Etxe eskubidea aitortzeko antzinatasun txikiagoa beharko da

2015eko etxebizitza legean jasotako etxe eskubide subjektiboa garatzen duen dekretua onartu berri du Eusko Jaurlaritzak. Eskatzaileek bete beharreko bi baldintza aldatu dituzte

Gasteizko Borinbizkarra auzoko etxe batzuk, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Isabel Jaurena.
2023ko urriaren 11
00:00
Entzun
Iritsi da. Zortzi urte pasatu dira Eusko Jaurlaritzak etxebizitza legea ondu zuenetik, eta beraz, etxe eskubide subjektiboa arautu zuenetik. Eskubideak mugak zituela ikusita, garapen juridiko baten beharra azpimarratu izan dute zenbait adituk eta eragilek. Hala, zortzi urteren ostean, Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuak atzo adierazi zuen Eusko Jaurlaritzak etxe eskubide subjektiboa garatzen duen dekretua onartu duela. Gobernu kontseiluaren osteko agerraldian eman zuen horren berri: «Dekretuak etxe eskubide subjektiboa aitortzeko eskakizun, baldintza eta prozedurak arautzen ditu, eta aukera ematen du alokairuko etxebizitza sozial batera jotzeko, edo merkatu libreko alokairu baterako prestazio ekonomiko bat jasotzeko».

Zehazki, 2015ean onartutako etxebizitza legean jasotzen den etxe eskubide subjektiboa garatzen du dekretuak. Geroztik, derrigorrezkoa dazenbait baldintza betetzea eskubide hori aitortzeko: etxe egonkorrik edo egokirik ez izatea ?bizigarritasuna, tamaina, ahalmen ekonomikoa edo arrazoi juridikoak direla medio, adibidez?, lau urtez etxebizitza eskatzaileen erregistroan izena emanda egotea, eta bizikidetza unitate bakoitzeko urteko diru sarrerak kopuru jakin bat baino txikiagoak izatea: kide bateko bizikidetza unitateek 9.000 euroko diru sarrerak izan zitzaketen gehienez, bi kidekoek 12.000 eurokoak, eta hiru kidekoek, berriz, 15.000 eurokoak.

Baldintza horietako batzuk aldatu ditu dekretuak. Orain, adibidez, nahikoa izanen da etxebizitza eskatzaileen erregistroan hiru urtez izena emanda egotea. Diru sarreren kopuruak ere aldatu dira: eskubidea aitortzeko, kide bateko bizikidetza unitateek 13.000 euro irabazi ahalko dituzte urtean gehienez, bi kidekoek 17.000 euro, eta hiru kidekoek, berriz, 19.000 euro. Aldaketa horiekin etxe eskubide subjektiboa 10.000 eskatzaile gehiagori zabaldu ahal izanen diotela azaldu zuen Arriolak. Aldaketa horiek «berehala» eginen dira, dekretua EAE Euskal Autonomia Erkidegoko aldizkari ofizialean argitaratzen denean.

Herritar gehiagorengana iristea zen, bada, etxe eskubide subjektiboari lotutako erronka nagusietako bat. Izan ere, Etxe Eskubidearen Legea indarrean denetik, hainbat adituk nabarmendu dute beharrezkoa zela dekretua, eskubidearen mugak agerikoak zirelako. Adibidez, 2015etik aurtengo apirilera bitarte 15.000 herritar inguruk eskatu dute eskubide hori aitortzeko, baina horietako 7.900 ingururi baino ez zaie aitortu. Gainera, soilik horietako 2.400 inguruk dute alokairu sozialeko etxea, eta bertze 2.000 inguruk alokairua ordaintzeko laguntzak jasotzen dituzte.

Bateratuta

Dekretuaren bidez, gainera, EAEn dauden etxebizitzaren arlorako bi laguntza nagusiak bateratuko dituzte: etxebizitzarako prestazio osagarria, Lanbidek kudeatzen duena; eta etxebizitzaren prestazio ekonomikoa, Jaurlaritzaren etxebizitza arloak kudeatzen duena. Bigarrena ematen zaie etxe eskubide subjektiboa aitortua izan arren alokairu sozialeko etxebizitzarik eman ez dieten horiei ?zerbitzu publikoek eskaria asetzeko etxe nahikorik ez dutelako gertatzen da normalean?. Merkatu libreko etxebizitza baten alokairua errazago ordaintzeko balio du laguntza horrek.

Dekretuan trantsizio plan bat dago, zeinetan ezartzen den etxebizitzarako prestazio osagarria jasotzen duten horiek etxebizitzaren prestazio ekonomikoa kobratzen hasten ahalko direla lehenbiziko laguntza iraungitzen denean. Izan ere, Lanbidek kudeatutako laguntza hori bi urtez kobra daiteke, baina bertzeari eskubide subjektiboa aitortua izan arte eusten zaio. Hala, prestazio osagarria iraungitzen zaienek prestazio ekonomikoa kobratuko dute urte batez, eta, tartean, eskubide subjektiboa aitortzeko eskatu beharko dute. Prestazio batetik bertzerako aldaketa horiek 2024ko apirilaren 2tik aurrera jarriko dira indarrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.