Elixabete Etxanobe jeltzalea hautatu dute Bizkaiko ahaldun nagusi, Batzar Nagusiek Gernikako juntetxean egindako bilkuran. 26 boto behar zituen Etxanobek horretarako, eta 31 lortu ditu: EAJren 23 batzarkideenak, eta PSE-EEren zortzienak. Beste hautagaiak, EH Bilduko Iker Casanovak, bere taldekideen botoak baino ez ditu jaso. PP eta Elkarrekin Bizkaia taldeetako batzarkideek boto zuria eman dute. Hasieran, PPko Raquel Gonzalezek ere aurkeztua zuen hautagaitza, baina saioa hasi orduko erretiratu egin du.
Bozketa amaituta, Etxanobek, oso hunkituta, zin egin du Gernikako arbolaren azpian, eta, ohi bezala, Jose Antonio Agirre lehendakariak 1936an erabilitako berbak baliatu ditu horretarako.
Ahaldun nagusia hautatzeko saioan, bi hautagaiek euren gobernu programak azaldu dituzte. Etxanobek esan du «pertsona guztien ongizatea bermatuko duen gizarte kohesionatu, solidario eta aurreratua» lortu nahi duela gobernu jardueraren bidez, eta «herritarrei erantzungo dien hurbileko erakunde» bilakatu nahi duela aldundia.
Esan duenez, Bizkaiak aurrera egin du azken zortzi urteotan: «Bizkaiak erakunde indartsuak dauzka, kalitatezko zerbitzu publikoak, azpiegitura onak eta hirugarren sektorearekin batera jositako segurtasun sarea». Hala ere, erronkak handiak direla nabarmendu du, eta horiei aurre egiteko bere programan agertzen diren proposamenak aletu ditu.
Gizarte babesaren arloan, «hirugarren sektorearekin elkarlana indartzea» proposatu du, eta iragarri du EtxeTIC zentro berriak zabalduko dituztela, eta bi zahar etxe berri, 120 lekurekin, Sestaon eta Abadiñon. Berdintasunaren esparruan soldata arrakalaren eta kristalezko sabaien kontra egingo duela zin egin du, eta «ongizate ekonomikoa eta enplegua sortzea» bere gobernuarentzat lehentasuna izango dela azaldu du.
Fiskalitateari dagokionez, Etxanobek esan du «zerga sistema bidezko eta progresiboa» nahi duela, eta iragarri du «hausnarketa» egingo dutela egin beharreko aldaketen inguruan, «betiere kontuan hartuta edozein aldaketak dagoena hobetzeko balio behar duela, eta ez arriskuan jartzeko».
Mugikortasunaren arloan, garraio publikoa sustatzea, metroaren 4. eta 5. lineak bultzatzea eta errepide sarea itsasadarraren azpitik joango den tunelarekin osatzea izango dira ardatz nagusiak. Klima larrialdiaren kontra egitea eta Gernikan Guggenheim museoaren bigarren egoitza eraikitzea ere lehentasunen artean daude.
Munduan aldaketak
EH Bilduren Iker Casanovak esan du mundua «aldaketan murgilduta» dagoela, eta horren aurrean herritarrek «segurtasuna» lortu nahi izaten dutela: «Amaitu da globalizazio neoliberalaren garaia; eredu horrek porrot egin du. Eta, porrot hori baliatuz, faxismoaren mamua agertu da, zalantzei gezurrezko erantzunak emanez».
Casanovaren ustez, garai berri horrek «politika egiteko molde berriak» eskatzen ditu: «Batzuek pribilegiotik ulertzen dute politika. Arduradun politikoen soldata handiek, ate birakariek, kontratuak beti ohiko enpresen esku uzteak, lagunkeriak eta abarrek kalte egiten diote politikari».
Baina, molde berriak ez ezik, «eduki berriak» ere proposatu ditu Casanovak bere gobernu programan. Fiskalitatearen arloan, «aberastasunaren banaketa gero eta bidegabeagoa» amaitu eta politika fiskala aldatzeko neurriak «luze gabe» aurkeztuko dituztela iragarri du; industria politika sustatzea proposatu du, baliabideen %3 ikerketara eta garapenera bideratzeko «lurralde ituna» eginda, eta azpiegituretan «paradigma aldatzea», mugitzeko beharra gutxitzea eta garraio publikoak sustatzea galdegin du.
Ezkerreko indarrei mezua bidaliz amaitu du Casanovak hitzaldia: «Bizkaian aldaketarako gogoa dago, eta ezkerreko indarrek erabaki beharko dute etorkizunean non kokatu nahi duten. Ezkerreko gehiengo bat eraikitzea hautatzen badute, elkarrekin egingo dugu topo».
Talde politikoetako bozeramaileen txandan, Elkarrekin Bizkaia taldeko Eneritz Madariagak eta EH Bilduko Bea Ilardiak «PPrekin ituna egitea» aurpegiratu diete EAJri eta PSE-EEri. Madariagaren ustez, itun hori «agerian» geratu zen Bizkaiko Batzar Nagusietako mahaia eratu zenean, eta Ilardiaren iritziz itunaren ondorioa izan da PPk ahaldun nagusi izateko hautagaitza erretiratu izana «EAJrekin eta PSE-EErekin aurrez aurre ez paratzeko». Ituna dagoela ukatu du EAJren eledun Jesus Lekerikabeaskoak, eta EH Bilduri leporatu dio programa bat edukitzea gobernatzen dituen erakundeetan, eta beste bat oposizioa egiten duen lekuetan: «Hemen bi proposamen entzun ditugu: bat hitzetan geldituko da, eta bestea ekintzetan gauzatuko da».
PSE-EEko eledun Goyo Zurrok, berriz, esan du herritarrek «desberdinen arteko akordioak eta gobernu egonkorrak» eskatu dituztela azken hauteskundeetan, eta sozialistek aintzat hartu dutela eskaera hori.
Arratsaldean egingo da ahaldun nagusia aukeratzeko bozketa. 26 boto behar dira horretarako, eta EAJk eta PSE-EEk 31 dituzte bien artean.