Azpeitiko alkatea eta Eudeleko presidenteordea

Nagore Alkorta: «Etxe hutsa izateko eskubidearen gainetik jarri behar dugu bizi proiektua garatzekoa»

Erakunde publikoek etxebizitzaren funtzio soziala bermatu behar dutela uste du Alkortak, eta beharrik handiena dutenen eskubideak lehentasuna izan behar duela. Horretarako politika ausartak egitearen aldekoa da.

Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea, gaur, Basazabal jauregian. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea, gaur, Basazabal jauregian. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Azpeitia
2025eko urtarrilaren 24a
18:00
Entzun

Nagore Alkorta (Azpeitia, Gipuzkoa, 1978) Azpeitiko alkatea eta Eudeleko presidenteordeetako bat da. Azpeitiko Udalak gaur aurkeztu du etxe hutsak alokairura bideratzeko plana, eta, horren barruan, bi urtez jarraian hutsik dauden etxeen jabeei kanona aplikatzea aurreikusten du. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan indarrean dagoen legeak aurreikusten duen neurri bat bada ere, lehen udala izango da hori aplikatzen. Alkortaren hitzetan, etxebizitza eskuratzeko zailtasuna arazo oso larri bihurtu da, eta beharrezkoa da erakunde publikoek politika ausartak egitea eta jarrera ausarta hartzea.

Imanol Pradalesek iragarri berri du Eudelekin akordioa sinatuko duela lurzoru publikoaren erreserba bat sortzeko. Iragarpen hori ezustean hartu duzu. Eudelekin adostu gabea da?

Harrituta geratu nintzen, urtarrilaren 27an izango dugulako Eudelen batzorde eragilea, eta gai zerrendan-eta ez delako gai hori aipatzen. Udalok osatzen dugu Eudel, eta horrek ordezkaritza organo bat dauka. Beraz, ezin dute Eudel bihurtu Eusko Jaurlaritzaren politikak egiteko tresna. 2023az geroztik, indarren oreka aldatu egin da; EAJk eta EH Bilduk ordezkari kopuru bera dute. Beraz, iraganeko inertziak baztertu eta udalok merezi dugun errespetua eskatzen dugu.

«Legeak eskubide subjektibo gisa aitortzen du etxebizitza, eta erakundeek hori bermatzeko betebeharra dugu. Ez da aukera bat. Batzuetan, beldurra dela edo beste interes batzuk direla, ez zaie erreparatzen herritarren beharrei»

2021ean Eusko Jaurlaritzak onartu zuen etxe hutsen dekretuan aurreikusten da kanon bat ezartzeko aukera, baina udal bat ere ez da ausartu. Zuek aitzindariak izango zarete. Herritarren harreraren beldur al zarete?

2015eko Etxebizitza Legeak eskubide subjektibo gisa aitortzen du etxebizitza, eta erakundeek hori bermatzeko betebeharra dugu. Ez da aukera bat. Batzuetan, beldurra dela edo beste interes batzuk direla, ez zaie erreparatzen herritarren beharrei. Etxebizitzak funtzio soziala betetzen du, eta jabeek funtzio hori nahitaez bete behar dute. Legeak dio bi urtez hutsik dagoen etxebizitza batek ez duela funtzio sozial hori betetzen. Legea onartu zen arren, erakunde eta alderdi politiko batzuek ez dituzte behar bezala bultzatu etxebizitzaren inguruko politikak. Orain oso garbi ikusten dugu ezinbestekoa dela arazo honi heltzea. Eta beldurrari buruz: ez gara desjabetzeez hitz egiten ari. Jabeekin banan-banan hitz egingo dugu, eta aukerak eta laguntzak eskainiko ditugu. Legeak ematen digu kanonaren tresna, eta nortasuna izan behar dugu beldurrik gabe erabiltzeko. Sinetsita gaude neurri honek emaitza onak emango dituela.

Tentsio handiko eremuak izendatzeko, ezinbestekoa da hiru urteko ekintza plana osatzea. Udalen ardurapean uzten du Eusko Jaurlaritzak. Gobernuak ardura hori hartzeak piztu ditzake udalen eskaerak?

Udal askok ez dute baliabiderik plan horiek osatzeko, eta laguntza behar dute. Uste dut, etxebizitzaren arazoa hain garrantzitsua denez, bakoitzak bere aldetik ezin dugula konpondu. Borroka politikoak eta dominak jartzeko nahi hori bazterrean utzi, eta erakunde guztiok lankidetzan aritu behar dugu.

«Legeak ematen digu kanonaren tresna, eta nortasuna izan behar dugu beldurrik gabe erabiltzeko. Sinetsita gaude neurri honek emaitza onak emango dituela»

Jabetza pribatua eskubidea da, baina jende askoren bizitza proiektua jokoan dago. Zein da erakundeen erantzukizuna?

Jabetza pribatua legez babestuta dago, baina etxebizitzarako eskubidea ere bai. Etxe huts bat duenak jabetu behar du etxebizitza ez dela ondasun arrunt bat, auto bat edo; etxea eskubidea ere bada. Beraz, erakundeek zeinen interesak jarri behar dituzte gainetik? Nire iritziz, beharrik handiena duenarenak. Beraz, etxe huts bat izateko eskubidearen gainetik jarri behar dugu gazteek bizi proiektua garatzeko duten eskubidea; bueno, gazteek eta banandu nahi duten arren elkarrekin bizitzera behartuta daudenek, guraso bakarreko familiek, adinekoek eta bakarrik bizi nahi dutenek. Kolektibo horiek dute etxebizitza eskuratzeko zailtasunik handiena.

2006ko Lurzoruaren Legea berrikustea proposatu du Eusko Jaurlaritzak. Lurzoru publikoak eta pribatuak mobilizatuz gero Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 75.000 etxebizitza egin litezkeela esan dute. Nolanahi ere, sustatzaile pribatuek ez dute promoziorik egingo errentagarria ez bada. Nola konpon daiteke hori?

Bideragarritasun ekonomikorik gabe, ezin da promozio pribaturik egin. Horraino ados gaude. Irabazi horien portzentajea da gakoa. Etxebizitzak eraikitzen ditugunean, zertarako ari gara? Bakar batzuk aberasteko, edo behar bat asetzeko? Hori erabaki behar dugu.

Etxebizitza alokairuan jarri eta errenta jaso gabe geratzen direnen dozenaka kasu azaltzen dira egunero telebistan. Legeak etxejabeak babesten ez dituelako mezuak indarra hartu du. Horrek ba al du eraginik Euskal Herrian?

Beldurraren diskurtso populista hori eraginkorra izaten da. Telebista kateetan azaltzen diren kasuak kasu, datuei begiratua, ordaintzen ez diren errenten portzentajea oso txikia da. Hala ere, beldur hori duenak badu konponbidea: bere etxea Bizigune programaren esku uztea. Hala eginez gero, jabeek sei urtez bermatua izango dute hilero errenta jasoko dutela. Berdin dio maizterrak ordaintzen duen ala ez. Jabeak berdin jasoko du errenta. Beraz, ez dauka aitzakiarik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.