Euskara. Uema. Jokin Azkue. Tolosako Euskara zinegotzia

«Etorkizuna baduela ikusten badugu, ikusiko dugu zer urrats egiten ditugun»

JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
Garikoitz Goikoetxea.
2015eko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Ueman jarraitzeko erabakia udal taldeak berak hartu duela azaldu du Jokin Azkue zinegotziak (Asteasu, Gipuzkoa, 1961), agindurik ez dutela jaso alderdiaren aldetik.

Zer asmo urtebete honetarako?

Orain dela hamabost egun Euskara Batzordean esan genuen Tolosako Udalari ez ziola inolako balio erantsirik ematen Uemak. Tolosan badugu euskara zerbitzu indartsu bat, euskaltegia... Ez genuen ikusten balio erantsirik zegoenik. Uemak ere ez du bestelakorik eman. Ateratzea proposatu genuen. Iritzi kontrajarriak suertatu ziren. Guk esan genuen birpentsatuko genuela, baina ez genuela ikusten aukera handirik.

Tarte horretan Uemak bidali digu zer eskaintza egingo ligukeen, beste inork eskainiko ez lukeena. Uemarekin ez dugu hitz egin oraindik. Zenbait zerbitzu planteatzen dira, eta hitz egingo dugu bide hori nola jorratu. Ikusten badugu baduela etorkizuna, ikusiko dugu zer urrats egiten ditugun.Hori da hartzen dugun konpromisoa. 2016an Ueman jarraituko dugu, eta ea zer bide egiten dugun. Horrek erakutsiko digu aurrerantzean zer izango den.

Ateratzeko atea ez dago itxita.

Ez. Planteatzen dugu 2016an jarraitzea. Gero aztertuko dugu.

Uemaren batzarrerako ordezkaririk izendatuko duzue orain?

Ez dugu oraindik ezer erabaki. Aurren-aurrena nahi duguna da Uemako zuzendaritzarekin bildu, eta ikusi egin duten eskaintza nola gauzatu litekeen eta horko zerbitzuekin zerekin gauden ados eta zerekin ez. Gero aztertuko dugu. Bidea egin egin beharko da.

Oinarria arazo teknikoa da, edo badago osagai politikoa ere?

Ez ditugu planoak era horretan bereizi behar. Ueman egotea edo ez egotea udalbatzak erabakitzen du; erabaki politikoa da. Baina erabaki politiko hori sostengatu behar da txosten tekniko batean. Esparru teknikoari erreparatzen badiogu, nahikoa da irakurtzea Uemaren estatutuak, zer zerbitzu eskaintzen dituen, nori eskaintzen zaizkien. Hor Tolosak ez dauka leku garbi bat. Hori gertatzen da, azken batean. Ueman sartzeko erabakia hartu zenean, Inaki Irazabalbeitia Euskara zinegotzi zenak esaten zuen erabaki politikoa zela. Erabaki politiko horrek behar du sostengu teknikoa, eta ez dauka. Hemen euskarako azpiegitura handiak ditugu. Uemak egin digu zerbitzu teknikoen eskaintza bat. Baldin badago adostasun bat, hor euskarri tekniko bat egongo da. Horren baitan dator erabaki politikoa.

Jarrera aldaketa bat egon da hamabost egunean udal taldean?

Orain bi aste ateratzea proposatu genuen, eta orain pentsatu dugu jarraitzea. Guk geuk proposatu genuen ateratzea.

Alderdiaren aldetik aholkurik edo agindurik jaso duzue?

Ez. Udalaren erabakia izan da. Udalak askatasun osoa izan du erabakia hartzeko. Badira atera direnak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.