Udal eta foru hauteskundeak. Begiradak

Etorkizune(ra)ko…

Xabier Aierdi.
2011ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
... lehen eguna izan zen joan den ostirala, maiatzaren 6a, orduxean hasi baitzen ezker abertzaleko zati batentzako urrats erabakigarri baterako aukera. Duela urte ugari, EEk inorako bidea egin zuela argudiatuz liburu bat argitaratu zen. Trantsizio garaian agertu zen ezker abertzaleko beste erreferentziak, HBk, antzeko ibilbidea burutu du, agortu du ustez alternatiboa zen bidea. Agian, geldiune bat iragartzeko garaia heldu da, bai eta abertzaletasun osoak hausnarketa sakon bati ekitekoa ere, logika erreaktiborako prestatua egon baita, baina aurrerantzean modu proaktiboan erantzun beharko du, oharkabe jasaten ari den inplosio prozesua nagusi ez dadin.

Baina hauteskundeak datoz, eta ez da horretarako garairik egokiena, euskal gizarteak egingo dituen aukeretakoa baino. Bildu koalizioa aurkeztu ahalko da, eta poztekoa da agertoki berriak dakartzan etorkizun gertagarriak. Poza hedatu da gure bazterretan, herenegun goizaldean, eta ordutik hona aurpegietan nabarmena izan den moduan. Estatuan, egin eta esan dezatela nahi dutena, besterik ez bada ere distantzia psikologiko-kontzeptuala jarri eta existituko ez balira bezala jokatu beharra dago aldi batez.

Garrantzizkoena, aste bi barru gizarte honen aniztasunaz gain, konplexutasuna ere agertuko dela da, eta aspaldiko partez oso beharrezkoa zen, egun dugun irudi desitxuratuaren ordez gutxi asko gure errealitate politikoaren, gure identitate nazionalen eta gure bihotzeko leialtasunen argazkirik finkoena lortzea ekarriko du eta. Hortik aurrera, negoziazioak, adostasunak, koalizioak, gutxiengo eta gehiengo zailak eta, oro har, gure betiko puzzlea. Identitate kontu ugaritan ez naiz Amin Maalouf-en zalea, kosmopolita deserrotua izatea ez baita edonoren esku dagoen aukera, baina berarekin bat nator kontu batean: ez dela nahikoa torloju bat, ez baitago irtenbide errazik, identitate aurkari eta konkurrentedun egoeretan. Bilduren presentziak eskema sinpleak zaildu egingo ditu, ez udal bat edo bitan, ia gehienetan. Normaltzen hasia da Batasuna konstelazioa eta normaltzen ere gure indar errealen panorama. Zailtzea normaltzearen kide da testuinguru honetan, gauzak bere tokian ixtea. Suarezen esaldia da trantsizio garaiko hasierakoa: «Kalean normala dena, legebiltzarrean ere izan behar du». Urte luzeetan gehiengo eta gutxiengo artifizialetan mugitu izan gara, besteak beste, HB hasieran eta Batasuna geroago, ordenamendu politikoa deslegitimatze aldera erakundeetara joan ez delako. Gero, alderdien legearen ostean, trabak batzuetan, ezintasuna besteetan eta ilegalizazioa hainbatetan.

Parametroak zeharo aldatu dira. ETArekin epeka apurtu nahi da, politika instituzionala oinarri garrantzitsuena bilakatuko da, eta eskuratuko duen botere tasa erabiliko du. Ikusmolde berriari erantzuteko, Bildu baino askoz apustu interesgarriagoa iruditu zait Sortu; baina, alde batetik, espero dezagun Sortu ere lehenbailehen onartua izan dadila, eta, bestetik, Bildura mugatu gaitezen.

Bilduri dagokio fase berriko lehen urratsak egitea, bide politiko soiletan aritzea, udaleta lurralde politika instituzionala garatzea eta, batez ere, elektoralki dagokion espazio politikoa betetzea. Ez gutxiago, ez gehiago: botoen arabera dagokiona. Aurrerantzean ez da posible legitimazio kualitatiborik eskatzea («gehien borrokatzen dutenek gehiago errepresentatzen dute, bizia emateko prest baitaude»). Legitimazio kuantitatibora mugaraztea sistema demokratiko parlamentarioak dakarren baliorik garrantzitsuenetarikoa da. Gehien ekiten duenari eska diezaiogun proiekturik onena eskain diezagula; nahikoa da, eskertuko diogu. Paradoxikoki, agian urrats hori betetze aldera eta horretan murgiltze aldera, Bilduren bitartez aurkeztea mesedegarria izan liteke: hau da, auzokoekin elkarlanean, Sortu izango denerako entrenamendu aproposa suerta daiteke eta. Etorkizuna zabalik dago, askoz itxaropentsuagoa da, eta ez dago abiapuntu hobeagorik maiatzaren 22an erretratu erreala lortzeko argazki aratzena egitea baino. Geroago, gerokoak. Hasteko, errealitatea; gero, etorkizuna berrasmatu. Baina, badirudi etorkizuna abian dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.