Nafarroako Legebiltzarrerako hauteskundeetan ez da berria emakume bat buru duen zerrenda gailentzea, eta oraingoan ere gerta liteke Maria Txibite izatea presidentea, nahiz eta ez dituen haren zerrendak irabazi bozak. Hala ere, beste hainbat erakundetan ez da aurretik gertatu emakumeak agintean izatea: Bizkaiko ahaldun nagusi berria eta Gipuzkoakoa emakumezkoak izango dira, eta baita Gasteizko alkatea ere.
Elixabete Etxanobe EAJren hautagaia erraz gailendu da Bizkaian, eta itxura guztien arabera bera izango da ahaldun nagusi. Gipuzkoan berriz EH Bilduren hautagaitzak jaso du babesik handiena, eta Maddalen Iriarte da haren diputatugai nagusia. EAJk eta PSE-EEk bat egiten badute, eta Iriartek Elkarrekin Podemosen babesa lortzen badu, PPk izango du giltza. Ikusi beharko da negoziazioek zer ematen duten, baina, balantza EAJren aldera joango balitz ere, emakumezko bat izango litzateke ahaldungai nagusia, Eider Mendoza baita jeltzaleen hautagaia.
Gasteizen ere jakina zen emakumezko bat izango zela alkatea, aurkeztutako lau alkategaiak emakumezkoak ziren eta. Inkestek berdinketa iragartzen zuten, baina EH Bilduko Rocio Vitero nagusitu da, zazpi hautetsi eskuratuta, eta seina eskuratu dituzte: boto kopurua kontuan hartuta, hurrenez hurren, PSE-EEko Maider Etxebarriak, PPko Ainhoa Domaikak eta EAJko Beatriz Artolazabalek.
Ikusi gehiago:Emaitza guztiak ikusi
Iruñean ere emakumezko bat buru: UPNko Cristina Ibarrolaren zerrendak lortu du babesik handiena. Hala ere, matematikek posible egiten dute hura ez izatea alkate. Hala balitz, Joseba Asironek lortuko luke agintea.
Erakunde horietako aginte makilak emakumeen esku gelditzeak zerikusi zuzena du hautagaitzek zerrendaburu emakumeak jartzea erabakitzearekin. Izan ere, alderdiak behartuta daude zerrenda parekideak osatzera, baina zerrendaburu emakumezkoa edo gizonezkoa jartzea hautagai zerrenda bakoitzaren esku dago. Eta, oraindik ere, balantza gizonezkoen aldera doa: hauteskunde hauetan, hiru zerrendaburutik bi ziren gizonezkoak, eta bat emakumezkoa.
Joera nahikoa antzekoa da herrialde eta alderdi politiko guztietan: Araban eta Nafarroan —Nafarroaren kasuan, soilik alderdiei erreparatuta—, %37 dira alkategai andreak; portzentajea apalagoa da Bizkaian (%35), eta are txikiagoa Gipuzkoan (%33). Alderdien artean, berriz, PSE-EE eta PSN ziren zerrendaburuak orekatuen zituztenak: %42 dira emakumeak. Hortik behera zeuden EH Bildu (%39), EAJ (%37,5), Geroa Bai (%36), PP (%34) eta UPN (%31).
Nolanahi ere, emakumezkoek aginte makila lortzeak hori besterik ez du esan nahi, horrek ez baitu automatikoki esan nahi politika feministak eramango dituztenik aurrera.