Etorkizuneko ereduak, ekofeminismoaren bidez

Ekofeminismoak planteatzen dituen etorkizuneko erronken eta ereduen inguruan hausnartu dute, beste batzuen artean, Lorea Agirrek, Arantza Arrienek eta Miren Vivesek, UEUk antolatu duen ikastaro batean.

UEUko ikastaroko hizlarietako batzuk; Ainara Kaltzakortak du mikrofonoa eskuan. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
iraia vieira gil
Gasteiz
2023ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Herria, lurraldea, etxea, iragana, hizkuntza. Bozgorailuetatik ozen entzuten dira hitz horiek, eta, bitartean, Aguacero de mayo abestiaren erritmora mugitzen ari dira hogei bat emakume. Amaitu dutenean, aulki bana hartu eta eseri egin dira. Ekofeminismotik etorkizuna nola eraiki daitekeen eztabaidatzeko prest daude. Gasteizko Sumendi espazioan bildu dira, Udako Euskal Unibertsitateak antolatu duen Ekofeminismoak konpos(t)atzen Euskal Herrian ikastaroan.

Ekofeminismoaren memoriaz, ibilbideaz eta historiaz aritu ziren herenegun, ikastaroaren lehenengo zatian, eta etorkizunaren gaiari heldu zioten bazkalostean, Ekofeminismo arloetatik erronkak solasaldian. Zenbait diziplinatako zortzi hizlarik hartu zuten parte, eta bi galderari erantzuteko: «Zer erronka planteatzen dizue etorkizunak? Zer erronka planteatzen diozue etorkizunari?».

«Ekologismoa maskulinizatutako sektorea da, baina ekofeminismoak hori aldatzeko aukera emango digu». Ainara Kaltzakorta ekintzaile ekologistaren arabera, tresna baliagarria da ekofeminismoa, mugimendu barruan zein kanpoan. «Ekofeminismoaren ekarpenak hartu behar ditugu oinarri, eta pentsatu etorkizuna ez dela uste bezain idealizatua izango». Erritmoak aldatzean dago erronka: «Arazoen berehalakotasunaz aritzen gara askotan, baina baliteke hori ez izatea bidea». Unean uneko erabakiak hartu ordez, epe luzeko neurriak ezartzeko eskatu du.

Aldatu ezin diren gauzez kontziente izateko beharra aldarrikatu du, berriz, Maite Zabalak, eta zahartzea jarri du adibide. Osatze feministaren ikuspuntutik aritu da, eta naturaren eta gorputzaren garrantzia aipatu ditu. «Gorputzei arreta jarri behar diegu, eta haien beharrak entzun. Horiez jabetu behar dugu, eta boteretu». Izaera aldaketa ez da erraza izango; tresnak falta dira. «Plazerez edo ongizatez bizitzea bigarren mailan geratu da. Ez bizitzetik bizitzera egin behar dugu». Ondo pentsatu: «Zeintzuk dira bizitzaren alde benetan lerrokatzen diren logikak?».

Estitxu Villamorrek uste du egungo eredu energetikoek ez dituztela bizitzak kontuan hartzen. Haren iritziz, eragin handia dute gutxiengoetan: «Indigenei kalte egiten diete, zaintza lanak zailtzen dituzte, eta errepresioa sustatzen dute». Eredu fosilistaren oinarri berberei jarraitzen diete, eta aldaketa politiko eta kulturala guztiz beharrezkoa da. Nazioartean kalte gutxien eragiten duten ereduak eskatu ditu.

Arantza Arrien landa eremuan dituzten erronkez aritu da. Nekazaritza eredu jasangarria eskatu du, belaunaldiz belaunaldi iraun eta ingurumena zainduko duena. «Nekazaritza kulturaz jantzita dagoen ekofeminismo aurrerakoia behar dugu». Aldaketak «kolektiboa» izan behar du, eta emakumeak landa eremura erakarri behar ditu.

Zuzenbidearen arloari dagokionez, emakumeek lurrak lortzeko moduak bilatu behar direla azaldu du Amanda Diasek. Familiaren, estatuaren eta merkatuaren bidez lor ditzakete, baina ez da nahikoa. «Munduko kontrola heteropatriarkala, kapitalista eta koloniala da oraindik». Erdi Aroko sorgin ehizarekin alderatu du egoera: «Emakumeen jabetza pribatua, intsumisioa eta sexualitatea delitu dira».

Hirigintza emakumeen beharretara moldatzea ekofeminismoaren beste erronka bat dela uste du Miren Vivesek. «Hiriak ez dira ez ekologistak, ez feministak». Hurbiltasunaren kontzeptua berreskuratu nahi luke, eta hiriak oinez eta bizikletaz mugitzeko egokitu. «Distantziak denbora eskatzen du; emakumeek denbora gutxiago dugu». Bizi kalitateari ematen dio berak garrantzia, baina ez du uste hirien eraikuntzan kontuan hartzen denik. «Jarri gara pentsatzen non sentitzen garen eroso eta non ez?».

Kazetaritzak ere lekua hartu du solasaldian. Jenofa Berhokoirigoin kazetariak ekologiarekin zerikusia duten hitzen erabileraren inguruan hausnartu du, eta uste du baikortasunez eta feminismoaren bidez «desazkundea» sustatu behar dela. Euskal Herria «urbanoegia» da harentzat, eta lurrarekiko konexio handiagoa aldarrikatu du. Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko harremanak estutzea ere gustatuko litzaioke.

Euskara ekofeminismoaren borrokan ere funtsezkoa dela uste du Lorea Agirrek: «Hizkuntza geure burua egiteko tresna bat da». Kapitalismoaren parte ez den heinean, sistemaren aurka egiteko ere balioko du, haren ustetan. «Pentsamendu berriak txertatzeko bidea izango da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.