Euskal Herrira etorri berri den batentzat, harrera izan liteke lagunarte bat eskaintzea; errespetatu, zaindu eta aintzat hartuko duten inguru bat ematea; eta integraziorako bidea erraztea. Iritsi berri batentzat, ongietorria izan liteke euskaraz hitz batzuk erakustea, euskaltegirako bidea zabaltzea, edo euskara existitzen dela azaltzea. Harrera hori nola egin litekeen aztertzen aritu dira atzo eta gaur, Gasteizen, Euskalgintzaren Kontseiluak antolatutako Ongi etorri euskararen mundura jardunaldietan.
Handira jo dute saioetan: aritu dira hizkuntza politikez eta dauden erronkez, ezinez eta aukerez. Baina, aldi berean, hizpide izan dituzte tokiko esperientziak, martxan jarritako praktika onak. Hezkuntzatik eraikitakoen eta deseraikitakoen berri eman dute Hezkuntza harrera gune, euskara harrera gune mahai inguruan. Ipar Euskal Herrian, Gasteizen eta Iruñean garatutako proiektuez aritu dira.
Txikitik eraikitzen
Egoitz Urrutikoetxeak, Seaskako pedagogia zuzendariak Ipar Euskal Herriko egoeraren argazkia egin du. Immigrazioari dagokiona: haren hitzetan, urtero 3.000 pertsona heltzen dira, anitzetan klase sozial jakin batekoak eta frantsesak. Eta hizkuntzari dagokiona: «Ezagutua ez den eta ukatua den herri eta hizkuntza bat dira gureak». Immigrazioaren gaia lantzerakoan, kontuan hartu beharreko aldagaia dela dio: «Jakinda guretzat erronka dela, gure aliatuak izan behar dute, izango dira edo hala izan daitezen bidea zabaldu behar dugu. Horretarako, behar dugu jabetu gure posizioaz, zapaldua den hizkuntza baten hiztunak garela eta hori biziberritu nahi dugula».
«Jakinda guretzat erronka dela, [etorkinek] gure aliatuak izan behar dute, izango dira edo hala izan daitezen bidea zabaldu behar dugu»
EGOITZ URRUTIKOETXEASeaskako pedagogia zuzendaria
Seaskak urteetan ari da biziberritze horren alde ekinean, eta ikastolek zabalik dituzte ateak ume horientzat guztientzat ere, murgiltze ereduan euskaraz ikas dezaten. Aldiz, baliabide falta dute, ia bakarrik ari dira desertuan. Erakundeen inplikazio falta deitoratu du: «Populazio mugimenduak gertatzen direnean, inoiz eta inon ez dizute proposatuko euskararekiko gutxieneko hurbilpenik».
Ikusi gehiago
«Ez dira ez etsai ez zailtasun; zailtasuna da aski tresna ez izatea». Argi mintzo da Ruben Sanchez, Gasteizko Alde Zaharreko eta Anhitzak-eko dinamizatzaile ohia. Etorri berriei harrera egiteko tresna faltan, Auzoko proiektua jarri zuten martxan: hamar pertsona inguruko taldea batzen ziren —bi euskaraz zekitenak eta zazpi edo zortzi euskara ez beste ama hizkuntza bat zutenak—. Euskal Herrira eta euskarara hurbiltzen laguntzen zieten. Baina euskaraz gehiago ikasi nahi zutenean: «Esaten genien: 'Euskaltegi batera joan behar duzu'. Baina 500 euro balio du». Alderaketa egin dute: «Gasteizen, 3.000-4.000 lagunek ikasten dute gazteleraz doan, dirurik aurreratu gabe».
«[Etorkinak] Ez dira ez etsai ez zailtasun; zailtasuna da aski tresna ez izatea»
RUBEN SANCHEZGasteizko Alde Zaharreko eta Anhitzak-eko dinamizatzaile ohia
Anhitzak izeneko topaketak ere egin zituzten bi aldiz. Euskal hiztunak eta beste hizkuntza batzuk dituztenak hizkuntzei buruz gogoetan jartzen zituzten. Bi ondorio atera zituzten: etorkinek nahi dute beren hizkuntzari eta kulturari «atxiki», eta nahi dute beraiek eta seme-alabek euskaraz ikastea.
Gasteizko beste proiektu batez aritu da Aitor Barriocanal, Goian elkarteko kidea. Izen bereko proiektua kudeatzen dute Gasteizko Alde Zaharrean, proiektu «hezitzaile eta komunitarioa». Ez dute bereziki migratzaileekin lan egiten; auzoko umeekin, gazteekin eta familiekin aritzen dira. Aisialdi eskaintza egiten diete, betiere euskara aintzat hartuta: «Beti adosten ditugu konpromisoak eta mekanismoak, euskara presente egoteko».
Iruñeak badu euskarak bereziki presentzia handia duen gune bat: Laba. Kafetegi bat izateaz gain, euskararen aldeko lana da nabarmentzekoa. Aurten, Lantxotegi elkartearekin elkarlanean, Ongi Etorri Iruñera zikloa jarri dute martxan. Labako kide Yasmine Khrisek azaldu duenez, hamabost pertsona inguru elkartu dira —erdiak nafarrak eta erdiak etorkinak—, eta askotariko gaiak landu dituzte, elkarri irakatsiz eta elkarrengandik ikasiz: ahozko transmisioa, gastronomia...
«Aisialdia ikusi behar da inklusiorako tresna moduan, eta zer garrantzitsua den bizi den herri, hiri edo auzoan parte hartzea eta horren parte sentitzea»
ARANTXA CAMINOSLantxotegi elkarteko langilea
Eta egindakoak eman ditu fruituak. Hala azaldu du Khrisek: «Martxan jarri genuen lehen atea irekitzeko: gazte batek euskaltegian izena eman du, beste bi auzoko jai batzordean apuntatu dira...». Arantxa Caminos Lantxotegi elkarteko langileak laburbildu du: «Aisialdia ikusi behar da inklusiorako tresna moduan, eta zer garrantzitsua den bizi den herri, hiri edo auzoan parte hartzea eta horren parte sentitzea».