IKASTOLAK

Etxarri Aranazko ikastolak Zangozakoari eman dio Nafarroa Oinez-en lekukoa

Andra Mari ikastolako ordezkariak «oso pozik» agertu dira urriaren 8an bildutako jendetzarekin, eta «betetzat» jo dituzte hasieran jarritako helburuak.

Etxarri Aranazko eta Zangozako ikastoletako ordezkariak, gaur, Iruñean. NAFARROA OINEZ
Ion Orzaiz.
2023ko urriaren 25a
12:14
Entzun

Heldu den urtean, Zangozan piztuko da Nafarroako ikastolen festa. Gaur egin dute 2024ko Nafarroa Oinez-en aurkezpena, Iruñean, Nafarroako Ikastolen Elkartearen egoitzan, eta han izan dira ikastolako arduradunak eta baita Etxarri Aranazko Andra Mari Ikastolako ordezkariak ere, iragan berri den festaren balorazioa egin eta lekukoa zangozarren esku uzteko.Datorren urteko Nafarroa Oinez-en leloa Piztu! izanen da; irudia, berriz, kolore anitzeko errainuak lau haizeetara zabaltzen dituen eguzki bat.

Andra Mari ikastolako kideak «oso pozik» azaldu dira urriaren 8an Etxarri Aranatzen ospatutako festak izan zuen «harrera bikainagatik», eta Sakanan jendetza bildu zela nabarmendu dute, besteak beste: «Milaka eta milaka euskaltzale etorri ziren hotsein! lelopean ospatu zen festara, eta eguraldia lagun, programatutako jarduera guztiak normal egin ahal izan ziren: kontzertuak, tailerrak, haurrentzako jolasak, dantzak eta abar eta abar».

Iñigo Orellak, Andra Mari Ikastolako zuzendariak, boluntarioen lana eskertu du eta, horretaz gain, baita Nafarroa Oinez-ekin bat egindako guztien ekarpena ere: «Familiak, ikasleak, langileak, sortzaileak, ikasle ohiak, Sakanako biztanleak eta babesleak, besteak beste».
Orellak gogorarazi du duela urte eta erdi onartu zutela Nafarroa Oinez antolatzeko erronka, eta ordutik berrehundik gora lagun aritu direla antolaketa lanetan urte osoan, eta mila inguru egunean bertan. Orellaren esanetan, «auzolanaren filosofia, ideia, oraindik bizirik dagoela» frogatzen du horrek: «Nafarroa Oinez honek gauza asko eman dizkio gure ikastolari, baina bat azpimarratu nahiko nuke: kohesioa. Azken urte eta erdi honen ondoren komunitate kohesionatuagoa gara».

Ofizialtasuna aldarri

Andra Mari ikastolako lehendakariorde Izaskun Errazkinek Etxarri Aranazko ikastetxearen «koherentzia» azpimarratu du, hizkuntza eskubideen aldarriari eutsi baitiote urte hauetan guztietan: «1989ko Nafarroa Oinez Nafarroa euskaldun lelopean ospatu genuen, eta, 34 urte geroago, antzeko aldarrikapena gogorarazi dugu: euskara ofiziala Nafarroa osoan. 1996ko leloak, Herrikolorek, anbiguetatez jokatzen zuen, eta hitz jokoa egin herri koloretsu baten eta herriko loreen artean; harrotasunez esan dezakegu oraindik ere Andra Mari ikastola lore koloretsu bat dela, aniztasunari ateak irekitzen dizkiona. 2009ko Nafarroa Oinez-en, berriz, gure hizkuntzaren handitasuna azpimarratu genuen Txikiak handi leloarekin. Gaur egun ozen esan dezakegu hemendik aurrera ere koherentziaz jokatuko dugula gero eta ozenago hots egiteko euskararen, aniztasunaren, auzolanaren eta gure proiektu eraldatzailearen alde».

Amaitzeko, Etxarriko ikastolako ordezkariek «babes osoa» adierazi diote Zangozako ikastolari, 2024ko Nafarroa Oinez antolatzeko «erronkari indarrez hel diezaioten».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.