Euskal unibertsitatea: nazionala, euskalduna eta herritarra. Eskaera hori izan zuten hizpide atzo Donostian egindako mahai inguruan: Euskal Unibertsitatea: auziak eta erronkak. UEU Udako Euskal Unibertsitateak antolatu zuen saioa, eta Lorea Agirre Jakin-eko zuendaria aritu zen moderatzaile lanetan. Galdera batekin abiatu zuen mintzaldia: «Gaur egun zer da unibertsitatea euskalduna, nazionala eta herritarra izatea?».
Ezaugarri horiez mintzatu ziren hiru hizlariak: Roldan Jimeno Aranguren NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zuzenbide Saileko irakaslea, Anjeles Iztueta Azkue Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburu ohia eta Xabier Landabidea Urresti Deustuko Unibertsitateko Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateko irakaslea. Guztiak UEUko kideak dira.
Hasteko, nazio ikuspegiaren haria hartu zuen Jimenok. Nafarroako Unibertsitate Publikoan lan egiten duen heinean, erakunde horren eta EHU Euskal Unibertsitatearen arteko elkarlana ongi ezagutzen du. Hala, gogoratu zuen Hego Euskal Herriko bi unibertsitate publiko horien arteko lanak oso eskasak direla. Izan ere, bere garaian, Espainiako Gobernuak sustatutako Nazioarteko Bikaintasun Campusaren zigilua lortzeko ez zuten bat egin, eta horrek mugatu egiten du gaur egun elkarrekin egin dezaketen lana. «Daukagun azpiegitura instituzionala zein den kontuan hartuta, egoera oso dramatikoa iruditzen zait», adierazi zuen euskal unibertsitate nazionalaren egoerari erreferentzia eginez. Iztueta ere ados agertu zen: «Asko egin dugu, baina asko gelditzen zaigu egiteko».
Landabidea, berriz, ikuspegi estrukturalista alde batera utzi, eta begirada positiboago batekin aritu zen: «Nirea izan da dena euskaraz ikasi duen lehenengo belaunaldia. Hori kontuan izanda, gaia ezin dut ezkortasunetik bakarrik begiratu; ez dut uste egia denik euskal unibertsitatearen proiektua porrota izan denik».
Alderdi positiboak azpimarratzea, baina, Landabidearen diskurtsoaren hasiera bertzerik ez zen izan. Euskal unibertsitatearen euskaldun ezaugarriaz galdetzean zalantzaz mintzatu baitzen: «Ez dakit hurbilago edo urrunago gauden». Izan ere, argi zuen gaur egun edozein gaiz mintzatu daitekeela euskaraz, bai unibertsitatean eta baita handik kanpo ere. Baina herritarrek beren bizitzaren planteamenduan euskararekiko zein jarrera duten ez du oso argi.
Konpromiso beharra
Izan ere, Landabidearen erranetan, «ezinak sortzen ditu grinak». Hortaz, garai batean zeuden ezintasunek zenbait dinamika sortu zituzten; egun, ordea, «lortutzat» eman dira zenbait aldarri. Unibertsitateko lankideek eta ikasleek euskararekiko jarrera «merkantilizatu» bat dutela erran zuen: «Alde horretatik, euskaraz aritzeak errentagarria izan behar du. Baina euskarak ez du errentatzen, askoz errentagarriagoa baita ingelesez edo gaztelaniaz egitea».
Bide horretatik jo zuen Iztuetak ere: «Euskarak militantzia behar du, konpromisoa. Oraindik arrisku handian baitago». Alde horretatik, gogoratu zuen azkenaldian anitz entzuten dela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan «bi hizkuntza ofizial» daudela, baina hori okerra dela. «Ahaztu egiten da euskara berezko hizkuntza dela, eta gainera gutxitua. Hori tapatu nahi dute zenbait alderdik».
Euskal unibertsitate herritarraren ideia, berriz, apenas izan zuten mintzagai, zalantza anitz sortu baitzituen kontzeptu horrek. Landabideak, erraterako, gogoratu zuen ez dagoela euskal unibertsitaterik, baina herri unibertsitateak egiteko saioak egon direla: UEU, adibidez. Jimenok, berriz, zalantzan jarri zuen unibertsitateak herritarra izan behar ote duen, gizarte osoa ordezkatzen ez duela argudiatuta.
Digitalerantz
Egungo egoeraren analisia eginda, galdera bakar bat zuten erantzuteko hiru hizlariek: gaur egun nolakoa izan behar du euskal unibertsitateak? «Digitala, baina ez arimarik gabea». Eztabaida bizkor baten ondoren, ondorio horretara iritsi ziren.
Iztuetak hasi zuen eztabaida, euskal unibertsitateak digitala izan behar zuela argi erranez. «UEU bezalako komunitate plural batetik sortu behar du». Eman beharreko pausoak ere azaldu zituen: «Talde eragile bat sortu behar da, eta, gutxienez, [Euskal Herriko] bi unibertsitate egon behar dira bertan. Horrez gain, erakundeetan dauden pertsonak behar dira, autoritatea dutenak; eta erakunde batzuen babesa ere ezinbestekoa da, ahal bada Eusko Jaurlaritzarena eta Nafarroako Gobernuarena».
Jimenok planteamendu hori onartu zuen, baina Landabideak zalantzak izan zituen. «Unibertsitate digitalarena ez dut uste konponbide bat denik, baina interesgarria da daukagun arazoari beste ikuspegi bat emateko». Haren erranetan, gakoa komunitate bat, sare bat eraikitzea da: «Euskaratik eta euskararentzat». Betiere UEUri aitortza eginda, 50 urte pasatu baititu «ereiten». Iztuetak itxi zuen berak hasitako eztabaida: «Egia da, konbinatu behar dira elkar ukitzea eta digitala izatea. Ez dugu eraiki nahi arimarik gabeko unibertsitate elektriko bat».
Etorkizuna sarean dagoelako
'Euskal Unibertsitatea: auziak eta erronkak' mahai ingurua egin du UEUk, Donostian. Egoera aztertuta, ondorioztatu dute unibertsitateak digitala eta komunitarioa izan behar duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu