Pasaia Zaintza HerriLab egitasmoaren helburua da etxean bizi diren eta mendekotasuna duten adinekoen bizi kalitatea hobetzea. Hori aitzakia, orain zortzi urte eredu berri bat jarri zuten martxan udalerrian: lan dinamikak aldatu, eta osasun, gizarte eta komunitate zerbitzuak koordinatu zituzten. Prozesuaren ebaluazioa xehatu dute gaur Pasai Donibanen (Gipuzkoa). Tokiko zaintza eredu horrek «aldaketa positiboak» eragin dituela ziurtatu du ebaluazioak, bai onuradunentzat, bai haien zaintzaz arduratzen direnentzat.
Tokiko zaintza ekosistema izateak esan nahi du zenbait agenteren arteko elkarlana bultzatzea, eta lana koordinatzea udaleko hainbat zerbitzuren artean, zaintza hobea eskaintzeko. Matxalen Legarreta EHUko Soziologiako ikertzaile eta doktoreak adibide batekin azaldu du: «Eredu honen bidez, gizarte langileak norbait artatzen duenerako, aurrez medikuarekin hitz egiten du, eta badaki zaintza behar duena nola dagoen; alderantziz ere, medikuak badaki gizarte langilea prozesuaren parte dela».
Gizarte alorreko hainbat langileren aurrean egin dute aurkezpena. Hiru mailatako erakunde publikoek hartu dute parte, eta bakoitzaren ordezkariek hartu dute hitza: Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak; Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak; Teo Alberro Pasaiako alkateak; eta Matxalen Legarreta ebaluazioaren arduradunak.
Nerea Melgosa sailburuaren esanetan, programa honek «komunitatearen zahartze duina eta kalitatezkoa bermatuko du». Bide beretik, onuradunen lehentasunei erantzun diela nabarmendu du Legarreta doktoreak: ebaluazioaren arabera, %81,5ek esan dute laguntza gehiago behar izanez gero etxean bizitzen jarraitu nahi luketela. Bada, Pasaia HerriLabek 80 urte eta gehiagoko pertsonak egoitzetan sartzeko adina luzatu du, bai eta telelaguntza zerbitzuak gutxiago erabiltzeko joera ere.
Legarretak gehitu du garrantzitsua dela ez soilik jendea etxean mantentzea, baita baliabideak ematea ere familiaren lan karga leuntzeko: «Bestela, badirudi familia —bereziki, familiako emakumeak— kargatzen ari garela, baina ez. Laguntza eta babesa eman nahi diegu. Horien adibide dira eguneko zentroak, goizeko arreta zentroak edo etxez etxeko arreta».
Gizarte zerbitzuen aldeko aldarria
Ebaluazio prozesuan parte hartu dute programaren onuradunek eta haien senideek, eta gizarte, osasun eta arreta zerbitzuetako profesionalek, besteak beste. Batetik, onuradunen eta haien familien %88,1ek esan dute gizarte zerbitzuak edo arreta zerbitzuak «oso ona» edo «ona» izan direla. Emaitzak «positiboak» izan direla berretsi du Legarretak: «Esan digute gustura daudela jasotzen duten arretarekin, askoz ere pertsonalizatuagoa eta gertukoagoa dela, eta beraien beharrak asetzeko badaukatela erreferentziazko pertsona bat».
Bestetik, gizarte zerbitzuetan eta osasun zerbitzuetan lan egiten duten profesionalek ere hala sentitzen dute. «Pasatutako inkestek frogatzen dute era koordinatuan lan egiterakoan gusturago egiten dutela lan: lan dinamikek asebetetze maila handiagoa eskaintzen diete», azaldu du doktoreak. Ereduak ahaldundu egin dituela ere esan dute, hobeto ezagutzen dituztela zaintza lanak behar dituztenak eta ziurrago sentitzen direla. Inkestatuetatik %71,7 motibatuta sentitzen dira artatutako pertsonekin lan egin ondoren.
Pasaia, abiapuntu
Zainketa sozial eta sanitarioen tokiko lehen ekosistema izan da Pasaiakoa. Lehen proba pilotua bertan egiteko arrazoiak aipatu ditu Maite Peña diputatuak: ezaugarri soziodemografikoek —biztanleriaren zahartze tasa— eta geografikoek —lau barruti eta portua— bilakatu dute Pasaia inguru apropos. Adinberri zahartzearen esparruko erreferentzia zentroa bertan kokatuko dela ere gogoratu du diputatuak.
Teo Alberro Pasaiako alkateak esan du udalerriko zaintza sistemak beste udalerrietara zabaltzeko eredu izan nahi duela. Legarretak iritzi berari eutsi dio: gaineratu du Pasaiaren kasua mugarri bat izan daitekeela eta bertatik ebaluazio gida bat sor daitekeela tokiko zaintza eredua diseinatzeko: «Emaitza hauek erakusten dute beste herri batzuetan ere horrelako saiakerak egitea merezi duela».
Bestela ere, Gipuzkoako beste hamalau herritan ekin diote lan egiteko dinamika berriari, eta beste zazpi udalerrik asmoa dute bide berari ekiteko. Azken horren adibide da Hondarribia. Udalerriak asmoa du, Pasaiako ebaluazio gida eredu hartuta, tokiko zaintza ekosistema abiatzeko, Josu Peña Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak ziurtatu duenez. Izan ere, Peñak ohartarazi du Hondarribiak gainditu egiten duela Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 65 urtetik gorakoen batez besteko kopurua, eta, aldiz, ez dagoela «ia baliabiderik» horri aurre egiteko. Diagnostiko fasean daude oraingoz.