Eragin taldearen desegitea

Etsipenetik borrokarako jauzia eragiteko

Eragin taldeak amaitutzat jo du bere ibilbidea. Langile gazteen prekarizazioa salatzeko, haien antolakuntza indartzeko eta neoliberalismoari ideologikoki ere aurre egiteko sortu zen, eta Bilbon hainbat borroka paradigmatiko bideratu ditu. Sei urteko jardunaz eta egungo egoeraz mintzatu dira bi kide BERRIArekin.

Mikel Ruiz Oar-Arteta eta Maddi Martinez Arostegi, asteon, Bilbon, BERRIArekin izandako hitzorduan. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2022ko urriaren 14a
00:00
Entzun
«Gazteen artean asko errepikatzen da 'dagoena dago' leloa, eta atzean badu eduki ideologiko esanguratsua: etsipena, asimilazioa, datorkizuna onartzea, ikustea fenomeno meteorologiko bat balitz bezala, eta ez botere ekonomikoek programatutako pobretze baten moduan. 'Besterik ere badago' leloarekin horri aurre egin nahi izan diogu». Eragin gazte antolakundearen marka bihurtu da ez konformatzeko aldarria, Mikel Ruiz Oar-Artetak (Bilbo, 1996) onartu duenez. Sei urtez egindako ibilbidean, langile gazteen prekaritatea salatzeko mobilizazioak egin dituzte BBK Live jaialdiaren eta black friday kontsumo egunaren harira, bizikletako banatzaileen borroka bideratu dute, apustu etxeen kontra aritu dira, pentsiodunen protestak babestu dituzte, hiri eredua zalantzan jarri dute... Eta orain, agur esateko garaia heldu zaie, asteburuan iragarri zutenez. «Ziklo baten amaiera da», esan du Maddi Martinez Arostegik (Bilbo, 2000).

2016an sortu zen Eragin taldea, Bilbon, «gazte langileen aurkako ofentsiba prekarizatzaile eta ideologiko betean», sare sozialetan zabaldutako agur mezuan gogorarazi dutenez, hiru xede handirekin: neoliberalismoaren aurkako borroka ideologikoa sendotzea, antolakuntza gaitasunerako tresna izatea eta bizitza duinetarako baldintzak eskuratzea. Prozesu hartan parte hartu zuen Oar-Artetak: «2008ko krisiaz geroztik gazteon lan baldintzek okerrera egin zuten, eta ikusi genuen prekarizazio prozesu hori nolabait normaltzat hartzen zela, jendeak ez zuela ikusten prozesu politiko, ekonomiko eta ideologiko baten ondorio zela».

Eragin ez zen ezerezetik sortu, halere, beste mugimendu batzuetan aritutako gazteak elkartu baitzituen. Aniztasun eta batasun hori «naturalki» gertatu zela gogoratu du Oar-Artetak: «Bilerak egin genituen hainbat talderekin, gazte asanbladekin, eragile politikoetako gazte antolakundeekin, eta erantzun positiboa jaso genuen: beharra eta aukera zegoen ezkerreko eremu zabal batetik diskurtso komun bat lantzeko. Elkarlan ona izan dugu». Eta Bilbon zentratzea erabaki zuten, azken hamarkadetan izandako eraldaketari erreparatzea: «Lehen industriak zuen pisua orain hirugarren sektoreak du; jauzi horrek eragin handia izan du hirian».

Oinarri horiek finkatuta hasi ziren lanean, borroka ideologikoa komunikazio molde berriekin uztartuz. «Gure helburu nagusietako bat izan da ideologizatu gabeko gazteengana iristea, hor baitago gazteriaren zati oso handi bat, eta haien artean klase diskurtsoa eta kontzientzia zabaltzea», azaldu du Oar-Artetak. Hain zuzen, horrelaxe sartu zen taldean Martinez, pandemiaren aurretik: «Apustu etxeen inguruko lanketak erakarri ninduen. Kanpaina hark lortu zuen beste inon militatzen ez zuten gazteengana heltzea eta auzia politizatzea».

Gazteak, frustratuta

COVID-19ak eragindako izurriteak, ordea, guztiz baldintzatu du azken hilabeteetako martxa. Zintzo mintzatu da Martinez: «Azken bi urteetan Eragin ezin izan da heldu aurretik heltzen zen leku guztietara». Gazteak, oro har, etsita nabaritzen ditu: «Neke eta frustrazio handia ikusten dut inguruan: lanik ez dutelako aurkitzen, baldintza txarrak dituztelako, ezin dutelako gurasoen etxetik atera... Baina ez dakigu hori guztia borrokara nola eraman. Berriz entzuten dugu: 'Pandemiak hau ekarri du, zer egingo diogu?'. Eta ez da pandemia izan; sistemaren dinamikak azkartu besterik ez ditu egin pandemiak. Orain asko kostatzen da etsipenetik borrokarako pausoa ematea, batzuetan etsipenean ere eroso gaudelako, neurri batean. Baina jauzi hori egiteko grina berpiztu behar dugu».

Ez dira garai errazak, ordea. Martinezen hitzetan, bizi erritmoek ez dute laguntzen: «Asko ikasten eta lanean ari gara aldi berean; militatzeko denbora gutxi geratzen da». Ezta osasun egoerak ere: «Jende asko dago buru osasuneko arazoekin, eta horrek asko zailtzen du antolatzeko pausoa ematea». Eta mugimenduen arteko liskarrek ez dute laguntzen, Oar-Artetaren berbetan: «Hausnartu beharko litzateke eragileen arteko gatazkek zer neurritan zailtzen duten gazteengana iristea. Guk pentsatu izan dugu dinamika bateratuek errazten dutela bai mezua helarazten, bai gune seguruak sortzen jendeak militatu ahal izateko posizio jakin batekin identifikatu beharrik gabe».

Abagune konplexu horretan erabaki du Eraginek ibilbidea bukatutzat jotzea. «Ikusi dugu gure funtzioa une honetan amaitu egin dela», azaldu du Martinezek; «Tresna bat izan da Eragin, oso baliagarria: jende askorengana iritsi gara. Baina orain berriz planteatu behar dugu lan eta borroka egiteko molde hau». Porrot zantzurik gabe jardun da Oar-Arteta: «Eragin ez zen sortu antolakunde politiko gisa denboran irauteko asmoz. Etorkizuneansortuko diren beste dinamikek ere jarraitu ahal izango dute gure filosofiarekin».

Izan ere, argi dute borroka ez dela amaitu, Eraginen sorrerako kezkak eta ezinegonak ez baitira desagertu. Martinez: «Gure printzipioak beharrezkoak dira oraindik; borrokan jarraituko dugu beste mugimendu batzuetan». Oar-Arteta: «Krisiak kateatzen ari gara: 2008koa, COVID-19a, Ukrainako gerrak ekarriko duena... Horregatik mantendu behar da etsipenetik ateratzeko eta borrokara batzeko mezua. Oraindik ere badugu premia hori».

Borroka arlo ugari

Bidea amaitu du Eraginek, baina mugarri asko utzi ditu sei urteko jardunak. Gazteen prekarizazioa salatzen hasi zirenean, Bilboren hiri eredua jarri zuten jomugan, Oar-Artetak oroitu duenez: «Bilbon turismoak izandako gorakada erabili izan da ereduaren arrakasta nabarmentzeko, baina, gure ustez, horren atzean ezkutatzen da hemengo tertziarizazio prozesua oso lotuta egon dela ostalaritzarekin, kontsumo eredu jakin batekin... Eta ezkutatu egin da, aldi berean, horrek gazteon lan baldintzetan izan duen eragina; black friday-ren harira, adibidez, egun bakarreko kontratuak egin izan dira».

Ildo hartatik iritsi zen kultura edo kirol ekitaldi erraldoien inguruko kritika, eta, zehazki, BBK Live jaialdiarekin lotuta 2019an egindako salaketak. Oar-Artetak gogora ekarri du ia-ia ausaz gertatu zela dena: «Eragineko kide batek kontatu zigun lan baldintza txarrak zituztela: lanordu asko, soldata oso txikiak, Gizarte Segurantzan izena eman gabe... Kartel bat egin genuen, esanez halakorik jasan bazuten gurekin harremanetan jartzeko; enpresak mehatxu egin zigun salatu egingo gintuela haien irudia erabiltzeagatik; guk kontra egin genuen, eta horrek guztiak eragin zuen kanpaina asko zabaltzea: langile pila baten mezuak jaso genituen, eta material hori publiko egin genuen, jakinda jaialdiaren sustatzaileak diru publiko asko jasotzen duela urtero. Bola oso handi bat sortu zen, eta, gainera, langileei ez zieten ordaindu irailera arte... Hurrengo urtean kanpaina bat martxan jartzeko asmoa genuen, baina justu pandemia etorri zen».

Era berean, Euskal Herrian lehenetakoak izan ziren bizikletako banatzaileen auzia gizarteratzen. «Langileen atomizazioaren adibide argiena» da eremu hori, Martinezen hitzetan, eta horrek zaildu egiten du antolatzea: «Ez zen erraza izan langileekin harremanetan jartzea: askorentzat, lan hori da haien diru sarrera bakarra, eta protesta egiteak lana galtzea eragin dezake. Azken batean, antolatzeko edozein mugimenduk ondorio larriak izan ditzake halako langileentzat, batez ere atzerritarrak badira. Beraz, atomizazioak antolatzea eragozten du, eta antolatuta ez egoteak prekarizazioa areagotzen du».

Halako trabak orokorrak direla gaineratu du Oar-Artetak: «Sindikatuak iristen ez ziren esparruetara heldu nahi genuen, hor zailagoa delako antolatzeko pausoa ematea: jendeak ez du sortzen sail sindikal bat aste edo hilabete batzuetako lan baldintzak hobetzeko, uste duelako bizitzan garai baterako enplegua dela, ez duelako bere burua zerbitzari ikusten luzera begira... Horregatik, lana utzi eta gero egin dituzte salaketa gehienak». Langile horientzat «tresna bat» izan da Eragin. «Hor oraindik bidea dago egiteko».

Baina borrokarik oparoena, bi kideon ustez, apustu etxeen aurkakoa izan da. Martinezentzat, arazoari izen-abizenak jartzeko modua izan da: «Banekien ez zela soilik ludopatia arazo bat, eta Eraginen bidez definitu nuen zergatik: non jartzen dituzte apustu etxeak? Zertarako?». Oar-Arteta «gehien ase» duen borroka izan da: «Lan talde txiki bat ginen, baina kalean eztabaida handia sortzea lortu genuen, udaletan mozioak sartzea, beste leku batzuetako gazteekin batera debate politiko bat sustatzea... Inpaktu politikoa ere izan du: publizitatea debekatu zuten, udal batzuek neurriak hartu zituzten... Eta hori guztia, gatazka gizarteratu egin delako, kalean borrokatu delako eta klase diskurtsoa txertatu delako». «Besterik ere badago» leloarekin egindako elastikoa atera dute, eta irudiak dakarren bigarren leloa erakutsi dute, ondorio gisa: «Borrokak merezi du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.