Etxaidek eta Ugartek mugitzeko eskatu diete Espainiako eta Frantziako estatuei

LABeko idazkari nagusiari ez zaio «zentzuzkoa» iruditzen ETAri desegiteko exijitzea

Erredakzioa
2012ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Gatazkaren konponbidean azken hilabeteetan egin diren urratsak aintzat hartu eta mugitzen hasteko ordua dute Espainiako eta Frantziako estatuek, LABen eta Bilduren ustez. Horrela berretsi zuten atzo Ainhoa Etxaidek,LABeko idazkari nagusiak eta Larraitz Ugartek, Gipuzkoako Aldundiko bozeramaileak.

Etxaideren esanetan, une honetan «ezinbesteskoa da» bi estatuei eskatzea «negoziazioaren bideari» ekin diezaioten eta «blokeo politika» alboratu dezaten. Blokeo politika hori hausteko, ordea, LABeko idazkari nagusiak uste du mobilizazioa eta borroka beharko direla.

Itxaropentsu agertu da Etxaide «euskal gizarteak eta eragileek erakutsi dutelako gauzak egiteko eta eskenatoki berriak irekitzeko gaitasuna». Esperantza gutxi du. ordea, estatuengan, «azken urteetan argi geratu baita gatazka gainditzeko arazo nagusia estatuen borondate eza dela». Horregatik, uste du estatuak mugituko direla, gizarteak mugiarazten baditu: «Behartu egin behar ditugu konfrontazioaren bidez».

Mugitu beharrean estatuakETAri desegin dadin exijitzen ibiltzea ere ez zaio batere logikoa iruditzen Etxaideri: «Halakorik ez da ezein prozesutan egin. Ez du logikarik irtenbide prozesu honetan urrats definitiboak egiteko konpromisoa hartu duen eragile bat desagertu behar izateak». Estatuek egin dituzten urratsak, aldiz, «prozesuari irtenbidea eman beharrean hura itotzeko eta blokeatzeko» izan direla uste du. Jarrera horrek, dena den, gero eta zentzu eta babes gutxiago duela uste du LABeko idazkari nagusiak.

Larraitz Ugartek ere beharrezkotzat jo du estatuak ahalik eta lasterren mugitzea, bereziki Espainiakoa, «denbora gehiegi darama-eta geldi». Ugarteren aburuz, lehenik eta behin espetxe politikari heldu beharko litzaioke, «giza eskubideak betetze hutsarekin jende asko libre legokeelako dagoeneko». Era berean, euskal presoen kolektiboari ezarritako salbuespenezko neurriak desaktibatzea galdegin du.

Ugarteren aburuz, euskal gizarteak mugiaraziko du Espainiako Gobernua. «Alde bakarreko urratsek mugak dituzte», esan du Gipuzkoako Aldundiko bozeramaileak: «Gatazkako alde batek planteatu duen prozesua da, baina hemen konpondu beharreko gatazka politikoa dago, eta alde guztiek hitz egin behar dute, eta akordioa lortu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.