Etxe eskubidearen aldeko manifestazioarekin bat egin dute berrehun eragilek baino gehiagok

Abenduaren 14an Bilbon mobilizazio «zabala» egiteko asmoa dute. ELA eta LAB sindikatuak dira atxikimendua adierazi duten eragileetako bi.

Manifestazioaren antolatzaileak, gaur, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Manifestazioaren antolatzaileak, gaur, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2024ko abenduaren 10a
16:40
Entzun

Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak antolatuta, etxebizitza eskubidearen aldeko manifestazio bat egingo dute larunbatean Bilbon. Mobilizazio «zabala» egiteko asmoa dute antolatzaileek, eta, gaur egin duten agerraldian azaldu dutenez, 220 eragilek bat egin dute manifestaziorako deiarekin. Etxebizitza eskubidearen aldeko eragile, sindikatu, talde ekologista, auzo elkarte, talde feminista eta gazte antolakunde askok babestu dute deialdia.

Etxebizitzaren arazoaren erroari heltzea izango da larunbateko helburua, antolatzaileek azaldu dutenez: «Etxebizitza negozioa den bitartean, inoiz ez da eskubidea izango; edo beste era batera esanda, etxebizitza merkantzia den artean, sekula ez da guztiontzat izango».

Etxeen merkantilizazioa «gero eta gordinago eta bortitzago» azaleratzen ari dela ohartarazi dute, eta horren erantzuletzat jo dituzte etxeekin negozioa egiten dutenak: «Putre funtsek, bankuek, industria turistikoak, erakunde publikoek eta inbertsiogile handiek gero eta irabazi handiagoa ateratzen dute etxebizitzaren merkatutik. Beraz, argi dago zeintzuk diren txanponaren bi aldeak: burgesiaren irabaziek gora egiteak langileon miseria areagotzea esan nahi du. Hau da: gutxi batzuen aberastasunaren eta jabetzen atzean, gehienon pobrezia eta desjabetzea ezkutatzen dira».

Mobilizazioarekin bat egingo duten eragile esanguratsuetako bi ELA eta LAB sindikatuak dira. ELAk eskatu du etxebizitza politika «errotik aldatzeko»: «Instituzioak behartuta egon behar dira alokairu sozialeko etxebizitza bat eskuratzeko eskubidea bermatzera». Era berean, jabeentzako zerga onurak ezabatu behar direla adierazi du sindikatuak, eta alokairuen prezioak mugatzea ere ekarri du hizpidera: «Beharrezkoa da Hego Euskal Herriko lurralde osoa tentsio handiko eremu gisa ezartzea. Baina hori urrats bat besterik ez da etxebizitza alokairu guztiei prezio muga eskuragarria jartzeko, salbuespenik gabe».

Etxe babestuak

Ildo horretatik, eraikitzen diren etxe babestu guztiak alokairurako baliatu behar direla uste du ELAk, eta etxebizitza turistikoak mugatzearen eta kontrolatzearen alde ere egin du.

LAB sindikatuak, berriz, berretsi du etxebizitza larrialdiari aurre egiteko konpromisoa duela. Horretarako, «tresna sindikal eraginkorrak» eskainiko ditu sindikatuak, eta aliantza zabalen alde egin, ohar baten bidez azaldu duenez. Etxeen prezio igoera mugatzeaz gain, prezio horiek jaistea ere defendatu du sindikatuak. Zehazki, etxe guztien prezioak %50 jaistearen alde egin du. Horrekin lotuta, LABek ezinbestekotzat jo du lanbide arteko gutxieneko soldata igotzea ere.

Etxe turistikoei dagokienez, haiek ixtearen alde egin du sindikatuak: «Etxebizitzak bizitzeko dira».

Atxikimenduak

ELA eta LAB sindikatuek ez ezik, ESK-k eta Steilasek ere bat egin dute manifestaziorako deiarekin. Etxebizitza eskubidearen aldeko eragileei dagokienez, Aldak eta hainbat eskualdetako Kaleratzeak Stop taldeek ere adierazi dute atxikimendua. Ekologistak Martxan, Euskal Herria Bizirik eta Euskal Gune Ekosozialista dira bat egin duten talde ekologistetako batzuk. Euskalgintzako eragileren batek ere bat egin du; esaterako, EHE Euskal Herrian Euskaraz-ek. Euskal Herriko Bilgune Feminista, EHGAM, Sare Antifaxista, SOS Arrazakeria, Euskal Herriko Kontseilu Sozialista, Ernai eta GKS Gazte Koordinakunde Sozialista ere atxikimendua adierazi dutenen zerrendan daude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.