Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako Sailak 446 milioi euroko aurrekontua izango du datorren urteko ekitaldian. «Jaurlaritzaren funts propioetan hazkunderik handiena izan duen aurrekontua da: %26,7 handitu da», nabarmendu du gaur Denis Itxaso sailburuak, Eusko Legebiltzarreko Ogasun Batzordean egin zuen aurkezpenean. Aurrekontuko 250 milioi euro izan dira aurten Jaurlaritzaren baliabideen bidez hornitutakoak, eta 317 milioikoa izango da datorren urtean. Gainerako dirua Europako Batasuneko funtsei dagokie. Bi zutabe nagusi izango ditu aurrekontuak, Itxasoren esanetan: alokairuko etxebizitzen parke publikoa hobetzea eta etxebizitzarako eskubide subjektiboa garatzea.
Izan ere, 2015eko Etxebizitza Legearen arabera, bizitoki duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboa bermatzen die Jaurlaritzak, baldintza jakin batzuk betetzen dituzten eta eskubide hori bete diezaietela eskatzen dutenei; gizarteko sektore zaurgarrienetakoak dira denak. «Etxebizitza eskuratzeko eskubideari buruzko 147/2023 dekretuak aukera emango du 35.000 familiari ere ezartzeko», adierazi du Itxasok. Eskubide horri erantzuteko, alokairuko etxebizitzak eta laguntzak 11.000 familiari adjudikatuko dizkietela esan du; horretarako, 30 milioi euro erabiliko dituzte.
Etxebizitza Sailak BERRIAri jakinarazi dionez, 2015etik gaur arte 10.000 herritarri baino gehiagori aitortu diete etxe eskubide subjektiboa; horietako 2.800 inguruk dute etxe bat gaur egun, alokairu sozialeko erregimenean —iaz baino 400 gehiagok—, eta beste 3.600 inguruk alokairua ordaintzeko diru laguntza bat. Ez dute publikoki esan zenbat herritarrek eskatu duten eskubide hori aitortzeko; iazko apirilean, 15.000 lagunek baino gehiagok eskatu zuten, baina 7.900 ingururi aitortu zieten.
«Arreta berezia»
Etxebizitza sailburuak esan du berak zuzentzen duen sailak «arreta berezia» duela gazteengan, eta, horregatik, alokairu eskuragarriko etxe guztien %50 inguru 36 urte baino gutxiago dituztenentzat gordeko dituztela. Gaztelagun programaren zuzkidura ere %47 handituko da datorren urteko aurrekontuan.