Joanmari Larrarte. BERRIA Taldeko kontseilari ordezkaria

«Etorkizuna duen proiektua da BERRIA, garai zailak bizi arren»

Hamar urte igaro eta gero, bihar utziko du BERRIA Taldeko kontseilari ordezkari kargua Joanmari Larrartek. Dena den, administrazio kontseiluan jarraituko du beste urtebetez, ondorengoari laguntzen. Komunikazio taldean bestelako lanetan hasiko da gero.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
Andoain
2013ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
«Konbentzituta nago egunero egiten dugun lana ona dela. Eskuragarri jartzen ditugun produktuak onak direla». Joanmari Larrarterenak (Hernani, Gipuzkoa, 1967) dira hitzak. Larrarte baikor da BERRIA Taldearen proiektuaren etorkizunaz.

BERRIA Taldeko administrazio kontseiluko kontseilari ordezkari kargua uztera zoaz hamar urteren ondoren. Zein balorazio egiten duzu?

Ez da erraza hamar urteko balorazioa labur egitea. Baina esango nuke, zailtasun guztien gainetik, sendotasun bat zuen proiektu bat itxi zutela 2003an [Egunkaria]. Berehala asmatu genuen, ordea, haren ondorengoa izango zen egitasmo bat abian jartzen. Denok dakigu nola sortu zen BERRIA. Hamar urte igaro eta gero, zailtasun asko dituen proiektua da, baina baita etorkizuna duena ere. Hasieratik ahalegin handia egin izan da euskaraz bizi nahi dugunontzat komunikazio tresna sendoak sortzeko. Hori da garrantzitsuena, produktu zabal bat eskaintzea. Izan ere, beti egon izan da mito bat, euskarazko egunkari bakarra izanda, euskaldun guztiak harrapatu behar dituela. Baina hori pentsaezina da. Gure apustua izan da oso diferenteak diren produktuak eskaintzea, ahalik eta jende gehien erakartzeko.

Egungo proiektuak etorkizuna duela esan duzu, baina baita zailtasunak ere. Azken urtea nola joan da?

Ukaezina da garai oso zailak bizitzen ari garela. Bai krisi ekonomikoa eta bai paperezko hedabideak jasaten ari diren krisia zuzenean ari zaizkigu eragiten. Diru laguntzak eta, batez ere, publizitatea jaitsi egin dira. Gainera, ez dakigu prentsa idatziak zein leku izango duen etorkizunean; Internet nabarmen gailentzen ari zaio. Horren ondorioz, zoritxarrez, diru galerekin amaitu dugu aurten ere. Eusko Jaurlaritzak urte amaierarako hitzemanda zigun diru laguntza iritsi izan balitz, urtea galerarik gabe amaituko genukeen. Baina ez da horrela izan. Oso urte zaila eta konplikatua izan da, eta oso neurri gogorrak hartu behar izan ditugu: hainbat lanpostu kendu, soldatak murriztu... Ikaragarria izan da langileek erakutsi duten adorea eta aurrera egiteko gogoa murrizketen aurrean.

Baina berrikuntzak egiteko eta etorkizunera begiratzeko urtea ere izaten ari da aurtengoa, ezta?

Bai. Ez dago beste modurik gauzak egiteko eta bideratzeko. Sakelako telefonoetarako aplikazioekin abiatu gara, eta BERRIAk edizio digital berritua izango du urtea amaitu baino lehen. Garai zailenetan ere, proiektu batek aurrera egin nahi badu, beti planteatu behar ditu berrikuntzak. Horretarako gaitasuna erakutsi dugu.

Proiektuak etorkizunean ere sendotasuna izan dezan landu den beste egitasmo bat BERRIAlagunen komunitatea izan da. Zein emaitza lortu dira?

BERRIAlagunaren kontzeptua oso ondo txertatu eta zabaldu da gizartean. Jendeak ondo ulertu du BERRIA bezalako proiektu bat denon artean atera behar dugula aurrera. Pixkanaka hazten eta sendotzen jarraitzen duen egitasmoa da. Etorkizunera begira, gure apustu garrantzitsuenetakoa izan da komunitatea. Baina diru sarrerak lortzeko abian ditugun beste bideak alde batera utzi gabe: diru laguntzena, publizitatearena, zerbitzuena...

Krisi garaian, elkarlanean aritzea erabaki dute euskarazko hedabideek, eta Hekimen elkartea sortu zuten azaroan. Nolako bidea ari da egiten?

Ziurrenik, Hekimen sortzea izan da azken urteetan euskarazko hedabideek egin dugun urratsik sendoenetako bat. Ezinbestekoa zen horrelako erakunde bat edukitzea. Baditugu elkarrekin landu eta borrokatu behar ditugun kontu asko. Instituzioek ondo hartu dituzte Hekimenen planteamenduak. Ekintzekin ikusi behar dugu hori nola gauzatuko den.

Baikor zara?

Erakundeek erronka asko dituzte, baina, euskarazko hedabideei dagokienez, planteatu eta esan beharko dute estrategikotzat hartzen dituzten. Hala hartzen badituzte, inbertsioak egin beharko dituzte. Askok esango didate krisi garai honetan ezin dela. Baina erantzungo diet herri honetan, krisi garaietan ere, proiektu bat estrategikotzat jotzen denean dirua eta baliabideak jartzen direla. Euskarazko hedabideak errealitate horretara ekartzen ez baditugu, ez dugu etorkizun xamurra izango. Ez gara ari, gainera, hedabide eta lanpostu batzuen galeraz bakarrik. Herri honen euskalduntze prozesua bera ere kolokan jar daiteke. Erakundeen aldetik bestelako politika batzuk espero behar ditugu.

Zein gomendio emango dizkiozu zure ondorengoari?

Lehenik, esango nioke garai zailak direla, baina aurrera begiratu behar dela. Ezin dela etsipenean erori. Bigarrenik, esku artean dugun proiektua oso garrantzitsua dela euskararentzat, herri honentzat. Kontzientzia horrekin lan egin behar da. Hirugarrenik, BERRIA Taldea osatzen dugun guztiokin ahalik eta konplizitate handiena lortzeko. Hori egiten badu, etorkizuna izango du.

Administrazio kontseiluko lehendakari berria ere izendatuko dute bihar.

Iaztik zegoen aurreikusita. Tartean Joxanen [Lizarribar] heriotza gertatu zen. Nik ulertzen dut baldintza hauetan lehendakaritza hartzea ez dela baldintza normaletan hartzea bezala. Baina ziur nago lehendakari berriak jakingo duela bere izateko modua islatzen. Gurea bezalako proiektu batean noizean behin aldaketak egitea beti da ona. Bide ematen du bestelako ilusio batzuk sortzeko.

BERRIA egiten dutenei zer esango zenieke?

BERRIAk etorkizuna izango du, proiektuarekiko duten loturari eusten badiote. Eusteko eskatuko nieke, bi arrazoirengatik: bat, euskarazko hedabide nazional bat beharrezkoa dugulako; eta bi, konbentzituta nagoelako egunero egiten dugun lana ona dela. Eskura jartzen ditugun produktuak onak direla.

Ikusi elkarrizketaren bideoa BERRIAren webgunean: www.berria.info
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.