Koronabirusa

Etsipena, beldurra eta nekea zahar etxeetan

Zahar etxeetako kutsatzeek gorakada nabarmena izan dute azken asteetan, eta langileak beldur dira ez ote diren itzuliko gaitzaren lehenengo olatuko egoerara. Egoiliarren artean ere kezka da nagusi.

Bilboko Zorrozgoiti zahar etxeko egoiliar bat, atzo. MIGUEL TOÑA / EFE.
2020ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
«Zer gertatzen ari den ikusita, beldur handia dugu, uste baitugu martxo hasierako egoerara itzultzen ari garela». Halaxe adierazi dio BERRIAri Aitziber Aranberrik, Domus VI Villa Sacramento zahar etxeko langileak. Egunerokotasunean ahalik eta kontu handienarekin ibiltzen direla kontatu du, adinekoekin lan egiteak «arduratsu» jokatzea eskatzen baitu. Maider Domingo, berriz, Oria-Goierri eskualdeko arduradun soziosanitarioa da, eta jakinarazi du lan karga handia dutela, eta lan baldintzek «guztiz oztopatzen dutela» langileen eguneroko jarduna.

Domingok azaldu du lan karga horretan eragiten duela, besteak beste, itxialdi garaian hartutako neurri asko mantentzeak eta errefortzurako langileak murriztu izanak. Hartutako neurrien artean, solairuen sektorizazioa jarri zen martxan, egoiliarrak nahastea eragozteko. Beraz, Domingok adierazi du otorduak banan-banan eta gelaz gela eramateak lana handitzen duela. Pandemiaren garairik gogorrenean kasu batzuetan errefortzuak egon zirela oroitarazi du, baina dagoeneko errefortzu horiek kendu egin direla eta langile askoren oporrak ez dituela inork ordezkatzen. Aranberrik ere bat egin du ideia horrekin: «Uda da, eta opor garaia. Langile berak ari gara lanean, eta lan gehiago dugu. Sektorizazioak, irteeretarako prestaketek eta desinfekzioek lana eskatzen dute, eta tentsio handia daukagu».

Domingok nabarmendu du protokoloetan izan diren aldaketengatik langile askok ez dutela egutegi finkorik, eta orain zahar etxeetako lana are «prekarioagoa» dela. Horrez gain, argudiatu du lan karga guztiari faktore psikologikoa gehitu behar zaiola: «Egoera luzerako doa; gogorra izan da, eta izango da. Jende asko psikologikoki ukituta dago».

Lehenengo olatuko akats gutxi zuzendu direla adierazi du Aranberrik, langileen sentsazioa baita «protokolo asko» daudela baina «baliabide nahikorik» ez dagoela: «Maskara kirurgikoa janzten dugu goizeko 08:00etako txandan, eta 09:00etarako busti-bustia izaten dugu, besteak beste, garbiketak egiten ditugulako. Askotan eskatu ditugu baliabideak, baina ezer ere ez. Nola lan egiten dugun ikusita, argi dago kutsatzea hortik ere etor daitekeela».

Domingok salatu du higiene neurriak bermatzeko materiala eskasa dela, eta eguneko zentroan bakarrik erabiltzen dituztela bata iragazgaitzak. Egoera horrek zahar etxetako langileen «betiko» sentsazioa baieztatzen duela gaineratu du: «Garrantzia diru irabaziek dute; egoiliarren eta langileon segurtasunak berdin dio». Domingok gaineratu du desberdintasun handia dagoela zahar etxe batetik bestera: «Batzuek maskara kirurgikoak daramatzate soinean, eta beste batzuek FFP2 motako maskararekin lan egiten dute. Beste langile batzuek hiru egunetik behin aldatzen dute maskara». Arduradun soziosanitarioak jakinarazi duenez, zentro bakoitzera ez da material kantitate bera iristen, batzuek EPIak baitituzte eta beste batzuek ez. PCR probetan ere «saltsa handia» dagoela jakinarazi du: kasu batzuetan, langileei probak egiten ari zaizkie, baina beste zahar etxe bateko langileek apirilean izan zuten azken PCR proba.

Egoiliarrak ere, kezkaturik

Erabiltzaileak ere kezkatuta daudela aitortu dute biek: «Egoiliarren egoera ulertzeko, aintzat hartu behar da hilabeteak eman dituztela erabat itxita, eta normaltasun berri horretara pixka bat sartzen hasi direnean etorri da berriro gorakada».

Egoiliar batzuek informazio falta salatu dutela ere esan dute langileek: «Bakartzeak martxan jarri behar direnean, egoeraz ohartzen direnek askotan ez dute ulertzen zergatik. Haien egunerokotasuna guztiz eteten duten neurrien arrazoiak ez zaizkie azaltzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.