Etxeak bizitzeko direla aldarrikatu dute ehunka pertsonak Donostian

Herritarren eskubideak babestuko dituen bestelako etxebizitza politika bat eskatu dute

Manifestazioa Groseko Katalunia plazan abiatu zuten, eta udaletxe aurrean amaitu. IÑAKI AGIRRE.
Iñaki Agirre Perez.
Donostia
2021eko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Herritar guztiek etxebizitza duin bat izateko duten eskubidea aldarrikatzeko atera ziren atzo kalera ehunka donostiar. Etxeak bizitzeko, ez negoziorako! lelopean, «larrialdi» gisara definitzen duten arazoari aurre egiteko bestelako etxebizitza politika bat eskatu zuten, hiriko hamabost eragilek deituriko manifestazioan.

Gros, Erdialdea eta Parte Zaharra zeharkatuta, protesta udaletxe pareraino eraman zuten, hor Donostiako herritarren etxebizitza eskubideak urratzen dituzten arazoak zerrendatzeko: «Etxeak bizitzeko direla aldarrikatzeko elkartu gara gaur hemen, nazkatuta gaudelako herritarren oinarrizko eskubide batekin negozioa egitea babesten duten politikekin».

Agerraldi horretan gogoratu zuten azken urteetan etxebizitzaren prezioak eta bereziki alokairuarenak «gora eta gora» egin dutela hirian, eta egungo egoera datuekin islatu zuten: Donostian 90 metro koadroko pisu batek 460.000 euro balio ditu, batez beste, eta alokairuan, berriz, tamaina bereko etxebizitzak hilero 1.323 euroko prezioa dauka.

Halako baldintzek herritarren bizitzan duten eragina nabarmenduz, dagoeneko «belaunaldi oso batek bere burua hiritik joatera behartua ikusi duela» azpimarratu zuten, gazte donostiarrei erreferentzia eginez. Eta, galera horrekin batera, auzoek pixkanaka berenbizilagunen arteko sareak, harremanak eta nortasuna «desegiten» dituztela ohartarazi zuten.

Halaber, etxebizitzaren arazoarekin loturiko errealitate gordinena kalean bizi dena izanik, Donostian etxerik gabeko ehunka pertsona daudela salatu zuten ere, instituzioei beren ardura ez betetzea leporatuz: «Erakunde publikoetatik ez da nahikoa egiten egoera tamalgarri eta lotsagarri honi behar bezalako erantzuna emateko. Ez dugu onartzen aberatsez harrotzen den eta miseriari ez ikusiarena egiten dion eredua».

Azken urteetan hiriko hainbat eraikinen jabetzarekin egin diren funts putreen aurka ere agertu ziren manifestazioan, Blackstone, Sareb eta Azoraren kontrako oihu ugarirekin. Hain zuzen, protestak Azorak Groseko Galtzada Nagusian erositako eraikina igaro zuenean, Saretxe taldeko hainbat ekintzailek «auzodefentsa» aldarrikatzen zuen pankarta bat eskegi zuten bere terraza batetik. Manifestari batzuek txaloekin erantzun zieten.

Era berean, «Donostia orekatua eta bizigarria» eraikitzeko bidean, desazkunde turistiko bat garatzeko beharra ere aipatu zuten, turismo ereduaren eta «etxebizitza larrialdiaren» arteko lotura azpimarratuz: «Turistifikazioak hotel eta pisu turistiko bihurtu ditu bizitzeko behar ditugun etxeak».

«Herritar aktibazioaren» bila

Etxebizitza eskubidearen aldeko manifestaziora hainbat arlotan jarduten duten hiriko hamabost eragilek deitu zuten, atzokoaren bitartez «herritar aktibazio bat» sortzeko itxaropenarekin: «Antola gaitezen gure bizitzak gure eskuetan hartzeko eta hiria saldu eta erosi nahi dutenak geldiarazteko».

Izan ere, jokoan dagoena arazo indibidualetatik harago doan zerbait dela jabearazi zuten, eta arazoa «gizarte osoarena» dela gogoratu: «Hiriaren elitizazioa, gazteriaren kanporatzea, espekulatzaileen botere pilaketa eta auzo komunitateen desegitea gertatzen ari da [...]. Jokoan dagoena gure bizitzak eta gure ingurukoenak baldintzatuko dituen hiri eredua da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.