Presoak. Gatza aske

Etxean, 31 urte geroago

Zigorra luzatuta, azkenean ia 31 urte bete ditu preso Jose Mari Sagardui 'Gatzak'. Etxekoak zituen zain, Jaengo espetxeko ataritik irten zenean. Alabarena izan zen lehen besarkada.

Sagardui, Jaengo espetxetik irteteko unean, senideak eta lagunak agurtzen. MONIKA DEL VALLE/ ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
2011ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Ia 31 urte eta gero, etxean da Jose Mari Sagardui Gatza. Kosta zaio iristea, baina iritsi da Zornotzara. Europa osoan arrazoi politikoekin lotuta preso denbora gehien zeraman presoa izanik, bizi arteko zigorraren aurkako ikur bihurtua zen Gatza. Luzaro itxarondako irteera izan da, eta jakina zen elkartasun adierazpenak jasoko zituela. Baita Espainiatik elkartasun hori oztopatzen saiatuko zirela ere. Eta hala izan zen. Autobus bete herritar joan zen Zornotzatik Jaengo espetxeraino, erkideari lehen harrera egiteko. Eta oztopoak bata bestearen atzetik etorri ziren.

22 urte zituela sartu zuten kartzelan, eta ia 53 dituela zapaldu du kalea berriz. Eta tentsioz betetako giroan utzi zuen atzean kartzela. Guardia zibilez jositako aparkalekua izan zen kartzelako hesiaren beste aldean zapaldu zuen lehena. Espainiako hogei bat kamera eta kazetari haren irudia hartzeko zain zituela, eta, urrutiago, ikurrinak eta Espainiako banderak alde banatan ikusten zituela.

Oso denbora gutxi egin zuen aparkalekuan dagoeneko preso ohi denak; behar-beharrezkoak ziren minutuak besterik ez. Baina irudi adierazgarria utzi zuen. Ikurrinak eta euskal presoak Euskal Herrira eramatea aldarrikatzen duten ikurrak astintzen zituztenei keinu egin eta ukabila luzaro izan zuen altxatuta. «Gatza, herria zurekin!», izan ziren Sagarduik ozen entzun zituen lehen hitzak. «Euskal presoak, etxera!», jarraitu zuten erkideari babesa emateko 750 bat kilometro egin eta Jaeneraino joan ziren 40 bat lagunek.

Horrela egin zioten lehen babes erakustaldi laburra zornotzarrek. Horien beste aldean ziren goizeko zortziak baino lehenagotik VCT taldeko hamalau kide, etengabe irainka. Euskal Herritik joandakoak presoa atera arte isilik egon ziren. Baina Espainiako bandera handiak astintzen zituztenek Espainiaren ereserkia behin eta berriro jartzen zuten, «badakigu zein gogoko duzuen, tronpeta eta guzti, eta hemen doa berriz!», etengabe bozgorailutik oihukatuta.

Gogor iraindu zituzten Gatzaren senide, lagun eta herritarrak, baita Euskal Herritik berria bertatik bertara emateko asmoz Jaenera joandako kazetari eta kamerak: «Pistolarik gabe ez zarete ezer!», «arratoiak besterik ez zarete!», «kartzelara itzuliko zarete, berriz kartzelatuko zaituztegu eta!», «etarrak, kabroiak, izorratu kartzeletan!»… baita errepidearen beste aldean zituztenen heriotza eskatzen zuten oihu etengabeak ere. Sagardui familiaren kontra ere gogor egin zuten: «Hiltzaile bat besterik ez duzue eman!». Guardia Zibilaren aldeko alabantzarik ere ez zen faltatu.

Gatza espetxe atarian zain zuen gertueneko senideengana joan; autoan sartu, eta ahal bezain laster joan zen espetxe inguruetatik, emaztea eta 11 urteko alaba besarkatuta. Euskal Herrirako bidea hartu zuten. Baita autobusean joandako herritarrek eta furgonetan joandako kazetariek ere.

Bidean geratu ziren guztiak geroago, Ciudad Realeko Santa Cruz de Mudelako jatetxe baten kanpoaldean. Hor egin zioten benetako lehen harrera, hamaiketako oparo eta guzti. Patata tortillak, solomoa, piper eta abarrei laguntzeko ardoa, eta, topa egiteko, xanpain botila zabaldu zuen Gatzak berak. Bertaratutako guztien besarkadak banan bana jaso zituen, eta solasaldi lasaietan aritu zen. Mahaia jaso, eta Zornotzarako bidea jarraitu zuten guztiek.

Berriz bildu ziren eguerdiko 14:00 aldera beste jatetxe baten kanpoaldean. Berriz ere patxadan jan eta edan zuten, baina berehala amaitu zen lasaitasuna.

Guardia zibilak jarraika izan zituzten, eta geldiarazi egin zuten autobusa eta furgoneta. «Ez da kontrola izan», zioen autobusean zihoan batek denbora pasatu ondoren: «Hartu, bahitu egin gaituzte». Hala izan zen. Bazterrarazi, eta gasolindegi batetan autoetatik atera gabe egotera behartu zituzten, bost auto ofizial, beste bi arrunt, lau motor eta furgoneta batean joandako guardia zibilek. Bi orduz izan zituzten geldi, eta autoetatik banan bana atera arazi; bakoitzari bere gauza guztiak hartzeko agindu, eta poltsetako gauza guztiak miatu zizkieten. Baita guztien gorputzak ere, banan bana jarri, eta goitik behera ukituta. Autobusa ere zehatz-mehatz miatu zuten, txakur eta guzti. Oparia ere utzi zuten: autobusaren maletategian zeuden janari eltzeetan belarra bota zuten.

Sagarduiren familia ez zegoen gelditutako ibilgailuetan, baina bi ordu beranduago gelditu zituzten Burgos inguruan. Hala ere, geldialdia ez zen asko luzatu.

Ez ziren horiek eguneko lehen kontrolak izan. Goizaldean ere geldiarazi zituzten guztiak Jaendik 50 bat kilometrora, haientzat berariaz prestatua zegoen kontrolean. Guztiak identifikatu, minutu batzuk geldirik izan, baina miaketa ez zen gehiago luzatu.

Gatza 21:00 aldera iritsi zen sorterrira. Etxean sartu; gurasoak besarkatu, eta balkoira irten zen kalean txaloka zeuzkan herritarrak agurtzera. Ongietorria eragoztera joandako ertzainak inguruetan izan ziren, eta azkenean bildutako jendearen aurka egin zuten.

Asteartean 22:15ean Gatzaren bila hasitako bidaia asteazkeneko 21:30ean amaitu zen. Nekea nabari zela, eta poz erabatekoa. «Zornotza jendez gainezka dagoela esan didate», hori zen 20:00etan, autobusean, gehien errepikatutako esaldia, artean Burgos inguruan zirela.

Gatzaren bila egindako ibilbidea berezia izan zen, baina haren senide eta lagunek astero-astero hurkoa 40 minutuz ikusteko egin dutena ehunka presoren senideek oraindik astero-astero egiten dutenaren antzekoa, luzea, oso luzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.