2008ko irailean kartzelatu zuten azkenengoz, Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren aurkako epaiketaren ondoren. Preso izan dute geroztik. Atzo utzi zuten libre, eta goizeko bederatziak aldera utzi zuen Villenako espetxea (Alacant, Herrialde Katalanak). Inguruakoak zain zituen kanpoan, eta iluntzean iritsi zen Zaldibiara (Gipuzkoa). Ia sei urteren ondoren, etxean da berriz ere Juan Mari Olano, AMMko bozeramaile ohia.
AAMren aurkako epaiketa hartan, hamarna urteko zigorra ezarri zien Espainiako Auzitegi Nazionalak Julen Zelaraini, Aitor Judori eta Olanori, eta zortzina urtera zigortu zituen beste hemezortzi lagun. Gainera, legez kanpo utzi zituzten Amnistiaren Aldeko Batzordeak eta Askatasuna.
Aurrez, beste hirutan preso
Aurrez, beste hiru aldiz ere espetxeratu zuten Olano: 2001eko abenduan, Amnistiaren Aldeko Batzordeen aurkako operazioaren ondoren —2005eko irailera arte izan zuten preso—; 2006ko martxoan, greba orokor bateko istiluak leporatuta, eta 2007ko irailean, Donostiako estropadetako presoen eskubideen aldeko manifestazioaren ondoren.
Espetxetik irtenda, Elena Beloki bikotekidea bisitatzeko aukera izan zuen Olanok —espetxe berean dute preso—. Euskal Herrira iritsita, iluntzean egin zioten lehen harrera Zaldibian.
Etxean da Juan Mari Olano, AAMn aritzeagatik hamar urte kartzelan eman ostean
Atzo goizean utzi zuten libre Amnistiaren Aldeko Mugimenduko eledun ohia; iluntzean iritsi zen Zaldibiara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu