«Imajinatzen duzu herri bat elkarterik gabe?». Galdera horri tiraka sortu du Eibe elkarteen ikerketa eta berrikuntzarako ekosistemak Elkar+ekin Gara ekinaldia, elkarteak zaintzeko eta haiei laguntza emateko helburuarekin.
Unai Lizaso Sanz Eibeko lehendakariaren arabera, «ezinbestekoa» da horrelako proiektu baten bitartez elkarteen lana «ezagutaraztea»; izan ere, gaur egungo gizartea «ez litzateke ulertuko» elkarterik edo herrigintzarik gabe. «Elkarteek herria babesten dute», adierazi du Lizasok, eta haiek «zaintzeko eta formatzeko» tresna da Elkar+ekin Gara.
Ia bi urtez aritu dira proiektua lantzen, eta urrian ezagutarazi zuten, Irrimarra bikote sortzaileak eta Gotzon Barandiaran idazleak egindako manifestuaren aurkezpenean. Eibeko lehendakariak azaldu duenez, konturatu ziren elkartegintza «nolabait gain behera» zihoala, batez ere jendearen parte hartzea jaisten ari zelako. Pandemiak, gainera, «areagotu» egin du kezka hori, baina, era berean, horrelako egoeratan «elkarteak zein garrantzitsuak diren ikusteko» ere balio izan du. Hori egiten baitu, azken finean, elkartegintzak: «Egoera ona denean, zerbitzuak ematen ditu, egitasmoak antolatzen ditu. Eta egoera txarra denean ere hor dago, askotan isil-isilik lanean. Hor dago, herritarren zerbitzura beti».
Eibe elkartearen «lehenengo plazaratzea» izan da Elkar+ekin Gara; herritar, eragile eta instituzioen aurrean egingo den «nolabaiteko sentsibilizazio kanpaina». Azaldu duenez, herritarrak elkartegintzan parte hartzera bultzatu nahi ditu proiektuaren bitartez,, baina, horrez gainera, elkarteen «bizitza erraztea» du xede; horretarako, «beharrezkoa» da formakuntza sustatzea. Izan ere, kezka eta behar «asko» dituzte: lan burokratiko «handia», komunikazio beharrak, azpiegiturekin lotutako arazoak...
Kezkatik ekintzara
Elkartegintza «sustatzeko» eta proiektua ezagutarazteko, bi ekintza antolatu dituzte 2022rako. Horien bitartez, «kezkatik ekintzara» pasatzeko ordua dela aldarrikatuko dute; besteak beste, herritarrak elkarteetan parte hartzera bultzatuz.
Alde batetik, hausnarketa gune bat sortuko dute: Elkarte Lab. Hainbat elkartetako 50-60 pentsona ingururekin foro bat osatuko dute, bakoitzak dituen kezka, behar eta hausnarketak mahai gainean jartzeko eta etorkizuneko erronkak identifikatzeko. Horrela, aurrera begira zer egin daitekeen aztertzeaz gainera, instituzioei zer eskatuko dieten planteatuko dute. Elkarte Lab egitasmoaren barruan bi bilera egitea aurreikusten dute.
Bestetik, Elkar+ekin Dantzan ekinaldia antolatu dute, herritarren eta instituzioen aurrean elkarteen eta boluntarioen garrantzia aldarrikatzeko. Hasieran, urtea dantzan hasteko asmoa zuten; urtarrilaren 2an egin nahi zuten. Baina koronabirusaren egoera dela-eta, martxoaren 20ra arte atzeratu behar izan dute. Euskal Herriko 50-70 herri eta eskualdetan milaka pertsona dantzan jartzea dute helburu, Mikel Laboaren Martxa baten lehen notak abestiaren erritmora. Olatz Salvadorrek eta Bihotx taldeak egin dute kantaren bertsioa, eta Aritz Salamanca dantzari eta koreografoak koordinatu du ildo artistikoa. Horrekin batera, koreografia erakusteko tutorial batzuk zabaldu dituzte. Hala ere, Lizasok adierazi du ez dela beharrezkoa dantzari «zehatz-mehatz» jarraitzea: «Jendeak sormenarekin beste zerbait egin nahi badu, zoragarri».
Abestiaren mezua «guztiz bat» dator proiektuaren filosofiarekin, Lizasok azaldu duenez: «Kantak transmititzen du elkarrekin indartsuago garela; elkarrekin gauza gehiago egin ditzakegula».
Proiektu bateratuak
Bi ekintzak elkarrekiko «independienteak» diren arren, nolabait lotu nahi izan dituzte, aldarrikapenak eta edukiak batera joan daitezen. Horregatik, denboran ondoan jarri dituzte: «Elkarte Laben lehenengo bilera dantzaren aurretik egingo da, eta bigarrena, ondoren».
Hausnarketa foroa eta dantza kolektiboa dira oraingoz prestatuta dauzkaten ekintzak, baina dagoeneko hasi dira beste batzuk planteatzen aurrerago egiteko, «elkarteak formakuntza mailan ere garatzeko».
Etorkizunaz, elkarteak erdigunean kokatuz
Elkarte eta boluntarioen lana aitortu eta zaintzeko asmoz, Elkar+ekin Gara ekinaldia sortu du Eibe elkarteak. Bi ekintza antolatu dituzte: elkartegintzari buruzko gogoeta foro bat eta dantza kolektibo bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu