Etxarte: «Askok gainditzen dute LH eta DBH, baina hobetu daiteke»

Aitor Etxarte Nafarroako Eskola Kontseiluko zuzendariak 2015-2016ko hezkuntza sistemaren txostena aurkeztu du Nafarroako Parlamentuan

Aitor Etxarte, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Iñaki Berastegi.
Iruñea
2017ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Nafarroako Eskola Kontseiluak atzo eman zuen 2015-2016ko txostenaren berri Nafarroako Parlamentuan, hezkuntza sistemaren inguruko emaitzak eta ondorioak aztertuta. Aitor Etxarte Eskola Kontseiluko zuzendariak adierazi zuen hezkuntza sistemak osasun ona duela, baina baduela zer hobetu: «Nafarroan, askok gainditzen dute Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza; beste erkidegoekin alderatuta, kopurua oso handia da, baina oraindik asko hobetu daiteke». Emakumeen %82k gainditzen dute DBH, baina gizonezkoetan apalagoa da tasa: %71.

Bestalde, sare publikoaren eta pribatuaren garapen ezberdina ere utzi du agerian txostenak. Etxartek azaldu du 2011z geroztik hezkuntza publikoaren aurrekontuak behera egin duela, baina sare pribatuaren finantzaketari «eutsi» egin zaiola. Gainera, sare publikoan lan egiten duten irakasleen kopuruak «beheranzko» joera duela nabarmendu du, nahiz eta matrikulazioetan halako bilakaerarik ez izan azken urteetan: matrikula guztien %64 sare publikoan egiten dira.

Geroa Baiko Isabel Aranburuk,EH Bilduko Esther Korresek eta Ahal Dugu-ko Tere Saezek nabarmendu dute UPNren gobernuek sare publikoa baztertu zutela. Ezkerrako Marisa de Simonek, berriz, adierazi du ikasle bakoitzeko gastua igo egin behar dela.

UPNko Alberto Catalanek esan du Nafarroak hezkuntza sisteman «liderra izaten» jarraitzen duela. Hala ere, PSN eta PPNrekin batera, kritikatu du Nafarroako Gobernuak sare pribatuari nagusitasuna eman nahi izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.