Dena da etxea egunotan. Lantokia da bertatik ari daitezkeenentzat, eta ikasgela da eskola garaian daudenentzat. Ikaskiderik, irakaslerik, arbelik eta ikasmahairik gabeko eskola. Itxialdiak hankaz gora jarri du irakaskuntza: ikastetxeak itxita daude orain hiru aste baino gehiagotik, eta hala jarraituko dutela denbora batez —Hego Euskal Herriko eskoletan Aste Santuko oporrak dituzte datozen bi asteetan—. Gauetik goizera aldatu da dena, prestatzeko astirik gabe ia. Itomena sortu da. Eta bistan geratu da hezkuntzak zer erronka dauzkan. Ikasleen arteko desberdintasun sozialak sakonduko ote diren, hori da kezka nagusia orain.
Arabako zentroak itxi zituzten lehenbizi: hilaren 10ean, Gasteizkoak, eta 12an, herrialde osokoak. Biharamunean, Bizkaikoak eta Gipuzkoakoak. Eta asteburua pasatu ostean Nafarroakoak, Lapurdikoak, Nafarroa Beherekoak eta Zuberoakoak. Zehaztu gabe dago noiz arte egongo diren itxita: Eusko Jaurlaritzak, adibidez, epea jarri zion itxierari hasieran —hilaren 23a, joan den asteko astelehena—, baina funtsik gabe geratu da hori.
Bat-bateko itxierak izan ziren: gobernuak agindu eta biharamunean itxita zeuden eskolak —Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian, asteburua izan zuten tartean—. Aldaketa handia kolpetik. «Egokitzea kostatzen ari zaigu. Eskolako baliabide askok ez dute balio, material desberdinak behar baitira. Egun batetik bestera prestatu behar izan dut dena, eta hasieran ez dakizu nondik jo». Josu Lopez-Gazpio mintzo da; Mungiako Larramendi ikastolako (Bizkaia) Bigarren Hezkuntzako irakaslea da.
Aldaketa eta ahalegin handiko egunak dira. «Izugarrizko lana egin dute irakasleek, batez ere hasierako egunetan», adierazi du Iruñeko Iturrama institutuko zuzendari Arantxa Irisarrik. «Ez gaude ohituta horrela lan egitera, eta aldea nabaritu da irakasle batetik bestera. Pixkanaka, bakoitzak bilatu du bidea». Gauetik goizera aldatu da egoera, eta Interneteko plataformekin ari dira ikastetxe asko: lanak bidaltzen eta jasotzen gehienak, eta bideo bidezko eskolak ematen beste batzuk. Lopez-Gazpiok, adibidez, hautu hori egin du: «Irtenbidea ez da ariketa batzuk agintzea eta bizpahiru egunera erantzunak bidaltzea. Eskolak bideo deien bidez egiten hasi nintzen hasieratik, ikasleekin komunikatzeko eta haien erantzuna jasotzeko. Jakina, erritmoa askoz motelagoa da, baina ez dut uste hori garrantzitsua denik: ikasleak tarte batez lanean aritzea da inportantea». 12-14 urteko ikasleei Matematika eta Fisika-Kimika ematen dizkie.
Ikasleen adinaren araberakoa da funtzionamendua, hein batean. Haur eta Lehen Hezkuntzako eskola da Tolosako Samaniego (Gipuzkoa). «Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzako lehen zikloan, gomendioak bidali dizkiegu gurasoei: eskulan proposamenak, irudimena lantzeko ariketak, irakurtzeko gomendioak... Ez fitxak osatzea», azaldu du Irune Larreta zuzendariak. «Lehen Hezkuntzako bigarren zikloan jarraipen handiagoa egiten dugu, lanak epe batzuekin bidalita». Gurasoekiko harremana dute lehentasuna: «Posta elektronikoz edo Drive bidez bidali diegu materiala; ez dutenei, telefonoz; eta telefonoz ere harremanetan jartzea lortu ez badugu, posta bidez».
Ikasleen lan karga
Etxetik aritzeak, eskolatik kanpo egoteak, badu arazo bat: ikasleei emandako lan karga neurtzea. Hasieratik izan dute kezka hori Kanboko Xalbador kolegioan (Lapurdi), Eñaut Elosegi zuzendariak azaldu duenez. «Jarraipen pedagogikoa egiteko sistema bat ezarri dugu: zehaztu dugu maila bakoitzean astean zenbat denboraz lan egingo duten, eta zer gaietan». Taldearen irakasle arduradunak egiten du kontrola: ikasgai bakoitzeko irakasleak hari egin behar dio kontsulta eginarazi nahi duen lanari buruz, eta oniritzia duenean igortzen du.
Neurria jartzea da gakoa. Ikasturtea azken fasean sartua dago, eta egoera berezian daude maila batzuk: Eusko Jaurlaritzak, adibidez, eskatu du bereziki zaintzeko Lehen Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko azken urteak, irakastaldiz aldatu aurrekoak baitira.
