Etorkizun politikoaz eztabaidatzeko parada

'Berrikuntza politikoa: konstituzio erreforma, autogobernua, erabakitze eskubidea eta independentzia' EHUko udako ikastaroa izango da uztailean.«Eztabaida gizartean zabaltzeko unea da»

Etxarri Aranatzen (Nafarroa) iazko apirilean Euskal Herriaren independentziaren alde antolatutako herri galdeketan, orduko alkate Joxi Bakaikoa botoa ematen. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
enekoitz esnaola
2015eko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Igandean, milaka eta milaka lagun bildu ziren Iruñean, Baionan, Gasteizen, Bilbon eta Donostian erabakitzeko eskubidearen alde, etorkizun politikoa erabakitzeko duten eskubidea aldarrikatuz. Pare bat astera, EHUko udako ikastaroetan, besteak beste erabakitzeko eskubideaz ariko dira zenbait aditu, Berrikuntza politikoa: konstituzio erreforma, autogobernua, erabakitze eskubidea eta independentzia izenburupean. Uztailaren 9an eta 10ean izango da, Donostian, Miramar jauregian. «Unea da eztabaida euskal gizartean zabaltzeko», dio ikastaroaren zuzendarietako batek, Igor Calzada Oxfordeko Unibertsitateko (Ingalaterra) irakasleak —Jokin Bildarratz EAJko senataria da beste zuzendaria—. «Garaia dugu gai estrategiko guztiez guztien artean hitz egiteko, betorik eta baldintzagairik gabe. Sortzeko garaia da, gizartea berriro ez dadin pitzatu eta aurrera egin dezagun herri gisako proiektu partekatu batekin. Ezberdinen arteko zubiak dira gure gizarte kapital gorena».

Ikastaroaren aurkezpen idatziak dakarrenez, hartarako beharrezkotzat dute azterketa politiko bat bideratzea, hura betiere «modu kritiko, diziplinarteko, estrategiko eta modu barneratzaile batean» eginda; «alegia, berrikuntza politikoaren unea da, egungo eta etorkizuneko eztabaida politikoaren ardatz estrategiko zeharkakoa baita». Ikastaroaren zuzendariek diotenez, «berrikuntza politikoaren gakoak dira oinarriak, metodologiak, kasuak eta nazioarteko konparazioa, eta Euskal Herriaren erronkak».

Donostiako ikastaroan aztertuko dituzte, besteren artean, ustez Espainiako Estatuan irekitzen ari den eztabaida konstituzionala; eskualdeen Europa eta estaturik gabeko nazioen aukerak; subiranotasuna eta nazio kontzeptuak —«berrikusi behar al dira?»; erabakitzeko eskubidea gauzatzeko aukerak; eta burujabetzaren, autogobernuaren eta independentziaren inguruko harremanak.

Segitzeko asmoa

Euskal politikagintzako arduradun nagusietakoek, Gure Esku Dago-k, akademia arloko zenbait adituk eta jurista batzuek hartuko dute parte. Aniztasuna bermatu nahi izan dute antolatzaileek. Datozen urteetan segitzeko asmoa daukate, halako gaien inguruan bestelako perspektiba bat izateko, egunean eguneko politikak ez baldintzatzeko eta «eragileen eta hiritarren arteko hausnarketaren zubigintza aktiboa bideratzeko».

Gipuzkoako Foru Aldundia eta HAEE Herri Administrazioaren Euskal Erakundea dira ikastaroaren laguntzaileak. Euskaraz eta espainolez izango dira saioak.

@ Ikastaroaren zuzendarietako Igor Calzadari egindako elkarrizketa irakur daiteke Berriaren atarian:

www.berria.eus
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.