Azpeitia izango da etxe hutsei kanona aplikatuko dien lehen udala

Etxebizitzaren funtzio soziala bermatzeko xedez, etxe hutsak alokairura bideratzeko plan bat aurkeztu du. Beste neurriek emaitzarik eman ezean, Eusko Jaurlaritzaren 2021eko dekretuak aurreikusten duen kanona ordaindu beharko dute etxe hutsen jabeek.

Azpeitiko etxebizitza eraikinak. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Azpeitiko etxebizitza eraikinak. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Azpeitia
2025eko urtarrilaren 24a
16:00
Entzun

Etxe hutsak alokairura ateratzeko plana aurkeztu du gaur goizean Azpeitiko Udalak. Nagore Alkorta alkateak nabarmendu duenez, plan horrek «etxebizitzak gizartean duen funtzio soziala bermatzeko helburua du». Aurreikusitako neurrien artean, kanonak bereganatu du arreta. Baina, alkateak argitu duenez, «kanona ez da, inondik inora, gure helburua». Are gehiago, jakinarazi du beste neurri guztietan jarriko dutela indarra, eta soilik horiek emaitzarik ematen ez dutenean aplikatuko dela kanona.

2021ean onartu zuen Azpeitiko Udalak Etxebizitza Plana. Diagnostiko hartan, «eskaera handia zegoela eta eskaintza, ordea, urria zela» antzeman zuten, Joanes Amenabar zinegotziak esan duenez. Hori berresten duten datuak eman ditu: «586 etxe huts daude Azpeitian, eta herrian etxea alokatu nahi duten 553 eskatzaile daude Etxebiden izena emanda». Horiei, gainera, merkatu librean alokairu bila ari direnak eta erosi nahi dutenak gehitu behar zaizkie.

Egoera larria dela iritzita, legeak ematen dizkien tresna guztiak martxan jartzeko prest daudela adierazi dute Azpeitiko udal arduradunek. Lehen pausoa etxebizitza hutsen jabeei gutun bat helaraztea izango da. Datorren astean hasiko da bidalketa. Etxe berrienak eta igogailua dutenak izango dira lehenak, «baldintza egokienak dituztelako eta, hortaz, merkatura ateratzeko errazenak direlako», azaldu dutenez. Hilabeteko epea emango zaie jabeei Etxebizitza Bulegoarekin harremanetan jartzeko.

Bizigune programa, lehentasunez

Etxebizitza Bulegoan jakinaraziko diete zer aukera dauden etxe hutsak merkaturatzeko. Udalak, lehentasunez, Bizigune programara bideratuko ditu jabeak. Hala ere, nahi duenak alokairu librean edo salgai ere jar dezake. Alokairuan jartzearen aldeko hautua eginez gero, etxean konponketak eta obrak egiteko dauden laguntzen berri emango zaie. Udalak eta Eusko Jaurlaritzak horretarako laguntzak aurreikusten ditu, eta Bizigune programak, finantzaketa.

Jabeak aukera horiek guztiak baztertzen baditu, kanona ezarriko zaio. Metro karratuko 10 euro urtean, eta hurrengo urteetan %10eko igoera aplikatuko zaie. «Etxe hutsek herri osoari egiten diote kalte: eskaintza gutxitzen delako, prezioak garestitu, eta auzoak degradatzen direlako», argudiatu du Alkortak.

«Etxe hutsak egoteak herri osoari egiten dio kalte: eskaintza gutxitzen delako, prezioak garestitu, eta auzoak degradatzen direlako»

NAGORE ALKORTAAzpeitiko alkatea

Eusko Legebiltzarrak 2015ean onartu zuen Etxebizitza Legeak ezartzen du etxebizitza duina eta egokia izatea eskubide subjektiboa dela. 2021ean, lege hori garatzen duen etxebizitza hutsen dekretua onartu zuen Eusko Jaurlaritzak. Dekretu horren xedea da hutsik dagoen bizitegi parkea mobilizatzea eta etxebizitzaren funtzio soziala ziurtatzea.

Halaber, dekretu horretan ezartzen da zeintzuk diren etxe hutsak: bi urtez jarraian, legeak aurreikusten dituen justifikaziorik gabe, hutsik dauden etxeak. Horretarako, erroldaz gain, uraren, gasaren eta argindarraren kontsumoak ere kontuan hartzen dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.