Astelehen goizaldean Tolosako (Gipuzkoa) inauterietan Ertzaintzaren foam jaurtigai batek begian zauritu zuen gazteak eta haren familiak ez dute egun txarrik izan gaur, etxean duten dramaren barruan. Gaztearen aita Jon Pazosek BERRIAri esan dio medikuek baimena eman dietela etxera joateko, eta berritasun horrek «pixka bat animatu» dituela. Begiaren egoera, ordea, kezkagarria da orain ere, eta Donostia ospitaleko medikuek astearterako jarri diote ebakuntzarako ordua 16 urteko gazteari.
Familiak dagoeneko badaki jaurtigaiaren kolpe gogorrak «ondorioak» izango dituela gaztearen ikusmenean. Begi zaurituaren erretinak haustura bat dauka, eta hura gerarazteko operatuko dute, batik bat. Begiaren hantura apaltzen ari da, baina hamabost puntu dauzka begi ingurua osatzeko, eta, barrualdean orbana geratuko zaio, itxura guztien arabera. Pazosek azaldu du lente garden bat jarriko diotela aurrerago, begiari argitasuna emateko, baina medikuek aurreikusi dute Villabonako gazteak ez duela ondo ikusiko zuzenean begiratzean edo zuzenean enfokatzean.
Tolosako protesta
Bihar, eguerdiko hamabietan, mobilizazio batera deitu dute Tolosako Triangelu plazan, herritarrak ez direla seguru sentitzen plazaratzeko. Han izango da gazte zaurituaren familia ere. Igande goizean, inauteriak zirela, taberna batean sortutako istilu batzuen harira, Ertzaintza jendez betetako kale batean oldartu zen, eta foam jaurtigaiak erabili zituen. Pazosek argi utzi du haren semea festa giroan zegoela, eta ez zuela izan zerikusirik istilu horiekin, baina jaurtigai batek jo zuen begian.
Gaur, berriz, Ikama ikasle taldeak elkarretaratzea antolatu du Tolosan, «Poliziaren oldarraldia salatzeko».