eta atentatuek «egoera zailean» jartzen zutela EAJ; barruan ere bazituzten presioak.

Eraikuntza nazionalaz eta lurraldetasunaz ikuspuntu desberdinak zituzten, eta, agiri bateratu baterako proposamenetan, indarkeriaz eta ETA eta gobernuaren arteko balizko harremanez aritu ziren. EAJk nahi zuena zen biek ETAri jarduera behin-behinean uzteko eskatzea. HBk erantzuten zion estatu indarkeria ere bazela, eta bi aldeei egin behar zitzaiela eskaera. Ez ziren ados jarri.

1992koaren arrastoa

Dena dela, ondoko urteetarako baliagarri izan zen gogoeta bat atera zen atzeneko bileran: EAJk galdetu zuen ea posible izango al zen abertzaleen arteko akordio bat —nahiz eta hori estatuak beteko zuen bermerik ez izan—, ETA bigarren planoan geratuz. 1998an, adibidez, Lizarra-Garazin eskema horrekin abiatu ziren.

EAJ eta HB 1992an ofizialki eta publikoki bildu izana izan zen beste «jauzi bat», Aoizen iritzian. Bederatzi bilera eta prestaketarako beste juntadizo batzuen bidez mintzaideek egindako harremana ere gerora begira kontuan hartzekoa izan zen haren ustez; «dena ez zen bilera, bazkari batzuk ere egin genituelako». Ollorak beste bi apunte «positibo» egiten ditu: «Batetik, bake eta normalizazio politikorako hausnarketa batzuk atera ziren; bestetik, bi parteok ikusi genuen metodologia harekin ez gindoazela inora hurrena».

ETAk 1995ean Alternatiba Demokratikoa plazaratu zuen. Aoizentzat «oso garrantzitsua» izan zen, «ETAk jarrera aldaketa izan zuelako, gizarteari protagonismoa emanda». Ollorak, 1996an Una vía hacia la paz (Bakeranzko bide bat, Erein( liburuan idatzi zuenez, uste zuen Alternatiba Demokratikoak «potentzialitate politikoa eta inguruan borondateak batzeko gaitasuna» zeukala, baina kezkatuta zegoen ezker abertzalearen jokabidearekin: «HBrekin egon izan naizenean, bestearen tokian jartzeko gaitasunik ez duela ikusi dut. Ez dakit ohartzen ari diren gero eta bakartiago geratzen ari direla». «Tik faxistak» ere ikusten zizkien.

Estrategia zen Olloraren kezka nagusietakoa. «Aldarrikapen baztertuezintzat» zeukan autodeterminazio eskubidea, baina haren lege aitorpenak baino gehiago kezkatzen zuen «izaera politikoko prozesu estrategikoak». Ajuria Eneko Ituna ez zuen egoera onean ikusten, blokeoa nabarmena zela iritzi zion, eta pentsatzen zuen «EAJk normalizaziorako eta bakegintzarako estrategia propioa landu» behar zuela. EBBko ideologotzat zuten askok Ollora.

1992tik, gogoeta edo eduki aldetik bederen, EAJ eta ezker abertzalea gertuago egon arren, haien artean eta, oro har, gizartean tentsioa handitu egin zen: ertzainen eta PPkoen hilketak egin zituen ETAk, polizia etxeetan atxilotuen heriotzak ustez torturak pairatuta, ETAren bahiketen inguruko bi elkarretaratzeetakoen arteko liskarrak, HBko Mahai Nazionala 1997ko otsailean behin-behinean kartzelara Alternatiba Demokratikoa zabaltzeagatik —apirilean bermea ordainduta libre atera ziren—... Iñaki Anasagasti diputatu jeltzaleak 1996an: «Ez dago [EAJ-HB] harremanik, enfrentamendua baizik».

1997ko uztaila mugarria izan zen. Miguel Angel Blanco Ermuko (Bizkaia) PPko zinegotziaren hilketa —ETAk—, eta ondorena. «Blancorena inflexio puntu bat izan zen», Aoizek uste duenez. «EAJk ikusi zuen berak urteetan sortzen lagundu zuen mamua bere begira jarri zela. Ezker abertzalea legez kanpo utzita, euskal politikagintzan zentraltasuna galduko zuela pentsatzen hasi zen».

Zigor epaia jaso, eta HBko Mahai Nazionala 1997ko abenduan sartu zuten berriz ere espetxean. Ordurako eragileekin elkarrizketa fase bat saiatzea erabakia zuen HBk. Kartzelan sartu aurretik, Rufi Etxeberriaren bidez, mezu hori helarazi zion EBBri —Egibar: «Politikan sartu nahi zutela esan ziguten»—. Batzutan elkartu ziren. HBk Irlandako Foroa sustatua zuen, hango prozesua euskal eragileen artean partekatzeko. «Konponbide demokratikoaren aldeko indarrak bildu nahi dira», esan zuen Etxeberriak. «Giro bat sortzen ari zen», dio Aoizek.

1998an, otsailean izan zuten HBk eta EAJk lehen batzarra. Egibar, Ollora, Agirre, Iruin eta, lehen aldiz, Arnaldo Otegi. Xede bat zen etorkizunari buruzko akordioa lortzea. Otegik aitortu izan du Ollorak Una vía hacia la paz-en ezker abertzalearen «oso antzeko diagnostikoa» egina zuela. Beste helburu bat: uneko gertakizunek ez moztea elkarrizketak. «ETAk militante jeltzale bat hilda ere» EAJk HBrekin hizketan segituko zuela adierazi zuen Egibarrek Euskadi Irratian 1998ko maiatzean. Ekainaren 5ean, Ertzaintzak Ina Zeberio etakidea hil zuen Gernika-Lumon (Bizkaia), operazio batean. EAJk eta HBk egun hartarako bilerako ordua jarria zuten, eta ez zuten bertan behera utzi; HBkoek galdetu zieten esateko zein zen hildakoa; esan zieten, eta han bukatu zen batzarra. Otegi izan zen Zeberioren hilkutxa eraman zuen bat.

1998an, otsailetik irailera hamabi bilera egin zituzten HBk eta EAJk. Sasoi hartan beste eragile batzuek ere parte hartu zuten elkarrizketa prozesuan: EAk, ETAk... Irailaren 12an sinatu zuten Lizarrako Adierazpena 23 eragilek —gehiago batu ziren gero—. «Izaera politikoko gatazkaren konponbidea» zuten mami: elkarrizketa eta negoziazioa, gizartearen aniztasuna, baldintzarik, inposiziorik eta indarkeriazko adierazpenik ez, Euskal Herriak hitza eta erabakia, estatuen errespetua. ETAk irailaren 18an su-etena jarri zuen indarrean. Gerora ikusi zenez, eraikuntza nazionala ere bazen sinatzaileen beste xede bat, 1999ko irailean Udalbiltza ipini zutelako martxan. Aurretik, 1998ko urriko hauteskundeen ondoren, EAJk, EHk —HBren ordez zen jada— eta EAk EAEko gobernu akordioa egin zuten, EH gobernuan sartu ez zen arren.

ETAk 1999ko azaroaren 28an jakinarazi zuen su-etena bukatutzat eman zuela. Eta Lizarra-Garazi akordioa hautsi egin zen. «Modu gozo batean esanda, batzuen pazientzia faltagatik eta besteek amore ez emateagatik bukatu zen», Ollorak orain ere uste duenez.

Imaz: «Lehendabizi, bakea»

Garai gogorrak berriro: ETAk Joxe Mari Korta enpresaria hil zuen 2000n, Batasuna legez kanpo 2002ko Alderdien Legearekin, ezker abertzaleko arduradun asko preso... EAJren zuzendaritzan, gainera, aldaketa esanguratsu bat izan zen 2004ko urtarrilean, Arzalluz erretiratzean: Josu Jon Imaz jarri zuten buru, barne hauteskundeetan, iskanbila eta guzti, Egibarri ozta-ozta gailenduta. Imazek sintonia hobea zeukan Madrilekin, Batasunarekin baino. «Lehendabizi, bakea; gero, politika» zen haren esaldirik ezagunenetakoa. 2004tik Imazen ildokoek agintzen dute EBBn.

EAJ gabe, konponbide baterako PSE-EErekin bide bat urratzen hasia zen Batasuna: Otegi 2001etik zebilen Jesus Egiguren PSEko presidentearekin hausnarrean. Hura forma hartzen joan zen, 2006ko Loiolako (Azpeitia, Gipuzkoa) elkarrizketetara iristeraino. Loiolako hegiak liburuak (Imanol Murua Uria, Elkar-BERRIA) dakarrenez, 2006an, garai erabakigarria gerturatzean, «akordio politikorako negoziazioetarako gai zerrenda posible bat proposatu zuen Batasunak; oraingoan PSEri ez ezik EAJri ere helarazi zion». Akordioa «erabakitzailea» izateko deitu zioten EAJri Loiolarako.

Hamabi bilera egin zituzten han, eta 2006ko azaroan dokumentu bat izenpetzear izan ziren: Euskal Herriaren aitorpena, euskal herritarrek hartutako erabakiak Espainiako Estatuak errespetatu, EAE-Nafarroa organoa... ETAk abenduan atentatua egin zuen Madrilen, eta bi lagun hil ziren.

Ezker abertzaleak legez kanpo jarraitu zuen 2012ra arte, eta EAJ eta haren artean ez zen harreman iraunkorrik izan. Iazko uztailaren 3an ekin zieten berriro. Aurtengo otsailera arte hilero bildu ziren, baina eurek aitortu zuten ez zirela konpontzen: metodologian arazoak, gaitegian adostasunik ez —erakunde publikoetako gaiak ateratzen zituen EAJk—... Joan den uztailean ekin zioten berriro biltzeari, «elkarlanerako oinarriak» zehazteko asmoz baina elkarrekiko konfiantzarik ez dutela aitortuta. Mahai gainean dituzte, batik bat: bizikidetza eta gatazkaren ondorioak —presoak, biktimak, ETAren desarmatzea, iraganarekiko irakurketa— eta erabakitzeko eskubidea. Ikuspuntu eta estrategia desberdinak dituzte. EAJk Madrilekin akordioa nahi du. Sortuk dio gaurkoz hori ezinezkoa dela eta lehendabizi Euskal Herrian lortu behar dela akordioa. Eraikuntza nazionalaz ere jokabide desberdinak dauzkate; kasurako, EAJk egun ez du Udalbiltza bultzatzen.

Ikusteko dago zertara iristendiren. Ipar Irlandan (SDLP-Sinn Fein) eta Katalunian (CiU-ERC), esaterako, abertzaleen bi esparru nagusiek lortu zuten ados jartzea, eta erabakigarria izan da hango prozesuetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.