Etxe turistikoak kontrolatzeko arauak eta zerga turistikoak. Horiek izanen dira Eusko Jaurlaritzako Turismo Saileko lan ildo nagusiak datozen lau urteetan. Asmoa hori da, bederen. Hala adierazi du Javier Hurtado Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak: «Orain arte, plataformek zigorrik gabe jokatu dute: ez dute informazioa zabaltzeko betebeharra bete, ezta iragartzen dituzten etxebizitzak legezkoak ote diren bermatu ere; agintari eskudunok ezin izan ditugu zigortu. Orain, Europako Erregelamenduaren babespean, administrazioekin lankidetzan aritu beharko dute, eta Turismo Sailak bilera batera deitu ditu, lankidetza bizkortzeko eta lan hori arintzeko».
Eusko Legebiltzarrean egin ditu adierazpen horiek Hurtadok, sailak datozen lau urteotan zer norabide hartuko duen azaltzeko. Finean, bere helburua turismoaren alde positiboak «indartzea» izanen da, eta alde negatiboei «aurre egitea». Azpimarratu du Turismo Lege berria eta Turismoaren Lurralde Plan Sektoriala onduko dituztela, eta egonaldi turistikoei lotutako zergak ezarri. Izan ere, ez dute nahi bizitegi auzoak etxe turistikoz betetzea.
Zehaztu du Eusko Jaurlaritzak «lan handia» egin duela gisa horretako etxeak kontrolatzeko. Gaur bertan jakinarazi duenez, etxe turistikoen iruzurraren kontrako 246 salaketa jaso ditu Eusko Jaurlaritzak, eta horietako 31ri zehapen espedientea irekitzeko proposamena egin dute. Beren lana ez ezik, udalena ere aski garrantzitsua dela erran du: «Udalek ezagutzen dute hobekien beren errealitatea, eta beraiek dituzte erregulatzeko, behatzeko eta zigortzeko konpetentziak. Haien erabakiak errespetatuko ditugu beti».
Zerga turistikoak dira sailaren bigarren proposamena. Bada, Hurtadok zehaztu du ez dela zerga bat, «egonaldi turistikoei ezarritako tributua» baizik: «Helburua ez da turistak hona ez etortzea —beste helmuga batzuetan frogatu da hori—, baizik eta Euskadi helmuga turistiko gisa hobetzea». Izan ere, uste du «bidezkoa» dela lurraldeaz gozatzera datorren horrek lurraldea hobetzeko ekarpena egitea. «Diru bilketa horren helburua turismo politikak indartzea da, lurralde horretan bizi direnen bizi kalitatea hobetzeko», zehaztu du. Hitzeman du sei hilabeteko epean Ogasun eta Finantza Sailarekin hitzartutako proposamen zehatz bat aurkeztuko duela.
Zerga turistikoa: gatazka iturri
Hurtadoren asmoek eman dute zer errana oposizioan. EH Bilduko legebiltzarkide Itziar Muruak, erraterako, azaldu du turismoak herritarren bizi kalitatean «ondorio larriak» izan dituela dagoeneko, eta «berandu baino lehen» neurriak hartzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. Zerga turistikoa aplikatzearen alde egin du koalizio subiranistak, «turismoak berak sortzen dituen beharrei eta gastuei aurre egiteko».
Ainhoa Domaika (PP), berriz, horren kontra agertu da, eta eskatu du zerga hori aplikatzeko erabakia udalen esku uzteko. EAJko Lorea Bilbaok adierazi du badela garaia «turismo arloko industria indartsu eta lehiakorra lehenesteko».
PSE-EEko Aroa Jiletek, Hurtadoren alderdikideak, Turismo Lege berri baten beharra aldarrikatu du, sektoreak dituen arazoei erantzuna emateko; betiere etxe turistikoen eta horiek sustatzen dituzten plataformen gaineko kontrola indartuz.