Arazoa da nola uztartu ezohiko egoera eta edukien zerrenda. Alegia, posible ote den egitarau osoa betetzea. Ezetz uste dute eskolek. «Badugu gaiak emateko asmoa, baina minimoetara joan beharko dugu», adierazi du Irisarrik. Gai batzuek kanpoan geratu beharko dutela ohartarazi du, ordea, Elosegik: «Konpetentzia batzuk landuko ditugu, nozio batzuk sakondu, baina gai berriak ezin dira landu dokumentuen bidez soilik: harremana behar da ikasteko». Bideo bidez ari da ikasleekin lanean Lopez-Gazpio, baina hark ere ezinezko ikusten du dena lantzea. «Guztia aldatu bada, ezin da berdin jarraitu. Erritmoa apaltzea ezinbestekoa da. Ikasleei ezin diegu eskatu egunean sei-zazpi ordu pantaila aurrean egoteko». Izan ere, erritmoa ez jaisteak, eskolan egongo balira bezala jarraitzeak badu arrisku nabarmen bat, Lopez-Gazpiok ohartarazi duenez: ikasleen arteko aldeak handitzea. «Ezin ditugu batzuk atzean utzi».
Etxeetako egoera
Arrisku hori sumatzen dute gainerako ikastetxeetan ere. Etxetik jardun beharrak dakar desoreka: etxe guztietako egoera ez da berdina, eta zentro gehienetan baliabide informatikoak erabiltzen ari dira. Gasteizen, maila sozioekonomiko apaleko familia ugari pilatuta dauden ikastetxeetako bat da Ganivet, eta erronka zaila daukate egunotan. Lehen Hezkuntzako azken urteetako ikasleen egoera jarri du adibidetzat Marian Moreno zuzendariak: «Adin horretako ikasle guztiek dute ordenagailu eramangarri bat. Baina denek ez dute Internet konexiorik etxean, edo sakelako telefonoa erabiltzen dute konexioa egiteko, eta datuak behar dituzte senideekin harremanetan jartzeko. Alegia, azpiegitura bageneukan, baina ez du balio ikasle guztien etxeetarako».
Beste zentro batzuetan ere badituzte halako egoerak, nahiz eta ez den ikasle gehienen kasua. Iturraman, adibidez, zazpi ikaslek ez daukate ordenagailurik etxean. «Institutukoak utzi dizkiegu». Interneteko konexioa falta duten familiei laguntzeko egitasmoak ere badira han-hemen: Izarkom kooperatibak, esaterako, premia duten ikasleei prezio baxuan Internet konexioa jartzeko eskaintza egin du, eta hainbat udal ere ari dira ikasleei konexioa ematen.
Ez da neurri txikiko arazoa. Inkesta bat egin du EHIGE guraso elkarteak, 7.000 familiarekin, eta ondorioztatu du hamar senditik batek arazo teknikoak dauzkala ikastetxeko dinamika jarraitzeko: ez daukatelako ordenagailurik edo inprimagailurik —fitxak inprimatzeko—, edo konexiorik.
Baina ez da baliabide teknikoen arazoa soilik. «Diferentzia ikaragarriak sortuko dira: etxe batzuetan jende asko bizi da, zailtasun ekonomikoak dituzte, gurasoek ez daukate laguntzeko modurik... Zailtasunak dituztenentzat handitu egingo da arrakala», adierazi du Ganivet ikastetxeko zuzendariak. Aita-amen rolari erreparatu dio Xalbador kolegioko arduradunak ere, desoreka iturri izango delako. «Eragin handia du gurasoen formazioak, gaitasunak...». Eskolako emaitzetan gehien eragiten duen faktoreetako bat da gurasoen maila sozioekonomiko eta kulturala. Etxean egonda, eragin handiagoa. Moreno: «Ikastetxera itzultzean alde handia ikusiko dugu ikasle batetik bestera».
Aldeak suma daitezkeen beste alderdi bat ere bada: hizkuntza. Itxialdiak eragin nabarmena du euskararen irakaskuntzan: ikasle gehienen gurasoek ez dakite euskaraz. Ikasle askok eskola dute euskararekin harremana izateko eremu bakarra, eta eskolaz kanpoko jarduerak. Itxita daude biak. Nahiz eta eskolako jarduerak euskaraz egin D ereduko ikasleek, ez dute euskaraz aritzeko modurik izango etxean. Ganivet zentroa da adibidea —D eredukoa da—. «Oso zaila da. Gurasoei aholkatu diegu jartzeko ETB3, gomendatutako liburuak irakurtzeko...». Aste honetan hasi da eskolako edukiei buruzko saio bat telebista publikoan: Bitartean, etxetik ikasten. Euskarazko edukiak etxera sartzeko bidea izango da. Gurasoek badute kezka horrekin, izan ere. «Askok ez dute gai ikusten beren burua», dio Arkaitz Aburto Berangoko Merana ikastetxeko guraso elkarteko kideak —EHIGEko lehendakaria da—. «Gure inkestan azaldu den kezka handienetako bat da euskararen ingurukoa».
Lanak nola uztartu
Gurasoen gain ardura handia geratu da, izan ere. Aita-ama ugarik azaldu dute ezinegona: laneko ardurak dituzte, etxekoak, zaintza lana, eta seme-alabei hezkuntzan lagundu beharra. Lan handia dela esplikatu du Donapaleuko eskola publikoko (Nafarroa Beherea) guraso Marina Cuinek. Bi haur ditu, eta etxean igaro ahal izan ditu egun hauek. «Antolakuntza bat eskatzen du, ez da aise bi haurrekin. Entseatzen gara eskolako erritmoaren atxikitzen, baina zaila da, ez baitira eskolan bezain adi». Ezin dira han bezala aritu. Horretaz ohartarazi du Aburtok ere: «Gurasoek ezin dituzte irakasleak ordezkatu, eta etxeak ezin du ordezkatu eskolaren zeregin berdintzailea eta sozializatzailea».
Apirilean sartuta, azken txanpan da ikasturtea, eta argitzeko dago ikasleak noiz itzuli ahal izango diren ikasgeletara, zenbat luzatuko den itxialdia. Ikasturte bukaera eta ebaluazioa da gurasoen kezka nagusietako bat, batez ere irakastaldia igaro behar duten edo azterketa orokorturen bat dutenen artean. Desoreka arriskua bistakoa da ebaluazioan ere. «Ebaluazioak orekatua izan behar du, eta zaila izango da. Ebaluazio injustua izango da ez baditugu bakoitzaren baldintzak neurtzen», azaldu du Ganivet ikastetxeko zuzendariak. Bidezkoa ez den ebaluazioa egiteko arriskuaz ohartarazi du Xalbador kolegioko zuzendariak ere: «Egoera berezi gisa hartu behar da hau, eta mezua izan behar da orain ez dela jokatzen etorkizunari begirako ezer. Garai honek ezin du balio ikasleak ebaluatzeko: injustizia handia litzateke». Kontuan izatekoa da bi ebaluazio igaroak direla, eta aukera bat da horiek aintzat hartzea ikasturte bukaeran, are gehiago ikasleak ezin badira ikasgeletara bueltatu.
Egoera nahasiagoa dute azterketa orokorrak dituztenek. Frantziako Hezkuntza Ministerioak ostiralean jakinarazi zuen ez dituztela egingo baxoa eta brebeta: kontrol jarraikiaren bidez ebaluatuko dituzte lizeoko eta kolegioko ikasleak, ikasturteko kalifikazioak aintzat hartuta —konfinamendu garaiko edukiak, ez—. Ekainean egitekoak zituzten azterketak. Hegoaldean, selektibitatea egiteko asmoa daukate oraingoz; ekain amaieran edo uztail hasieran egin asmo dituzte probak, baina ez dute zehaztu nolakoak izango diren.
Ezer onik?
Ebaluazioak azterketetatik haragokoa izan behar duela nabarmendu du Samaniego ikastetxeko zuzendariak: «Ikasleak ez ditugu jakintzetan ebaluatu behar, konpetentzietan baizik». Mungiako ikastolako irakaslearen ustez, ebaluazioan aintzat hartu behar da egunotako ahalegina ere. «Argi dago ebaluazio irizpideak aldatu egin behar direla, baina ikasle asko lan itzela egiten ari dira, zailtasunak zailtasun, eta hori kontuan hartu behar dugu».
Hori da Lopez-Gazpioren poza egunotan, ikasleen jarrera. «Egoera gogorrean daude, eta irakasleok laguntza eman behar dugu, ez traba gehiago jarri». Uste dubadela beste onura bat ere: teknologia berrietan eta irakasteko beste era batzuetan trebatzea. «Ziur aski, hurrengo ikasturteetan ere erabiliko ditugu tresna hauek».
Lan eskerga ekarri du koronabirusak hezkuntzara eta etxeetara. Gurasoak eta umeak elkarrekin egoteko asti gehiago ere ekarri du itxialdiak. Eta beste ikasgai bat, Cuineren esanetan: «Franko aise mintzo gara usaian irakasleen kontra, baina haien lana egin behar dugularik ikusten dugu ofizio bat dela, eta zaila dela».
Koronabirusa. Hezkuntza
ETXEA IKASGELA
Itxialdiak hankaz gora jarri du irakaskuntza: etxean ari dira ikasleak, irakasleak eta gurasoak. Pantaila edo telefono bidezkoa da irakasle-ikasleen arteko erlazio bakarra. Hezkuntzaren erronkak ageri-agerian geratu dira egunotan: adibidez, desberdintasun sozialak orekatu beharra. Etxealdian arriskuan egongo da hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu