Bilgune Feministako kideak

Ekhiñe Petriati eta Ainhoa Olaso: «Etorkizun desiragarriak imajinatu eta horiek lurreratzeko asmoa dugu»

Emakume Abertzaleon X. Topaketa Feministak egingo dituzte bihar, Laudion. Etorkizunaren inguruan espekulatzeko talde ariketa bat egingo dute, baita trantsizio feminista nola irudikatzen duten hausnartzeko ere.

Ekhiñe Petriati eta Ainhoa Olaso Bilgune Feministako kideak, Donostian. JON URBE / FOKU
Ekhiñe Petriati eta Ainhoa Olaso Bilgune Feministako kideak, Donostian. JON URBE / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
Donostia
2024ko azaroaren 15a
05:00
Entzun

Mugimendu feministaren barruan eta herri mugimenduan oro har «noraez sentsazio orokortu bat» sumatu du Bilgune Feministak, Ekhiñe Petriati (Iruñea, 1997) eta Ainhoa Olaso (Durango, Bizkaia, 1996) kideek azaldu dutenez. Horri aurre egiteko eta itxaropenerako bideak irudikatzeko, Emakume Abertzaleon X. Topaketa Feministak egingo dituzte bihar, Laudion (Araba). Bostehun lagunek euren ilusio eta utopiak plazaratuko dituzte.

Bi urtean behin antolatzen dituzte topaketak. Aurten, alderdi askotatik, «Euskal Herri feminista eta burujabe bat» irudikatzea izango dute helburu, hori baita aurtengo leloa: Trantsizio feminista dimentsio guztietan. Egun osoko egitaraua antolatu dute horretarako. Goizean, kapitalismoaren bukaeraz hitz egiteko solasaldia egingo dute, eta ariketa performatibo kolektiboa izango dute gero. Bazkalostean ekingo diote talde ariketari, eta, ekitaldi politikoaren ostean, festarekin amaituko dute eguna.

Gaur egungo erronkei galderak eta erantzunak bilatzea da topaketen helburua. Zeintzuk dira aurtengo erronkak?

AINHOA OLASO: Topaketak prestatzeko, Euskal Herriko egoeraren eta mugimendu feministaren eta herri mugimenduen analisi bat egin genuen. Noraez sentsazio orokortu bat sumatu genuen, eta onartu krisi anizkoitzak gorrotoa, egoismoa eta etsipena iradokitzen dituela. Ondorioztatu genuen momentu bat behar genuela geroan pentsatzeko eta denok batera espekulatzeko. Gure militantzia askotan eguneroko borrokara mugatzen dugu; besteak beste, bizi erritmoengatik. Biharko eguna baliatu nahi dugu denok batera gure ilusioak eta utopiak partekatzeko.

EKHIÑE PETRIATI: Angela Davisek esaten duen bezala, itxaropena bada diziplina. Hori eragin nahi dugu kideongan: itxaropena eta lanean jarraitzeko grina sustatu nahi dugu, baita borrokatzeko motibazioa ere.

Nola egingo duzue hori?

OLASO: Espekulazio ariketa bat egingo dugu. Euskal Herri feminista eta burujabe bat imajinatuko dugu, hemendik urte batzuetara, dimentsio diferenteetan. Hori da leloa: Trantsizio feminista dimentsio guztietan. Beste ariketa bat ere egingo dugu, irudikatutakoa lurreratzeko. Utopiak imajinatzea garrantzitsua da, baina jakin behar dugu nondik hasiko garen eta zein tresna eta lan ildo ditugun ere. Espekulazioari tarte handia emango diogu, baina baita lurreratzeari ere.

PETRIATI: Etorkizun desiragarriak imajinatu eta horiek lurreratzeko asmoa dugu. Eta trantsizio feminista hori nola irudikatzen dugun hausnartzekoa.

«Angela Davisek esaten duen bezala, itxaropena bada diziplina. Hori eragin nahi dugu kideongan: itxaropena eta lanean jarraitzeko grina sustatu nahi dugu»

EKHIÑE PETRIATI
Zeintzuk dira trantsizio feministaren lehentasunak?

OLASO: Trantsizio gisa planteatzen dugu bide bat dela uste dugulako. Desilusioak ortzi muga distopikoa sustatzen du: badirudi kapitalista eta heteropatriarkala izango dela etorkizuna. Guk, berriz, imajinatu nahi dugu Euskal Herri burujabe eta feminista bat dela ortzi muga. Hori lortzeko, trantsizio feminista da bidea. Estrategia da bidea pixkanaka egitea, burujabetza horiek dimentsio guztietan lortzeko.

Badakigu akatsak egingo ditugula, baina akatsetatik ere ikasten dugu. Bilgune Feministaren ibilbidean hori izan da gakoa. Gure diskurtsoa eta praktika transformatuz joan gara, interpelatu gaituztelako edota kideekin elkarrizketak izan ditugulako. Beste zapalkuntza batzuk kontuan hartzeko interpelatu gaituzte, besteak beste, LGTBI kideek eta kide migratu eta arrazializatuek. Mugimendu feministak agentzia politikoa irabazi behar du, eta gaitasuna eduki hausnarketa askotarikoak sustatzeko. Oraintxe oso hausnarketa indartsuekin dabil: indarkeriak, zaintza, antirrazismoa, migrazio politikak, transfeminismoak...

Zergatik dira garrantzitsuak topaketak feministentzat?

PETRIATI: Egunerokoan oso murgilduta gaudenez, horrelako espazioek aukera ematen digute ikusteko Euskal Herriko hainbat txokotan jendea gogotsu dabilela lanean. Horrek energia ematen digu aurrera jarraitzeko, eta sinesteko hori dela bidea.

Bilgune Feministak 20 urte bete zituenean –2022an–, esan zenuten mugimendu feminista ahulago zegoela. Gaur egun, nola dago?

OLASO: Pandemiaren ostean, mugimendu askotan gertatu zen hori. Orain, baina, aldatu egin da mugimendu feministaren egoera. Pandemiaren ondoren, zaintzaren ildoak hartu zuen indarra. Iazko azaroaren 30eko greba feminista orokorra inflexio puntu bat izan zen. Prozesu hori oso politikoa izan zen, eta Euskal Herriko Mugimendu Feminista artikulatzeko ere oso indartsua izan zen.

«Mugimendu feministak agentzia politikoa irabazi behar du, eta gaitasuna eduki hausnarketa askotarikoak sustatzeko»

AINHOA OLASO

Egun, mugimendu feministak gaitasuna du egoeraren analisi bat egiteko zaintza lanen pribatizazioaren, feminizazioaren eta arrazializazioaren inguruan, eta gaitasuna du proposamen eraikitzaile eta interpelatzaileak egiteko. Horrez gain, Mundu Martxak hainbat diskurtso landuko dituen nazioarteko ekintza bat egingo du, eta, iaz, hainbat urteren ostean, Bollotopaketak antolatu ziren. Kontu asko daude esku artean.

Hain justu, topaketak egin eta bi astera, urtebete beteko da greba feminista orokorretik. Nolakoa izan da urte hau?

PETRIATI: Ikusi dugu mugimendu feminista geroz eta saretuago dagoela. Egia da greba aurrera eramateko aktibatu zena ez dela intentsitate berarekin mantendu. Halere, badoa aurrera. Bilbon, Zaintzen Herria egingo dute egun horretan. Mugimendu feministak gogora ekarriko du ez garela grebaz ahaztu, eta jarraituko dugula zaintza sistema publiko eta komunitarioaren alde lanean.

OLASO: Mugimendu feministak bere egin du borroka hau. Gure arduretako bat da gainerako eragileek euren gain hartzea borroka hori. Sindikatuekin, adibidez, lanean jarraitu dugu. Grebaren bueltan egindako beste aliantza indartsu bat izan da mugimendu feministaren eta etxeko eta zaintza langileen artekoa. Horrek guztiak martxan jarraitu du, ildo horretan lanean aritu garen eragileok horrela nahi izan dugulako. Beste kontu bat da arduradunek zer mugimendu egin dituzten. Kasu horretan, interpelatzen jarraitzeko arrazoiak besterik ez ditugu ikusten, eta horrela jarraituko dugu. Grebaren urteurrenean, zintzilik ditugun hausnarketei eutsiko diegu, baina interpelatzen ere jarraituko dugu, uste baitugu zaintza eskubide kolektiboa bermatu behar dela zaintza sistema publiko baten bidez. Lehentasunezko aldaketak gertatu behar dira, horietako asko erakundeek bultzatuta. Ardura bat egon behar da, eta oraingoz ez du inork hartu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.